Noticias
Atrás

Zabalik dago III. Euskal Kosta Kroserako izen-ematea

Irailaren 28an (larunbata) jokatuko da lasterketa; 17:00etatik aurrera, Getarian hasi eta amaituz.(Argazkiaren iturria: Artzape)

29·07·2019


Gaur aurkeztu dute Euskal Kosta Krosaren hirugarren edizioa eskualdeko 5 udalerrietako eta Urola Kostako Udal Elkarteko ordezkariek Getariako plazan egindako agerraldian.

Aurtengo Euskal Kosta Krosa Getariatik irtengo da eta kostako N-634 errepidean izango du ibilbidea. Urtero legez, Getaria, Zarautz eta Zumaiak udalerrietatik igaroko da lasterketa. Hain zuzen ere, 21,097 kilometroko maratoi erdia izango da.

Zabalik dago izen-ematea

Irekita dago III. Euskal Kosta Kroserako izen-emate epea. 16 urtetik gorako edonork eman dezake izena maratoi erdiko distantzian (21,097 kilometro) jokatuko den lasterketa honetarako. Lasterketarako izena emateko aukera gaurtik irailaren 24ra arte izango da. Hain zuzen ere, abuztuaren 31ra bitartean, inskripzioa 20 euro ordaindu beharko da. Irailaren 1etik 24ra bitartean, berriz, 25 euro. Izen ematea www.kronoak.eus webgunearen bitartez egin beharko da.

Ibilbideari buruzko xehetasunak: 20 kilometro kosta-kostatik

Lasterketa Getariako frontoitik abiatuko da. Zumaiako norabidean, Zumaiako Arraun Elkartearen egoitza ondotik Mendaro Marinela kalera eta ibaira doan parkea zeharkatuko da. Amaia plaza inguratu ondoren, Alondigatik Erribera kalea gurutzatu eta Pantxita Etxezarreta kaletik aterako dira korrikalariak Zumaiatik.

Jarraian, N-634 errepidetik Zarautzeraino joan eta Kale Nagusian sartu eta San Frantzisko kaletik Nafarroa kalera arte joan beharko dute lasterkariek; berriro ere Getariara itzultzeko. Lasterketa amaiera Malkorbe hondartzarako bidegurutzetik igaroko da; portura jaitsi, Artzape eta elizarako aldapa hartu eta  ezkerretara kale Nagusian gora udaletxe alboan amaitzeko.

Jakina, ibilbidea osoan zehar anoa postuak prestatuko dira parte hartzaileentzako.

Guztientzako lasterketa

Lasterketan parte hartzeko aukera 16 urtetik gorako edonork izango badu ere, hiru maila edota kategoria ezberdinetan lehiatuko dira korrikalariak. Juniorren maila osatuko dute 16-19 bitarteko gazteek eta 40 urtetik gorakoek, berriz, beteranoen maila. Gainontzeko partaide guztiek gizonezko eta emakumezkoen senior mailan parte hartuko dute.

Era berean, Euskal Kosta Krosa Roller lasterketa - modalitatea ere jokatuko da egun berean.  Alabaina, aurrerago emango da roller lasterketaren inguruko ibilbide eta xehetasun guztien berri.

Lasterketaren jatorria

Euskal Kosta Krosa lasterketa ibiltaria da, Kostako bost udalek bat eginda, Urola Kosta Udal Elkartearen bidez. Hau da, probak edizio bakoitzean udalerri batean irteera eta bukaera izango du. 2017an lehen edizioa Zumaian egin ondoren, iaz Zarautzen hasi eta amaitu zen lasterketaren bigarren edizioa. Aurtengoa, lasterketaren 3, edizioa, Getarian izango da.

Lasterketaren helburua da, bost udalerrien arteko harremanak sendotuz eta indarrak batuz, bailara ikuspuntua bultzatzea Urola Kostako eskualdea ezagutzera emateko. Kalitatezko kirol proba antolatzearekin batera, bailarako turismoa sustatzea du xede egitasmoak.

Argibideak eta izen-ematea

Lasterketari buruzko informazio guzti (araudia, izen-emateari buruzko argibideak nahiz ibilbidea) www.euskalkostakrosa.eus atarian izango da eskuragarri abuztuaren lehenetik aurrera.

Edozein kasutan, izena eman edota informazio gehiago jasotzeko, jarri gurekin harremanetan:

Urola Kostako Udal Elkartea, Komunikazio Zerbitzua, 943 89 08 08 

  • info@euskalkostakrosa.eus

Kultura eta Turismo Saila, 943 89 60 24 

  • kultura@getaria.org; turismo@getaria.org