Noticias
Atrás

Martxan da Mintzalagun programa

Ikasturte hasierako ekitaldia Zarautzen izango da, Antoniano Aretoan; azaroaren 12an, 19:00etan: “Euskañolitis” bakarrizketa, Oihan Vegaren eskutik

10·11·2020


Ekin diogu ikasturte berriari eta, hamabigarren urtez jarraian, abian da Urola Kostako Mintzalagun programa: astean behin hitzordua bidelari eta bidelagunek, euskaraz aritzeko. Urrian zehar izena eman eta taldeak osatuta, martxan dira asteroko hitzorduak. Dagoeneko 15 talde osatu dira (Zumaian 1, Orion 2 eta Zarautzen 12) eta, guztira, 55 pertsona ari dira euskara praktikatzen.

Taldeek ikasturteari ekin badiote ere, zabalik dago izen-ematea. Honako telefono eta helbideetara jo dezakezue argibideak jasotzeko eta izena emateko:

  • Urola Kostako AEK euskaltegia; Zarauzko Udal Euskaltegia
  • Telefonoz: 625 485 215
  • Emailez: urolakosta@aek.eus 

Online ere bai

Aurtengo ikasturtean, gainera, berrikuntza bat izango du ekimenak. Urruntze sozialeko neurriak direla eta, zaildu egin da taldeetan elkartzea. Horregatik, aurtengo ikasturtean ekimenean online parte hartzeko aukera eskainiko da. Funtsean, mantendu egingo da programaren dinamika; alegia, euskaraz dakiten pertsonak (bidelagunak) euskara ikasten ari direnekin (bidelariak) elkartuko dira, baina nahi izatera ordenagailu, tablet edo telefono bitartez, online.

Hasierako ekitaldia Zarautzen: “Euskañolitis”

Ohi bezala, taldeak osatu ondoren, hasierako ekitaldia egingo da; Zarautzen: Antoniano Aretoan, azaroaren 12an, 19:90etan. Hasierako ekitaldi horretan “Euskañolitis” izeneko bakarrizketa eskainiko du Oihan Vegak. Bakarrizketa dibertigarri eta ironikoa da; zehazki, gonbidapen umoretsua jendeak euskararen erabileraren inguruko hausnarketa egin dezan.

Covid-19aren hedapena saihesteko helburuarekin hainbat neurri indarrean direla eta, aurtengo ikasturte hasierako ekitaldira Mintzalagun programan izena eman duten zarauztarrek baino ezin izango dute gerturatu. Zarauzko Udal Euskaltegiko ikasleek ere bakarrizketa saioaz gozatzeko aukera izango dute. Hori bai, bertaratzeko, derrigorrezkoa da aurrez izena ematea 625 485 215 telefono zenbakira deituta.