Berriak
Atzealdea

Aho batez onartu du Urola Kostako Udal Elkarteak enpresa eta autonomoentzako zabor tasaren bonifikazioa eta ehun ekonomikoaren EPIak kofinantzatzeko laguntza lerroa

Laguntza hauek eskatzeko epea datozen asteetan zabalduko da

2020·05·28


  • Covid 19aren ondorioz itxi behar izan dituzten jarduera guztiei 2020ko 2., 3. eta 4. hiruhilekoetako zabor tasa bonifikatuko zaie. 2020ko bigarren hiruhilekoa %100ean bonifikatuko litzateke, eta hirugarrena eta laugarrena %50ean. 1.450 enpresari eragingo lieke neurriak.
  • Bestalde, enpresa, autonomo, merkatari edo ostalariek ireki ahal izateko egin beharko dituzten segurtasun- eta prebentzio-neurri sanitarioak betetzeko inbertsioak kofinantzatuko dira: eskularruak, maskarak, EPIak, gel hidro-alkoholikoa, manparen ezarpena… 400.000 euro bideratuko dira funts honetara. 800 bat enpresek baliatuko dute honako laguntza.

Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko ehun ekonomikoan koronabirusak izan duen eragina arintzeko eta berraktibazio fasean laguntzeko diru-laguntza lerroa onartu du.   Lehen lerro hau osatzen duten bi neurriak eskualdeko bost herrietako udal ordezkarien proposamen eta ekarpenak jaso eta eragile ezberdinen iritzia jakin ondoren sortu da. Herri guztietako ordezkari politikoen  babesa jaso du.

 

Lourdes Salsamendi lehendakariak eta Oier Korta lehendakari-ordeak prentsa agerraldian adierazi dutenez, lehen laguntza lerro hau, bi bidetan bideratuko da nagusiki: jarduera ekonomikoen zabor tasaren bonifikazioa eta segurtasun eta prebentzio neurrien kofinantzazioa.

Alde batetik, Covid 19aren ondorioz itxi behar izan dituzten jarduera guztiei 2020ko 2., 3. eta 4. hiruhilekoetako zabor tasa bonifikatuko zaie. 2020ko bigarren hiruhilekoa %100ean bonifikatuko litzateke, eta hirugarrena eta laugarrena %50ean. Laguntza bere jarduna eten behar izan duten enpresa eta autonomoei dago zuzendua. Urola Kostako Udal Elkartearen diagnosiak xehetu du 1.450 enpresari eragingo liekeela neurriak. “Jarduerak ixteak likidezia falta zuzena ekarri duela jakinda, eragindako sektore osoari zaborren tasan hobari bat aplikatzeko proposamena Urola  Kostako,  sektore osoa suspertzeko beste laguntza bat izango da” adierazi du Lourdes Salsamendi lehendakariak.

Bestalde, enpresa, autonomo, merkatari edo ostalariek ireki ahal izateko egin beharko dituzten segurtasun- eta prebentzio-neurri sanitarioak betetzeko inbertsioak kofinantzatuko dira: eskularruak, maskarak, EPIak, gel hidro-alkoholikoa, manparen ezarpena… 400.000 euro bideratuko dira funts honetara. 800 bat enpresek baliatuko dute honako laguntza. UKUEk zehaztu du, diru-laguntza hau eskualdeko hornitzaileekin burututako lanak kofinantzatzeko izango dela: lanok eskualdeko enpresen bitartez egitea sustatu nahi da.  Horretarako, segurtasun eta osasun alorreko eskualdeko hornitzaileen zerrenda argitaratu da.

Laguntza hauek eskatzeko epea eta baldintzen oinarriak ekainean egingo den hurrengo Batzordean  onartuko dira.

Lehendakariak nabarmendu duenez, “lehen unetik UKUE Mankomunitatean, gure giza talde osoa lanean aritu da  sektore osoari laguntzeko, ateratzen joan diren laguntzak eskuratzeko tramitazioetan,  informazioa emanez. Akordio honen bidez, 400.000€ ko, laguntza-lerro bat onartzea lortu dugu, segurtasunean inbertitzeak sektore guztiei eragingo dizkien gastuen zati horiek  finantzatzeko”.

Krisia hasi zenetik, gainerako garapen-agentziekin koordinatuta lan egin dugu, eta gure laguntzak beti egon dira bat  Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lerrokatuta. “Ezinbestekoa iruditzen zaigu gainerako erakundeekin lerrokatuta joatea, guztion artean eskualdeko sektore guztiak suspertzen laguntzeko”.

Udal Elkartearen diru-sarrerak zaborren tasek eragindako diru-sarreretatik datoz nagusiki, baita Udalek eskualdea garatzeko eta ingurumena prebenitzeko eta hobetzeko egindako ekarpenetatik ere. “Laguntza hauek  aho batez onartzea aurrerapausoa bat da Urola Kosta Udal Elkartea  osatzen duten herriei laguntzeko krisi honi aurre egiteko”.

“Oraindik ez dakigu ziurtasunez zein izango den etorkizun hurbila, ezta alor ekonomikoan ere. Argi dugu ordea, baliabideak mugatuak badira ere, enpresek eta langileek alboan izango gaituztela”.