Noticias

Atrás

Eskualdearen turismo eskaintza ezagutzera emateko workshopa egin zen martxoaren 15ean Orioko Arraunetxen

Bidaia agentziak eta turismo gidariak gure eskualdeko turismo enpresekin elkartu ziren.

19·03·2018


Joan den martxoaren 15ean workshopa egin zen Orioko Arraunetxen, eskualdearen turismo eskaintza bidaia agentziei eta turismo gidariei ezagutzera emateko.

2018an hainbat ekimen bideratuko ditu eskualdeko Turismoa Dinamizatzeko Mahaiak, gure eskualdearen turismo eskaintza bidaia agentziei, gidariei eta turismo arloko profesionalei ezagutzera emateko. Joan den martxoaren 15ekoa izan da aurtengo lehen ekimena.

Lan-saio edo workshop horretan 23 pertsona elkartu ziren: batetik, gure eskualdeko turismoaren arloko enpresak, bestetik, Euskadiko bidaia agentzia eta turismo gidariak eta, azkenik eskualdeko turismo bulegoetako eta Udal Elkarteko ordezkariak.

Lan-saio horretan, bidaia agentziek eta turismo gidariek aukera izan zuten gure eskualdearen turismo eskaintza bertatik bertara ezagutzeko, zerbitzu horiek eskaintzen dituzten enpresen eskutik. Horrekin batera, aukera izan zuten Arraunetxeko instalazioak bisitatu eta ezagutzeko.