Noticias
Atrás

Mintzalagun egitasmoak 10 urte bete ditu Urola Kostan

Zarauzko Modelo Aretoan izango da urteurreneko ekitaldia; ekainaren 20an, ostegunarekin, 19:00etan hasita

17·06·2019


10 urte bete ditu Mintzalagun egitasmoak Urola Kostan. Aurtengoan, ikasturte-bukaerako ekitaldi berezia egingo da urteurrena ospatzeko. Ekainaren 20an, datorren ostegunean, izango da ospakizuna: Zarauzko Modelo Aretoan, 19:00etatik aurrera.

Ekitaldi xume bezain hunkigarria izango da ostegunekoa. Izan ere, 10 urte guzti hauetan egindako ekintzen argazkiak erakusteaz gain, hainbat oroitzapen gogora ekarri eta parte-hartzaileentzat sariak ere banatuko dira. Amaieran, mokadua eskainiko zaie bertaratutako guztiei.

Ospakizun-ekitaldira gonbidatuta daude modu batean edo bestean 10 urteotan ekimenean parte hartu duten guztiak: bidelariak, bidelagunak eta antolatzaileak. Jakina, ongietorriak izango dira eskualdeko herritar- euskaltzale guztiak.  

Ikus ekitaldirako gonbidapen bideoa

 

Zer da Mintzalagun programa?

Mintzalagun Programak euskaraz dakiten pertsonak (bidelagunak, euskaldun zaharrak) euskara ikasten ari direnekin (bidelariekin, euskaldun berriekin) elkartzen ditu, astean ordubetez, euskaraz hitz egin dezaten. Zer lortzen dugu:

  • Bidelariak, euskaldun berriak: euskaraz hitz egiteko aukera du, bertako hizkera ezagutu eta ikasteko; jendea ezagutzeko eta euskaraz aritzeko harreman-sarea zabaltzeko aukera du.
  • Bidelagunak, euskaldun zaharrak: euskaldun berriei lagundu, bertako hizkera erakutsi, egiten ari diren ahalegina saritu eta aitortu...

Bilakaera

2009.urtean ekin zitzaion Mintzalagun Programari. Ekimena Urola Kostako Udal Elkartearena eta eskualdeko udalena da. Programa antolatzen eta jarraipena egiten parte hartzen dute Urola Kostako AEKk, Zarauzko Udal Euskaltegiak eta udaletako eta Udal Elkarteko euskara zerbitzuek. Programa dinamizatzeko lanak Urola Kostako AEKk egiten ditu. Egitasmoak bilakaera ona izan du eta parte-hartzaile kopuruak nabarmen egin du gora.