Berriak
Atzealdea

Urola Kostako Udal Elkarteak 9.081.770 euroko aurrekontua onartu du 2021erako

Aurrekontuak EAJ-PNV eta Podemos-Equo Berdeak alderdietako hautetsien eta PSE-EE alderdiko hiru zinegotzien aldeko botoekin onartu dituzte. EH Bilduko hautetsiek aurka bozkatu dute eta PSE-EEko zinegotzi bat abstenitu egin da.

2020·12·17


2021eko aurrekontua 9.081.770 eurokoa da. Abenduaren 16an Udal Elkartearen egoitzan egin zuten Batzar Nagusian onartu dute Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako zinegotziek. Aurrekontuak EAJ-PNV, PSE-EE eta Podemos-Equo Berdeak alderdietako zinegotzien aldeko botoekin onartu dituzte. EH Bilduko hautetsiek aurka bozkatu dute.

Lourdes Salsamendi lehendakariak eman ditu xehetasunak hedabideen aurrean eskainitako prentsa agerraldian. Azaldu duenez “hiru funts nagusi betetzera bideratuko da: ehun ekonomikoaren babesa eta enpleguaren sustapena, hondakin kudeaketa egokia eta Urola Kostako etorkizuneko zimendu eta proiektuen garapena”.

“Salbuespenezko aurrekontuak dira Covid-19ari aurre egiteko neurriak hartzen baititu barne. Eraldaketa sozioekonomiko izugarriak ari gara bizitzen eta ezinbesteko da erantzuteko eta egokitzeko gaitasuna areagotzea. Covid-19ak eragindako pandemia dela eta, sarrerak murriztu diren arren, inbertsio publikoa eskualdearen traktore izatea dugu jomuga, ingurune sozial zein ekonomikoa berreskuratu artean”.

Lehendakariaren hitzetan, “pandemiaren aurrean, eta inor atzean utzi gabe, eskualdearen garapen globala bultzatzea dugu oinarri; beti ere, gure eskumenen barruan: soziala enpleguaren ikuspuntutik, ekonomikoa eta jasangarria; eta hori guztia, modu era komunitarioan, gainera; alegia, eskualdeko udal, enpresa eta herritarrekin era partekatuan, lankidetzan. Covid-19ak kendutakoa berreskuratzea dugu jomuga,  “normaltasun egonkor” batera iristen garenerako,  eta alor eta sektore ororen modernizazioa eta optimizazioa bultzatuz”.

Bide horretan, Salsamendik nabarmendu du aurrekontuak “elkarlana” duela oinarri: “Udal Elkartea osatzen duten alderdiekin bilera ugari egin ditugu eta beren hainbat eta hainbat ekarpenekin aberastu dugu aurrekontua. Zentzu horretan, esker hitzak baino ez ditut EH Bildu, PSE-EE eta Podemos-Equo Berdeak alderdietako zinegotzientzat. Izan ere, jarrerak hurbildu eta adostasun eremu batera iritsi gara, bozketan hala izan ez bada ere, eta oposizioaren proposamen gehienak barneratuta daude aurrekontuan. Uste dut guztion artean eraiki behar dugula Urola Kosta, eta ezberdin egiten gaituen hori balioan jarri eta era komunitarioan lantzeak, gizarte eta herri aberatsago bati egingo diola lekua. Proiektu partekatua da herritar, enpresa, eragile, alderdi eta erakunde mailan”.

Eskualdearen jasangarritasunean sakontzeko, 6.139.000€

Aurrekontuaren %70,9 ingurumenari dagokio; hondakinen bilketa, tratamendua, eta zabortegiaren kudeaketa zerbitzuak burutzeko (6.138.953 euro).

“Garapen ekonomikoa era ekologikoagoan, berdeagoan bultzatu nahi dugu” azaldu du Salsamendik. “Zentzu horretan, hondakin bilketari dagokionez, birziklapen tasa areagotzen jarraitu behar dugu, eta geroz eta gehiago ekonomia zirkular batera jo. Horregatik, jarraipena izango du birziklapen-kontzientziazio kanpainak eta abian jarriko dugu ostalaritzako eta merkataritzako bilketa-zerbitzua optimizatzeko kanpaina. Arroparen eta olioaren edukiontziak ere pixkanaka aldatu egingo dira, eta hainbat puntutan edukiontzi gehiago jarriko dira. Baita, Edukiontzi guneen garbitasunean ere bereziki sakondu nahi da, hondakin bilketa zerbitzuaren gaineko etengabeko jarraipena egiten jarraituko dugu, hondakinen bilketak egoki funtzionatu eta herritarrentzako ahalik eta erosoena izan dadin, birziklatzen den hondakin kopurua areagotzen jarraitzeko”.

Lehendakariak erantsi du “ingurunea zaindu eta babestuz aurrera egingo duen eskualdea” dutela helburu: “Urola Kosta jasangarria dugu jomuga. Bide horretan estrategikoa da onartu berri dugun Garbigune berria, hondakinen tratamendura bideratutako azpiegituren sarea osatzen delako, ekonomia zirkularra bultzatuz”.

Covid-19aren aurrean eta etorkizunari begira: enpresak babestu eta enplegua mantendu

2021eko aurrekontuaren beste zati esanguratsu bat Garapen Agentziarena da. Hain zuzen ere,  aurrekontuaren %21a; guztira, 1.914.202 euro.

Jarraipena izango du, martxoaz geroztik Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko enpresak babesteko hartutako erabakiak. Covid-19aren pandemia martxoan gure lurraldean eragin zuzena izaten hasi zenetik, Udal Elkarteak sustapen neurriak ezarri ditu lehen unetik: ehun ekonomikoari babes neurriak, sustapen kanpainen bultzada edota inbertsio ororen mantenua. Aipagarria da, esaterako, 2020an hondakin bilketa tasaren erdia kobratu izana ostalariei.

Lourdes Salsamendi lehendakariak azaldu duenez, “bide beretik jarraituko dugu 2021ean. Hori horrela, diru-partida bat ezarri dugu Covid-19aren bilakaeraren aurrean, unean-uneko neurriak hartzeko azkartasunez eta eskualdeko sektore ekonomikoari egokituta. Zentzu horretan, aurten, herrien aportazioa murriztea erabaki da, Udalek diru-gehiago izan dezaten herrian bertan babes-neurriak hartzeko. Ia 400.000 euro inguru bideratuko dira hori orekatzera”.

Edozein kasutan, eskualdeak prest egon behar du covid-19a gainditu eta normaltasun berri baten aurrean, eta horrexegatik, Garapen Agentziak jarraipena emango die garapen ekonomikoa, kalitatezko enplegua eta talentua sustatzeko ekimenei. 

Pertsonen gaitasunak areagotzeko programek talentua sortu, mantendu eta erakartzeko helburuari jarraipena emango diete (Oinarrizko Lanbide Hezkuntzako soldadura ikasketak,  Hazilan, Kalitatezko enplegua edota Giza kapitalaren eskola…). Ekintzailetza eta barne-ekintzailetzaren sustapena eta balorizazioa bultzatzen ere jarraituko da, eta enpresei bideratutako aholkularitzan sakonduko da (prestakuntza, orientazioa; lan bitartekotza; lehiakortasunerako programak; eskualdeko enpresa eta ikastetxeen arteko lankidetza guneak…). Lan lerro horien muinean proiektu estrategikoak ere landuko dira: Itsasoa; Silver ekonomia; Turismo jasangarria, Kultura eta Sormen Industria; mugikortasuna; ekonomia zirkularra…

Zerbitzu orokorrak

Aurrekontuaren gainerako zatia (%10) eskualde mailako turismo sektorearen sustapenera, euskara eta komunikazio arlora eta administrazio orokorreko zerbitzuetara bideratuko da.

“Behin 2021. urteko aurrekontua onartuta, Urola Kosta Covid-19aren pandemiatik indartsu atera eta etorkizunari prestatuta heltzea lortu nahi dugu. Egoera aldakorra da, ziurgabetasun handikoa. Hilabete zailak espero ditugu, baina, gainera, gure gizartean sortzen ari ziren eraldaketak ari da bizkortzen pandemia. Errealitate horrek ikuspegi estrategiko zabalagoa izatera eta erabakiak azkar hartzera behartzen gaitu, eta horretan dihardugu, gure sare ekonomikoari are gehiago lagunduz, jarduera eta enplegua sortzen duen aldetik” berretsi du Salsamendik.

Langabeak kontratatzeko, enpresentzako dirulaguntzak (Lanbide)

Gaur bertan argitaratuko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eskualdeko langabeak kontratatzeko eskualdeko enpresei bideratutako dirulaguntzen oinarriak. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatutako programa da eta, guztira, 291.000,00 € jarri dira egitasmo honetarako.

Deialdi honetako oinarri hauek arautzen dituzten diru laguntzen helburua da laguntza ekonomikoak ematea eskualdeko (Aia, Getaria, Orio, Zarautz edo Zumaiako) enpresa txiki eta ertainei, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan langabean eta enplegu eskatzaile gisa izena emanda dauden eskualdeko pertsona langabeak kontratatzeko, horien artean COVID-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratu ondoren lana galdu dutenak.

Dirulaguntza horien baitan, guztira, 55 kontratu finantzatuko dira (egun erdiz edo egun osoz eta 3 edo 6 hilabetekoak). Horietatik, gutxienez 22 emakumeen kontratazioentzat gordeko dira. Aldi berean, 16 kontratu gizatalde zehatzetako pertsonentzat bideratuko dira:

  • DSBE prestazioa jasotzen duten titularrak edo onuradunak
  • 35 urtetik beherako pertsonak
  • Iraupen luzeko langabeak eta
  • 55 urtetik gorako pertsonak

GASTU PROGRAMAK

FINANTZAKETA