Noticias

Atrás

Urola Kostako Udal Elkarteak 2019ko aurrekontua onartu du

Udal Elkartearen egoitzan egin zuten Batzar Nagusiaren bilkura Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako zinegotziek, abenduaren 19an, arratsaldeko seietan, 2019ko aurrekontua onartzeko.

20·12·2018


Urola Kosta Udal Elkarteko Batzar Nagusiak 2019ko aurrekontuari hasierako onarpena eman zion hil honen 19an, aho batez, (EAJ, EHBildu, PSE-EE eta Irabazi-Ahal duguren aldeko botoekin).

2019ko aurrekontua 9.353.864,24 eurokoa da.

Ingurumena eta hondakinen kudeaketa

Aurrekontuaren %70 ingurumenari dagokio, hondakinen bilketa, tratamendua, ingurumen kanpainak eta zabortegiaren kudeaketa.

2019ko helburua da zabor bilketa zerbitzua hobetzea eta horretarako berrikuntza hauek dakartza 2019ko aurrekontuak: bilketa zerbitzu berria poliespan eta fruta kaxak biltzeko, edukiontzien eta edukiontzi-puntuen garbiketa indartzea, poltsa konpostagarrien banaketa eta asteburuetarako bi langile berriren kontratazioa, ikuskapen lanak egiteko.

Hondakinak biltzeko zerbitzuen finantzaketari dagokionez, hondakinen tasaren bidez 4.390.000 euro jasotzea aurreikusten da; paper, kartoi eta pilen salmentaren bidez 160.000 euro eta ontzi arinen salmentaren bidez 757.000 euro. Horrez gain, GHKri hondakin organikoaren tratamenduagatik tonako 2018an baino 17,31 euro ordaindu beharko zaizkio, sailkatze tasa hobetzearen ondorioz %30eko hobaria izango dugulako (orain arte %20ko hobaria genuen).

Garapen Agentzia

2019ko aurrekontuaren beste zati esanguratsu bat Garapen Agentziarena da, aurrekontuaren %20. Garapen Agentziak 2019an hainbat zerbitzu eta programa bideratuko ditu: pertsonentzat, laneratzen laguntzeko eta konpetentziak hobetzeko; ekintzaileentzat, enpresak sortzea bultzatzeko; enpresentzat, lehiakortasuna bultzatzeko; eta turismoa sustatzeko. 2019ko aurrekontuak 480.000 euroko atal bat du enplegu sortu, inbertsioak egin eta enpresa berriak sortzeko ekimenak bultzatzeko. Horrez gain, Zumaiako Soldadura Zentroko Oinarrizko Lanbide Heziketaren atala ere aipagarria da (298.000 euro).

Zerbitzu orokorrak

Aurrekontuaren gainerako zatia (%10) euskara eta komunikazio arlora eta administrazio orokorreko zerbitzuetara bideratuko da.