Noticias
Atrás

Martxan da Mintzalagun programa

Ikasturte hasierako ekitaldia Orion izango da, Kultur Etxean; azaroaren 14an, 18:30ean

12·11·2019


19 talde, 80 mintzalagun

Ekin diogu ikasturte berriari eta, hamaikagarren urtez jarraian, abian da Urola Kostako Mintzalagun programa: astean behin hitzordua bidelari eta bidelagunek, euskaraz aritzeko. Ikasturte honetako leloa da “Praktikatu eta bizi”, euskaraz egin eta euskaraz bizi.

Urrian zehar izena eman eta taldeak osatuta, martxan dira asteroko hitzorduak. 19 talde osatu dira (Zumaian 3, Orion 2 eta Zarautzen 14) eta, guztira, 80 pertsona ari dira euskara praktikatzen.

Hasierako ekitaldia Orion

Ohi bezala, taldeak osatu ondoren, hasierako ekitaldia egingo dugu. Oraingoan Orion egingo dugu: Kultur Etxean, azaroaren 14an, 18:30ean.

Hasierako ekitaldi horretan “Beldurrezko ipuinak” izeneko kontakizuna eskainiko du Apaxi ipuin kontalari zarauztarrak.

Urola Kostan 11 urte

2009an ekin genion Mintzalagun Programari. Ekimena Urola Kostako Udal Elkartearena eta eskualdeko udalena da. Programa antolatzen eta jarraipena egiten parte hartzen dute Urola Kostako AEKk, Zarauzko Udal Euskaltegiak eta udaletako eta Udal Elkarteko euskara zerbitzuek. Programa dinamizatzeko lanak Urola Kostako AEKk egiten ditu.

Programaren bilakaera ona izan da eta partehartzaile kopuruak gora egin du. 2009an 41 mintzakiderekin hasi ginen eta azken urteotan urtero 20 talde inguru eta 75-80 pertsonak hartu dute parte.

Argibideak jasotzeko edo izena emateko:

Taldeek ikasturteari ekin badiote ere, zabalik dago izen-ematea.

 

Honako telefono eta helbideetara jo dezakezue argibideak jasotzeko eta izena emateko:

  • Urola Kostako AEK euskaltegia; Zarauzko Udal Euskaltegia
  • Telefonoz: 625 485 215
  • Emailez: urolakosta@aek.eus