Berriak
Atzealdea

Aurkeztu da Itsasotik Herrira jaialdiaren bigarren edizioa: urriaren 11 eta 12an ospatuko da Zarautzen

Guztira, 20 ekimen baino gehiago eskainiko dira; guztiak ere, “Ingurumenaren uberan” garatutakoak.

2019·09·23


Bigarren urtez jarraian, Itsasotik Herrira jaialdia ospatuko da urriaren 11 eta 12an, Zarautzen. Iazko lehen edizioan bezalaxe, Urola Kosta eskualdeko izaera bereizten duen sormen eta kultura ondarea izango du oinarri ekimenak. Aurtengoan, gainera, ingurumena gaitzat hartuta landu da bi eguneko egitarau zabala. Hain zuzen ere, “Ingurumenaren uberan” goiburu hartuta garatu dituzte proposamenak ekimenean parte hartu duten eskualdeko artista eta sortzaileek.

Jaialdia Urola Kostako Udal Elkarteak sustatutako ekimena da. Igor Iturain Urola Kostako Lehendakariak adierazi duenez, “Udal Elkarteko Garapen Agentziak duela 3 urte abiatutako Kultura eta Sormen Industrien sektorea suspertzeko lan-lerro estrategiko oso bat” dago jaialdia aurrera ateratzeko ahaleginaren atzean.

Udal Elkarteak eskualdearen potentzialitateak baliatu eta lankidetzaren bidetik bailara eraikitzen jarraitzeko konpromisotik gorpuztu da proiektua. Lankidetza ardatz, eskualde mailako ekimena 5 herrietako Udalekin elkarlanean garatu da, baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin ere. Eta zuzenean ondu da, eskuz-esku, bailarako sormen eta kultura ehun aberatsa osatzen duten profesional, eragile, elkarte, enpresa eta norbanakorekin. Zehazki, Udal Elkartearen sostenguaren txapelapean eta elkarlanean jardun duten 14 diziplinetako 50 eragile baino gehiagoren partaidetzarekin antolatu da jaialdia.

Eskualdeko kultura-ondarean jiran, guztira, 20 ekimen inguru eskainiko dira  Zarauzko hainbat gunetan. Eskaintza zabala izango da, diziplina anitzeko egitasmoz osatua (eskultura, artisautza, dantza, kultura-ondarea, musika, antzerkia…) eta guztiek izango dute, nabarmen, eskualdeko kutsua: batzuek, Urola Kostan urte luzez pilatutako iragan-tradizioei egingo diote keinu; beste batzuk, aldiz, gaur egungo proposamen berritzaileenekin batera, gerora begirako bide berri bat zabaltzeko asmoz eratu dira. Horietako proposamen eta ekoizpen ugari, gainera, Itsasotik Herrira jaialdirako propio sortutakoak dira. Ahalegin berezia ere egin da eskaintza herritar guztiengana bideratzeko. Eta doan izango dira haur, gazte nahiz helduei bideratutako ekimen guztiak.

Ingurumenaren uberan, berrikuntza ugari:

Itsasotik Herrira ekimenak berezi egiten duen bereizgarriren bat baldin badu, zera da: “lankidetzatik eta lankidetzan” sortutakoa dela. Horixe, eta jaialdiaren “bihotz nahiz motorra” izatera iritsi den eskualdeko sektore-mahaia nabarmendu nahi izan ditu Eli Uzkudunek, jaialdiaren koordinazio lanetan diharduen Udal Elkarteko Enpresa Zerbitzuetako teknikariak: “Elkar-lanaren eredurik argigarriena eskualde mailako sektore-mahaia bera dugu. Eskualdeko KSI sektorea sendotzen lagunduko duten estrategiak definitu eta garatzeko asmoz sortu zen. Sendotasunez, erakundeen eta eragileen inplikazioari esker, mahai iraunkor bat izatea lortu dugu. Eta besteak beste, fruitutzat eman du Itsasotik Herrira jaialdia”.

Ondoren, aurtengo edizioko nondik norako guztiak xehetu ditu Uzkudunek. Azaldu du, iazko sormen olatua 5 herrietan lehertu bazen ere, 2. edizio honetatik aurrera “jaialdi ibiltaria” egiteko hautua egin dela. Urtez urte jaia herriz lekualdatzea erabaki da; bereziki, “eskualdeko eskaintza herri guztietara modu nabarmenagoan gerturatzeko”.

Bestetik, jai ibiltaria izatearekin batera, edizioz-edizio, gizarte intereseko gairen bat lehen lerrora ekartzeko apustua ere egin da. Hala, aurtengo jaialdian ingurumena izango da helduleku. “Ingurumenaren uberan” goiburu hartuta, egitarauaren baitako proposamen guztiak, nolabait, ingurumena gaitzat hartuta osatu dira. Esaterako, artista eta sortzaile batzuk ingurumena inspirazio iturri izan duten bitartean, beste ekimen batzuk ingurumena zaintzearen garrantziaz sentsibilizatzeko garatu dira.

Jaialdiaren nortasun irudi berria ere badakar aurtengo edizioak. Eskualdeko sortzaileekin garatu den diseinuak “kostako irudi fresko-freskoa” du eta, aldi berean, ezin hobeto irudikatzen eta barne-biltzen ditu 5 udalerrien eta eskualdeko eragileen elkarreragina.

Itsas-ondarea, tradizioa eta zuzeneko ikuskizun berritzaileenak

Egitarauaren aurrerapen gisa, hitza hartu dute jaialdian parte hartuko duten eskualdeko zenbait eragilek. Itsas-ondarea berreskuratu, balioan jarri eta gizarteratzeko ahaleginean diharduen Beduola Elkarteren izenean hitz egin du Beñat Ibaietak. Adierazi du,  “iazko esperientzia aberasgarriaren ondoren”, aurtengorako oso gogotsu daudela. Ez da nolanahiko proposamena Beduola Elkarteak aurtengorako dakarrena: eskualdeko ontzirik zaharrenetarikoa izan litekeen  “Hiru Anai” (Deba, 1928) ontziaren berreskuratze-lanak aterako dira argitara. Planoak berreskuratu eta ontziaren azterketa egin ostean, kalean bertan, in situ, muntaketa lanak egingo baitituzte herritarren aurrean.

Bestalde, “Hauts” izeneko zuzeneko bideo-mapping ikuskizunaren berri eman dute Iraia Elias aktoreak eta  Oihana Leunda artistak.  Espresuki, Itsasotik Herrira jaialdirako sortutako ekoizpena da; bideo-mapping animazio teknika, dantza eta antzerkiarekin uztartuz osatutakoa. Punta-puntako zuzeneko ikuskizun berritzailea ontzen, guztira, sortze-diziplina ezberdinetatik datozen eskualdeko 10 profesionalek hartu dute parte. 

Elias eta Leundaren ustez sortze prozesua bera oso aberasgarria izan da eta  aitortu dute emaitza jendaurrean erakusteko “irrikaz” daudela.