Berriak
Atzealdea

“Ongi Etorri Euskararen Herrira” ekimena aurkeztu da Fiturren, turismoan euskarari dagokion balioa emateko ekimen berritzailea

Eskualdeko 5 udalerrietako turismo eta euskara zerbitzuek sustatuta, Urola Kostako Udal Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean sortutako ekimena da. UEMArekin lankidetzan garatuko da

2020·01·24


Urola Kosta eskualdea bezalako gune turistiko euskaldunek euskararen biziraupenean duten garrantziaz jabetuta landu da kanpaina. Gure udalerrietako kultur-ondarearen eta nortasunaren ikur bereizgarri izanik, euskara (eta euskal nortasuna) izango du ardatz eskualdetik bideratutako aurtengo turismo-eskaintzak. Euskara partekatu nahi da bisitariekin, herri euskaldun batean egotearen esperientziaz goza dezaten. Hala, lanketa berezia egingo da, UEMArekin elkarlanean, turismo sektoreko eragile guztiekin, herriz herri.

Bisitariei euskara ezagutarazteaz gain, eskualdeko herritarrei begira ere egingo da lan. Izan ere, egitasmoarekin bat eginez, euskaldun gisara ahaldundu eta euskarazko harremanak areagotzeko abagune bikaina ere izango da proiektua bertakoentzat. 

Laburbilduz, hiru helburu nagusi izango ditu ekimenak:

  • Gure kultura-ondarearen elementu bereizgarri gisa, bisitariei euskara ezagutaraztea.
  • Sormen eta esperientzia-kanpainaren bidez, bisitariarekin euskaraz elkarreraginean aritzea.
  • Turismo sektoreko eragileen (kanpotarrekin harreman zuzena dutelako) eta herritarren inplikazioaren bidez, euskarazko harremanak areagotzea.

Euskara, Europako hizkuntza bizi zaharrena

Europako hizkuntza bizi zaharrena da Euskara. Zalantzarik gabe, gure herrien harribitxietako bat; aintzat hartzeko moduko altxorra, eta eskualdeko izaera bereizten duen ikur bereizgarria. Aldi berean, Urola Kostako 5 udalerriak arnasgune dira euskararentzat.

Hala, bi helduleku horietatik abiatuta garatuko da 2020ko eskualde mailako turismo-eskaintza. Izan ere, helmuga-turistiko gisara, gurera datozenei gure izaera eta nortasuna bera eskaintzea izango da balio-erantsirik benetakoena. Bisitariei herri euskalduna garela erakutsi eta euskara ezagutzeko aukera emango zaie, herri euskaldun batean egotearen esperientziaz goza dezaten.

Zinez proposamen berritzailea izango da, beraz. Izan ere, lehenengo aldiz uztartuko dira, zuzen-zuzenean, turismoa eta euskara. Euskara eta turismoa.

Sentsibilizazio lana, proiektuaren oinarri

Bisitariei euskara ezagutarazteko helburuarekin Espainiar estatuko nahiz nazioarteko turistei begira landutako ekimena izango bada ere, eskualdeko herritarrei begira ere egingo da lan. Herritarren arteko euskarazko harremanak areagotzea ere badu-eta helburu proiektuak. Gainera, kanpaina sendotzeko, bereziki jorratuko da turismo sektoreko eragileei begirako sentsibilizazio lana.

Otsailean zehar, eskualdeko ostalari, merkatari eta zerbitzuetako arduradun eta langile guztiei helaraziko zaie sentsibilizazio saioetan parte hartzeko gonbidapena. Guztira, aurrez aurreko 12 sentsibilizazio eta formazio saio egingo dira, martxoan zehar, herriz herri. Saioetan, udalerri euskaldunen garrantzia azpimarratu eta kanpinaren nondik norako nagusiak azaltzeaz gain, euskaraz zerbitzua eskaintzearen garrantziaz ere ohartaraziko zaie bertaratuei. Hainbat euskarri eta material ere banatuko da.

Egitasmoaren jendaurreko aurkezpena martxoaren amaiera aldera egitea aurreikusten da. Orduan zehaztuko dira Aste Santuetatik irailera bitartean Urola Kostako herrietan burutuko diren lanketa, ekimen eta kale-ekintza guztiak.