Berriak

Atzealdea

Aurkeztu da Itsasotik Herrira ekimenaren lehen edizioa

Urriaren 12 eta 13an eskualdea astinduko du itsasaldeko sormen, kultura eta gastronomia olatuak. Bi egunez, 5 herritan, 30 ekimen baino gehiago eskainiko dira.

2018·10·03


Aurrekariak:

Lankidetza ardatz, aurtengo KOSTA GASTRONOMIKA jardunaldiak SORKIDE, Urola Kostako Kultura eta Sormen Industrien ekimen berritzailearekin uztartuta osatu da ITSASOTIK HERRIRA jaialdia. Hau da, egitasmoa Urola Kostako Udal Elkartearentzat estrategikoak diren bi proiekturen bateratzetik jaio da.

Alde batetik, SORKIDE egitasmoa dugu oinarri. Urola Kostako Udal Elkarteak 2017. Urtean eskualdeko kultura eta sormen industrien sektorea aztertu zuen. Azterketa horrek, erakutsi zuen Urola Kosta eskualdean kultura eta sormen industrien (KSI) alorrean lanean diharduten enpresa, profesional, entitate eta pertsona ugari dagoela. Behin sektorea aztertuta, diagnosiak agerian utzi zituen sektorearen potentzialitate eta ahultasunak, eta lanketarekin jarraitzeko hainbat helburu identifikatu ziren:

  • Sektorearen ikusgaitasuna areagotzea. Alor horretan diharduten ahalik eta enpresa, entitate eta profesional gehienak identifikatu, ezagutzera eman eta beren jarduera balioesteko.
  • Guztien arteko sare bat eratzea, eta sektorea profesionalizatzea.
  • Azkenik, lankidetzan oinarritutako egitasmoak identifikatzea eta garatzea; beti ere sektoreko jarduera ezberdinen artean.

Bestetik, baliatu da ekimena iazko Kosta Gastronomikaren baitako jardunaldien jarraipena emateko. Kosta Gastronomikaren eskaintza gure eskualdeak gastronomiaren arloan duen aberastasunean oinarritzen da,  mundu zabalean aitortutako ospea duten eta goi mailako kalitatea duten produktuak enbaxadoretzat hartuta.

Parrilla Urola Kostako eskualdeko enbaxadore nagusi, herri bakoitzak badu berea: Getariak txakolina, Oriok bisigua, Zarautzek merkatua, Aiak gazta eta Zumaiak Flyscheko olagarroa. Kosta Gastronomikaren bitartez, bertako produktuak balioan jartzeaz gain, parte-hartzaileei esperientzia ahaztezinak bizitzeko aukera eskaintzen zaie.

Eta gastronomiak baduenez sormenetik, eta badenez gure kulturaren adierazgarri, bada aipatutako bi ekimenen arteko bidegurutzetik garatu da ITSASOTIK HERRIRA ekimena. Hala, eskualdeko izaera bereizten duen ondarea izango du oinarri ekimenak; itsasoa, alegia. Kostan, itsasoari begira garatu baitugu gure bizimodua. Ondorioz, baita gure sormen eta kultura ehuna ere. Eta nola ez, gure gastronomia. Gure eskualdearen harribitxietako bat.

Lankidetza ardatz, egitarau oparoa:

ITSASOTIK HERRIRA ekimenak berezi egiten duen ezaugarriren bat baldin badu, zera da: lankidetzatik eta lankidetzan sortutakoa dela. Urola Kostako Udal Elkarteak estrategikoki sustatutako ekimena bada ere, eskuz- esku, zuzenean ondu da gure bailarako sormen, kultura, eta gastronomia ehuna osatzen duten profesional, eragile, elkarte, enpresa eta norbanakoekin.

Udal Elkarteak eskualdearen potentzialitateak baliatu eta lankidetzaren bidetik bailara eraikitzen jarraitzeko konpromisotik gorpuztu da proiektua. Egitaraua osatu da Udal Elkartearen sostenguaren aterpean jardun duten 13 diziplinetako 60 eragile baino gehiagoren elkarlanaren bitartez. Guztira, 30 ekimen inguru eskainiko dira eta balio erantsi bezala azpimarragarria da, horietako asko eta asko, propio, Itsasotik Herrira ekimenerako sortuak izan direla.

Sortze-esparru ezberdinetatik datozen kideekin, elkarlanean, hasi gastronomiatik, artisau, antzerki-ikuskizun, eskultura, margolari, bertso edota musikaz osatu da kultura-ondarean jirako  egitaraua. Ekitaldi guztiek gure eskualdearen kutsua izango dute. Horietako batzuk, itsasalde honetan, kostan, urte luzez pilatutako iragan-tradizioei egingo diote keinu; beste batzuk, aldiz, gaur egungo proposamen berritzaileenekin batera,  gerora begira bide bat zabaltzeko asmoz eratu dira.

Ahalegin berezia ere egin da eskaintza herritar guztiengana bideratzeko. Haur, gazte nahi helduentzako eskaintza zabala osatzeaz gain, ekimen guzti- guztiak doan izango dira.

Informazio gehigarria:

  • Kosta Gastronomikaren baitako herriz- herriko esperientzietan parte hartzeko aurretiazko izen-ematea ezinbestekoa izango da. Erretserbak bi modutara bideratuko dira. Batetik, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako Turismo bulegoetatik; bestetik, Urola Kostako Udal Elkartearen webgunean eskuragarri jarriko den formulario/inprimakiaren bitartez. Pertsona-kopuru mugatua izango da esperientziako, eta gehienez, esperientzia bat baino ezingo da bizi pertsonako. Izena eman eta erretserbak egin daitezke ondoren estekan: www.urolakosta.eus/eu/itsasotik-herrira
  • ITSASOTIK HERRIRA-ri buruzko informazioa guztia ondorengo webgunean duzue eskuragarri; https://www.itsasotikherrira.eus/
  • Ekitaldia iragartzeko bideoa esteka honetan duzue: https://www.youtube.com/watch?v=rFZ1eudZDlI&feature=youtu.be

Antolatzaileak: Urola Kostako Udal Elkarteak sustatutako ekimena da eta 5 herrietako Udaletako kultura eta turismo sailekin elkarlanean garatu da. Proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Laguntza izan du.

Aurkezpenean izan dira: Igor Iturain, Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria; Eli Uzkudun, Urola Kostako enpresa zerbitzuetako teknikaria, eta Idoia Lertxundi, Zarauzko Sormen Eskolako arduraduna.