Berriak
Atzealdea

Abian da “45 + Indartzen” egitasmoaren 4. edizioa

40 orduko prestakuntza-programa da; 45 urtetik gorako herritarrak lan-munduan txertatu daitezen

2021·03·17


Martxan da “45+Indartzen” ekimenaren 4.edizioa; Urola Kostako Udal Elkarteko Enplegu Zerbitzuaren eskutik, “Konpetentzien eskola”ren baitan. “Konpetentzien eskola”, funtsean, pertsonen, gizartearen, enpresen eta sektore ekonomikoen kualifikazio beharrizanei erantzuteko zerbitzua da. Batetik, helburu du talentua sortu, erakarri eta mantentzea eta, bestetik,  kalitatezko enplegua sustatzea.

Orain arteko edizioen arrakasta ikusita, eskualdeko 45 urtetik gorako herritarrei bideratutako programaren bi edizio berri antolatu ditu Udal Elkarteak 2021.urteari begira. Aurtengo lehen edizioa apirila eta maiatzean egingo da; bigarrena, aldiz, urte amaieran: azaro-abendu inguruan.

Programaren xehetasunak

40 orduko prestakuntza prozesua izango da; 4 orduko 10 saiotan banatua. Ikastaroak bi aste iraungo du; hain zuzen ere, maiatzaren 3tik 14ra. Aurrez, apirilaren 22an egingo den lehen saioarekin emango zaio hasiera ekimenari.

Saio guztiak goizez izango dira; 09:30etik 13:30era, Udal Elkartearen egoitzan. Taldekako prestakuntzaz gain, partaide guztiek 3 bakarkako saio jasoko dituzte.

Informazio saioa eta izen-ematea

Informazio-saio bat egingo dugu interesa duten herritarrentzat, proiektuaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko:

  • Eguna eta ordua: apirilak 14, asteazkena, 11:00etan
  • Non: on line izango da; Gotomeeting plataformaren bidez.
  • Informazio saioan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da galdetegia beteta.  Ondoren, saiora sartzeko esteka jasoko du interesdunak bere posta elektronikoan.

Dagoeneko zabalik dago izen-ematea (apirilaren 21era arte). Izena emateko orria eskura dago Udal Elkartearen egoitza elektronikoan.

Edozein kasutan, tramitazioa elektronikoa egin ezin dutenek, egoitzan elektronikoan dokumentua deskargatu, bete eta Udal Elkarteko egoitzara bertaratu beharko dute.

Zer lortu nahi da ekimenarekin?

Bada, eskualdeko 45 urtetik gorako pertsonez prestakuntza-ikaskuntza eskaini nahi zaie; ahaldundu daitezen, batez ere, lan-mundura sartu edota itzuli daitezen. Izan ere, adin tarte horretako gehienek, oso zail ikusten dute lan-mundura itzultzea edo egokitzea; batetik, duten adinarengatik; bestetik, egungo lan mundu aldakorraren eskakizun eta eginkizunetara egokitzeko ezinbestekoa delako birziklatzea. Are gehiago, Covid-19aren krisi testuinguruan.

Zalantzarik gabe, eskualdeko garapen eta ongizatean jauzi kualitatibo berri bat egitea ahalbidetuko du egitasmoak; prestakuntza-erreminta berriak barneratu eta baliabide profesionalez jantzi ondoren, laneratzea errazagoa izango da-eta. Berrituta eta indartuta dator programa.

  • Programaren helburua: helburu nagusia parte-hartzaileak gaitzea da, aldaketarako sendotuz, etengabeko hobekuntzarako bidea irekiz eta begirada-aldaketa eraginez; beti ere, laneratzea errazteko.
  • Hartzaileak: eskualdeko 45 urtetik gorako herritarrei zuzendutako programa da; bereziki laneratzeko zailtasunak edo arazoak dituztenentzat, eta zenbait unetan, programa baliabide digitalen bitartez burutzeko autonomia eta aukera dutenentzat.

Argibideak edota informazio gehiago jasotzeko:

Urola kostako Udal Elkartea, Garapen Agentzia

Enplegu Zerbitzua (Vanessa Garcia, Olaia Sainz)

  • Tel. 943890808
  • lanpoltsa@urolakosta.eus