Noticias
Atrás

Martxan da Mintzalagun programa

Egitasmoak euskaraz dakiten pertsonak (bidelagunak, alegia) euskara ikasten ari direnekin (bidelariak) elkartzen ditu, astean ordubetez, euskaraz aritu daitezen.

25·09·2020


Ekin diogu ikasturte berriari eta abian da 2020-2021 ikasturteko Urola Kosta mailako Mintzalagun Programa. Egitasmoak euskaraz dakiten pertsonak (bidelagunak, alegia) euskara ikasten ari direnekin (bidelariak) elkartzen ditu, astean ordubetez, euskaraz aritu daitezen.

Mintzalagun ekimena aukera ezin hobea da euskara praktikatu nahi, baina norekin egin ez dutenentzat. Aldi berean, oso egitasmo interesgarria da euskaraz lagun berriak egin eta euskara ikasten ari direnei lagundu nahi dieten herritarrentzat. 

Mintzalagun programa: zer da?

Mintzalagun Programak euskaraz dakiten pertsonak (bidelagunak, euskaldun zaharrak) euskara ikasten ari direnekin (bidelariekin, euskaldun berriekin) elkartzen ditu astean ordubetez euskaraz hitz egin dezaten. Zer lortzen dugu?

  • Bidelariak, euskaldun berriak: euskaraz hitz egiteko aukera du, bertako hizkera ezagutu eta ikasteko; jendea ezagutzeko eta euskaraz aritzeko harreman-sarea zabaltzeko aukera du.
  • Bidelagunak, euskaldun zaharrak: euskaldun berriei lagundu, bertako hizkera erakutsi, egiten ari diren ahalegina saritu eta aitortu…

Eman izena!

Zabalik da Mintzalagun programan parte hartzeko izen-ematea. Honako telefono eta helbideetara jo dezakezue argibideak jasotzeko eta izena emateko:

  • Urola Kostako AEK euskaltegia; Zarauzko Udal Euskaltegia
  • Telefonoz: 625 485 215
  • Emailez: urolakosta@aek.eus
  • http://mintzalagun.blogspot.com
  • https://www.facebook.com/mintzalagunak.gara

12 urteko ibilbide oparoa

Urola Kostan 2009an ekin zitzaion Mintzalagun Programari eta harrezkero, ibilbide emankorra izandu egitasmoak. Ekimena Urola Kostako Udal Elkartearena eta eskualdeko udalena da. Programa antolatzen eta jarraipena egiten parte hartzen dute Urola Kostako AEKk, Zarauzko Udal Euskaltegiak eta udaletako eta Udal Elkarteko euskara zerbitzuek. Programa dinamizatzeko lanak Urola Kostako AEKk egiten ditu.

Programaren bilakaera ona izan da eta partehartzaile kopuruak gora egin du. 2009an 41 mintzakiderekin hasi ginen eta azken urteotan urtero 20 talde inguru eta 75-80 pertsonak hartu dute parte.