Noticias

Atrás

Lankidetza-hitzarmena sinatu dute UEMAk eta Urola Kostako Udal Elkarteak, euskara turismo eskaintzaren ikur eta marka gisa lantzeko

1
Azaroaren 7an sinatu dute hitzarmena, bi erakunde publikoen izenean, Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Igor Iturainek eta UEMAko lehendakari Josu Labakak.

08·11·2017


2018-2020 urteen artean Urola Kostako Turismoa Dinamizatzeko Plana diseinatu eta garatuko du Udal Elkarteak, eta plan horretan “euskara turismo eskaintzaren ikur eta marka gisa lantzea” adostu dute hitzarmen honetan. Era berean, “euskara gure ondarea dela eta bisitariei ondare bezala ezagutzera eman behar zaiela” ere nabarmendu dute. Bi ordezkariak gustura agertu dira lankidetzarako adostu dituzten baldintzekin eta konpromisoekin, “turismoaren arloan euskararen erabilpena eta presentzia areagotzeko eta lantzeko” urrats garrantzitsua delako erakunde publikoen artean.

Pasa den udaberriaz geroztik, euskara turismo eskaintzan nabarmentzeko eta babesteko lanean ari da UEMA, hainbat udalerrirekin batera. Turismoak hizkuntzen erabileran duen garrantziaz ohartuta, eta euskara ondare bezala erakusteko urrats berriak garatu eta landu behar direla sinetsita, lantaldea osatu zuen UEMAk udaberrian, bertako kide diren herrietako euskara teknikariekin, eta lanean ari da harrezkero. Lantaldeak abiarazitako lanen eta ekimenen oinarrian, hainbat gogoeta daude. Besteak beste, euskara eskaintza turistikoaren ardatzetako bat izatea, monumentu historikoak, gastronomia edota baliabide naturalak nabarmentzen diren modu berean. Ildo horretan, zenbait herrik bereziki landu dute azken hilabeteotan gai hau, baina gaur sinatu den lankidetza-hitzarmena da gai honi berariaz heltzen dion lehenengoa.

Lankidetzara heltzeko, bi aldeek bat egin dute zenbait gogoetatan. Hitzarmenean aipatzen diren honakoetan, zehazki:

  • UKUEko udalerriak eta, bereziki, hitzarmen honi dagokionez, Urola Kosta bailarakoak (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia) arnasgune dira euskararentzat eta, aldi berean, euskara udalerri horien eta bertako herritarren nortasun eta izaeraren ikur funtsezkoa da.
  • Urola Kosta Udal Elkarteak argi du euskara gure ondarea dela eta ondare bezala ezagutzera eman behar zaiela bisitariei.
  • Aipatutako udalerriek (udalek eta turismoaren sektoreko enpresa, eragile eta pertsonek) ahalegin handia egiten dute, turista eta bisitarien hartzaile direnez, ahalik eta eskaintzarik egoki eta erakargarriena egiteko eta bailararen ikur eta altxor diren jarduera eta esperientziak landu eta eskaintzeko.
  • Turismo eskaintza ezagutzera emateko euskarrietan hainbat hizkuntza erabiltzen ditu UKUEk, baina ez da, horrez haratago, euskara turismo eskaintzaren ikur bilakatzeko ahalegin landurik egin.
  • UEMAk ezagutza eta eskarmentu handia du euskararen normalizazioarekin lotura duten gaiak lantzen eta, besteak beste, turismo arloari buruzko lanketa egiten ari da. Halaber, UKUEk eta Turismoko Lantaldeak ezagutza eta eskarmentua du turismoa sustatzeko tokiko ekimenetan.

Behin gogoeta horretan bat eginda, bi aldeek beste urrats bat egiteko nahia eta beharra nabarmendu dute, eta horretarako sinatu dute lankidetza-hitzarmena, “turismoaren arloan euskararen erabilpena eta presentzia lantzeko”. Hitzarmenak urtebeteko iraupena izango du, eta beste urtebetez luzatu ahal izango da, bi aldeek horrela erabakiz gero.

Hitzarmena bideratzeko, bai UEMAk eta bai UKUEk konpromiso zehatzak hartu eta adostu dituzte. Honakoak:

UEMAren egitekoak:

Urola Kostako Turismoaren Dinamizazio Planaren diseinu eta garapen prozesuen baitan, aholkularitza eskaintzea eta UEMAko lan taldeak zehaztutako lan ildoekin bat egiten duten ekimenak gauzatzea:

  • Hizkuntz irizpideen aplikazioa bisitarientzako euskarrietan.
  • Eskualdeko bisitariei buruzko hizkuntz azterketak.
  • Eskaintza turistikoaren baitan euskarrien argitalpena.
  • Urola Kostako Turismoko Lantaldean parte hartzea, gorago aipatutako gaiak lantzen direnean.
  • Aipatutako egitekoak burutuko dituzten teknikari edo kideak izendatzea.
  • Hitzarmenaren amaieran memoria aurkeztea, egin eta bideratutako jarduerak laburbilduko dituena.

UKUEren egitekoak:

  • Urola Kostako Turismoa Dinamizatzeko Plana diseinatu eta garatzeko prozesuan euskara turismo eskaintzaren ikur eta marka gisa lantzea.
  • UKUEk UEMAri, emandako aholkularitza eta laguntzaren ordain gisa, 10.000,00 euroko ekarpena egitea.
1