Berriak

Atzealdea

2017ko diru-laguntzen bidez, 5 proiektu garatu dituzte lankidetzan eskualdeko hezkuntza zentroek eta enpresek

Ekainaren 29an amaituko da 2018ko diru-laguntzen eskabideak aurkezteko epea.

2018·06·19


2018ko maiatzeko datuak eskuartean, GARAPENeko (Garapen Agentzien Euskal Elkarteko) garapen agentzia guztietatik Urola Kostakoa da langabezia tasa baxuena duena. Adierazgarria da oso Urola Kostako 5 udalerrietako langabezia tasa, Gipuzkoako batez besteko langabezia datuekin alderatuz gero. Gipuzkoan langabezia %9,29koa den bitartean, Urola Kostan %7,15ean dago, hau da, ia 2 puntu gutxiago.

Gaur egun, gure bailaran 1.557 herritar daude langabezian. Iazko datuekin alderatuta, ukaezina da susperraldia. Azken urteetako bilakaera positiboa da. Esaterako, 2017ko maiatzean Urola Kostako langabezia %8,03an zegoen (Gipuzkoan %10,29). Urte betean, ia 200 herritar gutxiago daude langabe eskualdean.

Igor Iturain lehendakariaren ustez “pozik” egoteko datu sozioekonomikoak dira. Bailara osoan azken urteetan egindako lan onaren fruituak direla iritzita, Iturainek agerraldia baliatu nahi izan du eskualdeko agente guztiak zoriontzeko: “Zorionak eskualdeko ehun sozioekonomikoa osatzen duten enpresa, erakunde, ekintzaile eta agente guztioi”.

Lankidetzaren bidetik, bailara eraikiz

Lehendakariak berretsi egin du atsedenik gabe lanean jarraitzeko konpromisoa: “Udal Elkartetik lankidetzaren bidetik jarraituko dugu. Herritar guztien ongizatea eta bailararen garapena helburu, ELKARLANEAN eta LANKIDETZA SUSTATUZ. Azken finean, bailara eraikiz”.  

Ildo horretan, lehendakariak gogora ekarri ditu Udal Elkarteak martxoan aurkezturiko 2018ko laguntza ekonomikoak. Orotara, 305.000,00 euro emango dira diru-laguntzatan. Iaz baino 100.000,00 euro gehiago, zehazki, lau diru-laguntza lerro hauetan banatuta:

  • Jarduera ekonomikoak, hau da, enpresak sortzeko 70.000,00 euro.
  • Enpleguaren sustapenera bideratuta, langabeak kontratatzeko helburuarekin, 115.000,00 euro. Bi programa ditu diru-laguntza lerro honek: Prestakuntza Bonoa eta Kontratazioa+Jarraipena programa.
  • Enpresen inbertsioetarako 90.000,00 euro.
  • Eta, azkenik, lankidetza egitasmoak garatzeko 30.000,00 euro.

Iturainen esanetan, azken laguntza lerroak enpresa txikiei “berrikuntzan sartzeko bide bat zabaltzea” du helburu.

Lankidetza esperientziak

Lehendakariaren batera izan dira agerraldian Iñigo Mujika, Oteitza Lizeo Politekniko-ko TK guneko arduraduna, eta Olaia Landa, eXperientziak enpresako bazkidea. Mujikak “ezinbestekotzat” jo du Udal Elkarteren diru-laguntza programa: “Guretzat esperientzia oso aberasgarria izan da”. Alde batetik, enpresa txiki nahiz ertain askorentzat “aukera bakarra delako etengabeko hobekuntzan aurrera egin eta indarra hartzeko”. Bestetik, ikastetxeak lan-munduarekin zuzeneko harremana izatea ahalbidetuz, “ikasitakoak ikasgeletara eramatea balio erantsi nabarmena delako gure zentroarentzat”.  Mujikak adierazi du aurten ere badutela Udal Elkartearen lankidetza-egitasmoetarako diru-laguntzetara aurkezteko asmoa. 

Iaz Oteitza TK gunearen eskutik 5 proiektu aurkeztu eta garatu ziren. Horietako bat Engranajes Juaristi Zarauzko enpresarekin lankidetzan garatutakoa da. Mujikak azaldu du nola Udal Elkartearen laguntzaren bitartez, posible izan den makina automatiko bat garatzea. Ordura arte, engranajeak mekanizatzeko makina batean pieza finkatzerakoan, langileek eskuz kolpatu behar izaten zuten pieza, eta horrek lesio larri asko zekarren langileentzat. Mujikaren iritziz, Udal Elkartearen laguntzak ahalbidetu du makina garatu ahal izatea eta, ondorioz, “lan-prozesuak arinduz, langileen bizi-kalitatea hobetu eta enpresaren errentagarritasuna handitzea”.

Olaia Landak, bere aldetik, eXperientziak enpresatik Aiala Ostalaritza Eskolarekin elkarlanean garatzen ari diren SU-ARTEAN izeneko proiektuaren berri eman du. Landaren hitzetan, 2002tik 2008ra bitartean jaiotako gaztetxoentzat bideratutako esperientzia-proiektu berritzailea da SU-ARTEAN eta oinarritzen da “elkarlanean” eta azken urteetan sukaldaritzaren munduak “ikuspegi ludiko eta didaktikoaren arloan eginiko jauzi kualitatiboan”.

Lankidetza egitasmoak garatzeko Udal Elkartearen laguntzetara aurkezteko asmoa adierazi du Landak. Bere ustez, ekimenak “bete-betean bat egiten duelako” eskualdeko hezkuntza zentroek eta enpresek lankidetzan proiektuak sustatzeko mankomunitatearen laguntzekin. Aialaren eskutik, gaztetxoenek Zarauzko merkatu plaza eta bertako kultura ezagutuko dute eta, aldi berean, sukaldaritzaren xarma bizitzearen esperientzia gogoangarria bizi ahalko dute. 

Eskabideak: argibideak eta informazioa

Amaitzeko, lehendakariak gogora ekarri du hilabete amaieran bukatuko dela lankidetza egitasmoetara bideratutako laguntzen eskabideak aurkezteko epea, hain zuzen ere, ekainaren 29an.  Bide batez, dei egin die herritarrei  Udal Elkartera jo dezaten informazio eske, eta eskabideak aurkeztera animatu nahi izan ditu: “ziur nago, aurten ere lortuko dugula, mankomunitatearen laguntzen bitartez, eskualde mailako proiektu benetan interesgarriak garatzea”.

Gainontzeko lerroetarako eskabideak aurkezteko epeak zabalagoak dira. Jarduera ekonomiko berriak sortzeko, nahiz inbertsioetarako, urriaren 19a izango da azken eguna. Urte amaiera arte zabalduko da enpleguaren sustapeneko laguntza lerroa. Eskura daude Udal Elkartearen webgunean aurtengo laguntza ekonomikoen deialdia, oinarriak eta eskabideak egiteko eredua (http://www.urolakosta.eus/eu/diru-laguntzak). Edozein kasutan, argibide gehiago nahi izanez gero, herritarrek zabalik dituzte Udal Elkartearen ateak.

  • Urola Kostako Udal Elkartea, Enpresentzako Zerbitzuak,
  • Urdaneta bidea 6, 20800 Zarautz
  • Tel. 943890808 // enpresa@urolakosta.eus