Berriak

Atzealdea

"Urola Kosta sortzailea" egitasmoko lehen bilera egin dugu sektoreko enpresa eta eragileekin

5
Kultura eta sormen industrien sektoreko 30 lagun bildu ziren, apirilaren 5ean, profesionalak, eragileak...

2017·04·07


Urola Kostako Udal Elkarteak, "Urola Kosta, eskualde SORTZAILEA" egitasmoa jarri du martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Egitasmo honen helburua da Urola Kosta eskualdean Kultura eta Sormenezko Industria alor ekonomiko sendo gisa garatzea. Horretarako, Urola Kostako eskualdean Kultura eta Sormenezko Industrietako ekoizleek dituzten gaitasunak eta balio-kateak identifikatu eta horien garapena sustatu nahi dugu. Horren azken helburua da alor ekonomiko berri bat sendotzea eta, ondorioz, tokiko enplegua hobetu eta kalitatezko lanpostuentzat onuragarria den testuingurua indartzea. Eta, aldi berean, eskualdeko gainerako ekonomia arloetako enpresei beren berrikuntzan laguntzea, ahaztu gabe, Industria Sortzaileek lurraldea bateratzeko duten gaitasuna.

Apirilaren 5ean lehen saioa egin dugu sektoreko profesional eta eragileekin

"Urola Kosta, Eskualde Sortzailea" egitasmoaren lehen bilera apirilaren 5ean egin dugu, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan. Saiora bertaratu dira eskualdean kultura eta sormen industrietan diharduten profesional, eragile eta sektoreak, 30 pertsona inguru.

Saio horretan ondorengoak aztertu dira: kultura eta sormen industrien sektorearen premiak, erronkak, oztopoak, eragile nagusiak, beharrezko aliantzak eta kultura-egitasmo bultzatzaileak. Saioaren helburua izan da: egindako analisitik abiatuta, agente ezberdinek kultur eta sormen sektoreak sustatzeko egin beharko luketen betebeharretan aurrera egitea, ikuspegi ekonomikotik erreparatuta.

Bigarren saioa maiatzaren 15ean egingo dugu, lehen saioan jasotako ekarpenak kontrastatzeko.

Uste dugu garrantzizkoa dela Urola Kostako Udal Elkartearen eremuan (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia) kultura eta sormen arloan lanean diharduten profesional, eragile eta pertsonak harremanetan jarri eta lankidetzarako aukerak aztertzea.

Kultura eta sormen industriak

2010eko Lehiakortasunari buruzko Europako Txostenaren arabera, sormen-industriena da berrikuntza-indar gehien duen sektoreetako bat. Kultura- eta sormen industriak (KSI) garrantzi berezia hartu du Europako estrategia globalaren barnean, bereziki honako arrazoi hauengatik:

  • beren dinamismoagatik eta enplegua sortzeko duen gaitasunagatik,
  • aniztasun kulturala sustatu eta lurralde-kohesioa bultzatzeko duen gaitasunagatik, eta
  • sormenak eragin positibo zuzen eta zeharkakoak dituelako berrikuntzan, eta beraz, baita sektore ekonomikoen multzoan ere.

Eusko Jaurlaritzak 2012an Kultura eta Industria Sortzaileari buruz kaleratutako txostenaren arabera, Kultura eta Industria Sortzaileak gero eta pisu gehiago du ekonomian. Esaterako, 2012. urteko datuen arabera,  Euskadin 14.859 enpresa daude alor horretan eta 71.607 enplegu biltzen ditu.

 

“Urola Kosta Sortzailea” egitasmoa hau kofinantzatzen du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia sustapeneko, Landa inguruneko eta lurralde orekarako Departamentuaren "Gipuzkoako lehiakortasuna eta lurralde kohesioa sustatzeko"2016. urteko programaren bidez.

1 2 3 4 5