Berriak
Atzealdea

Asteburuan ospatuko da Itsasotik Herrira jaialdiaren bigarren edizioa

20 ekimen baino gehiago eskainiko dira urriak 11 eta 12an; Zarautzen

2019·10·07


Eskualdeko kultura-ondarean jiran, guztira, 20 ekimen inguru eskainiko dira Zarauzko hainbat gunetan. Eskaintza zabala izango da, diziplina anitzeko egitasmoz osatua (eskultura, artisautza, dantza, kultura-ondarea, musika, antzerkia…) eta guztiek izango dute, nabarmen, eskualdeko kutsua: batzuek, Urola Kostan urte luzez pilatutako iragan-tradizioei egingo diote keinu; beste batzuk, aldiz, gaur egungo proposamen berritzaileenekin batera, gerora begirako bide berri bat zabaltzeko asmoz eratu dira. Horietako proposamen eta ekoizpen ugari, gainera, Itsasotik Herrira jaialdirako propio sortutakoak dira. Ahalegin berezia ere egin da eskaintza herritar guztiengana bideratzeko. Eta doan izango dira haur, gazte nahiz helduei bideratutako ekimen guztiak.

Ikus egitaraua osorik, hemen:

Sormena eta kultura, etxeko txikienen gozagarri

Aurtengo edizioan bereziki landu nahi izan da etxeko txikienei bideratutako kultura eta sormen eskaintza. Ostiral eta larunbatean umeei bideratutako hainbat ekimen antolatu da. Batetik, etxeko txikienek bailarako kultura ondarea ahalik eta modu ludikoenean ezagutu dezaten. Bestetik, sormenari bide emateko, txikienen neurrira sortutako ikuskizun nahiz bizipen-esperientzia ugari izango da.

Hala, jaialdiari berari hasiera emango zaio familiei bideratutako “Inguru…Klown” ikuskizunarekin.  Saioa 17:30etan hasiko da.  Jarraian, umeei bideratutako beste bi ekintza izango dira 18:30ean: “Entzunez sortu” izeneko sormen-esperientzia tailerraz gain, nahiago dutenek, aukera izango dute ordu berean  aurpegiak margotzen ikasteko tailerrean parte hartzeko.

Larunbatean ere, haurrek izango dute zertaz gozatu. Izan ere, goizean, bi sormen-tailer antolatu dira. 11:00etatik aurrera, buruhandiak egiten ikasteko tailerra egingo da; 11:30an, berriz, zirku tailerra eskainiko du Nere Rubiok. Buruhandi tailerrean parte hartzeko ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea; urriaren 10a baino lehen sorkide@urolakosta.eus helbidera idatzita edota zuzenean Urola Kostako Udal Elkartera deituta (943 89 08 08).

Larunbat arratsaldean, 17:00etatik aurrera, “Olaten xuxurla” izeneko ipuin kontaketa saioa eskainiko du Leire Zinkunegi oriotarrak. Saioa Sormen Eskolan egingo da (Bizkaia kalea, 11).

Haurrei bideratutako ekintza guztiok (Ipuin Kontaketak salbu) Lege Zaharren Enparantzan egingo dira. Eguraldi txarra eginez gero, Merkatu plazako 1. solairura lekualdatuko dira ekimenak. 

“Ingurumenaren uberan”, zuzeneko emanaldi ugari

Aurtengo eskaintzari erreparatuta, itsas-ondarea eta bailarako kultura-tradizioa balioan jartzeaz gain, zuzeneko ikuskizun berritzaileenez gozatzeko aukera izango dela esan daiteke.

Musika emanaldiei dagokionez, afalosteko ordutegietatik arratsera igarotzeko apustua egin da. Ostiralean, Unax Nogales eta Antxon Sarasua zarauztar bikotearen eskutik GAME COVER izeneko bertsio-emanaldi musikatuaz gozatzeko aukera izango da. Larunbatean, aldiz, Bermuda Kolektiboak (ANWOLT eta XIARROMAN) musika elektroniko alternatiboa herritarrengana gerturatzeko ahalegina egingo du.  Bi musika emanaldiak  Lege Zaharren Enparantzan izango dira; 20:00etatik aurrera.

Musikarekin jarraituz, aipatzekoa da larunbatean ospatuko den eskualdeko abesbatzen lehen topaketa.  Elkarrekin eskainiko dute kontzertua eskualdeko 3 abesbatzek (Salatxo Abesbatza, Salbatore Deuna Abesbatza, Zarauzko Abesbatza) eta guztira, 120 pertsona baino gehiago taularatuko dira. Emanaldia Zarauzko Parrokian izango da, 20:15etik aurrera.

Azpimarratzekoa da, bestalde, Itsasotik Herrira jaialdiaren 2. edizio honetarako espresuki sortutako “HAUTS” bideo-mapping ikuskizuna. Bideo-mapping animazio teknika, dantza eta antzerkia uztartuz osatu da ekimena. Punta-puntako zuzeneko ikuskizun berritzailea ontzen, guztira, sortze-diziplina ezberdinetatik datozen eskualdeko 10 profesionalek hartu dute parte.  Emanaldia Arrosategi parkean eskainiko da; eta 4 zuzeneko egingo dira: bi ostiralean (21:00etan eta 22:00etan), beste bi larunbatean (22:00etan eta 22:45ean).

Jakina, eskualdeko itsas-ondareari eta kultura-tradizioari ere egingo zaio keinu. Ez da nolanahiko proposamena Beduola Elkarteak aurtengorako dakarrena: eskualdeko ontzirik zaharrenetarikoa izan litekeen  “Hiru Anai” (Deba, 1928) ontziaren berreskuratze-lanak aterako dira argitara, Munoan. Planoak berreskuratu eta ontziaren azterketa egin ostean, kalean bertan, in situ, muntaketa lanak egingo baitituzte herritarren aurrean.

Udal Elkartearen Laboretegi teknologikoaren eskutik, berriz, 3D inprimatze eta mikroprogramazio erakusketa eskainiko da; bi egunez, Etxezabalan.

Asteburu osoan zehar eskualdeko artelanak ere izango dira ikusgai. Batetik, “7 begirada ingurumenari” eskultura-erakusketa egongo da Arrosategia parkean. Bestetik, eskualdeko 10 artisten lanak erakutsiko dira Musika plazan, nahiz herriko hainbat establezimendutan.