Berriak

Atzealdea

Aurkeztu da UROLAPIKO: Urola Kostako elikagaien banaketa sistema berritzailea

Urola Kostako elikagaien banaketa sistema berritzailea

2018·10·25


Lankidetza proiektuaren erakusle, hainbat erakunde eta eragiletako ordezkariak izan dira Zarauzko merkatuan egindako agerraldian. Komunikabideen aurrera agertu dira: Arantza Madariaga (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren baitako Elika Fundazioko zuzendaria), Igor Iturain (Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria), Jose Angel Zaldua (Orioko Udaleko alkatea), Yurre Peñagarikano (Urkomeko gerentea), Miren Prieto (Lakari Kooperatibako kidea), Saioa Sese (EHUko kidea), Karlos Renedo (Hiritik At Kooperatibako kidea) eta Mikel Eizagirre (Gurmendi baserriko ekoizlea).

EAE mailan elikagaien industriak aukera asko dituela azpimarratzeaz gain, Arantza Madariagak ekimenaren izaera “kooperatiboa” nabarmendu du. Madariagaren ustez, beharrezkoa da “mundu globalizatu honetan eragile txikien arteko elkar- ezagutza indartzea, baita  elkarlanean aritzea ere. Aldi berean, eremu publiko eta pribatuaren arteko elkarlanaren bidetik jarraitu behar dugu lanean; bai, behintzat, aukera berriak sortu eta lehiakorrak izan nahi badugu”. Urola Kostan halako egitasmo berritzaile bat abian jarri izana “oso garrantzitsutzat, estrategikotzat” jo du Madariagak: “behin proiektu pilotua martxan jarrita, eredugarri izan liteke eskualdean bertan beste egitasmo batzuk garatzeko, edota baita beste leku batzuetara zabaltzeko ere”. Prozesua objetiboki aztertu, baloratu eta hobetzearen ardura Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Sistematizazio taldekidea den Saioa Sese-rena izango da.

Zer da UROLAPIKO?

Tokiko garapen iraunkorra ardatz, Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko hainbat eragileekin elkarlanean ondutako eskualde mailako ekimena da. Landa-eremuaren potentziala  eta eskualdeko nekazal produktuak balioan jarriz, ekoizle eta transformatzaileentzako merkaturatzeko zirkuitu laburrak topatu eta banaketa eredu berriak irekitzea du helburu proiektuak. Beti ere, eskualdeko elikadura kateko eragileen arteko elkar- ezagutza eta elkarlanaren bidetik.

Ekoizleak kokatu dira banaketa sistemaren erdigunean eta aldi berean, hiru arlotan da berritzailea proiektua:  

  • Esparru soziokulturalean: gertutasunetik eta kooperaziotik lan eginez, elikadura burujabetzaren baitan, proiektu integrala da. Hau da, banaketa-kate osoko agente guztiak kontuan hartu ditu.
  • Esparru ekonomikoan: ekimena ekonomia sozial eta eraldatzailean oinarritu da , erabat. UROLAPIKO proiektuaren bitartez sortu daitezkeen sare eta sinergiek beste hainbat proiektu eta lan berri ekarri ditzake eskualdera. Landa-eremuan hornitzaile edota lanpostu aukera berriei ateak ireki dakizkioke ekimenak.
  • Esparru ekologikoan: ingurumenarekiko begirunez, bertako produktuen eta garaian garaiko elikagaien komertzializazioa du oinarri banaketa-kateak.

Helburuak:

Egitasmoaren xedea da Urola Kostan tokiko elikadura garapenerako banatze-sistema kooperatibo integral baten sorrerarako proba pilotu bat martxan jartzea. Nola? Bada, ekoizpen, merkaturatze, kontsumitze eta erlazio sozio- kulturalen ereduak eta hauen arteko harremanen eraldaketarako tresnak sortuz. Besteak beste, ondorengo helburu zehatzak erdietsi nahi ditu UROLAPIKO ekimenak: 

  • Landa eremuko eragile profesionalen arteko elkarlana sustatzea
  • Landa-eremuaren potentziala eta balio erantsia ezagutzera ematea, eskualdeko nekazal produktuak balioan jarriz
  • Urola Kostako ekoizle eta transformatzaileentzako komertzializazio-kanal berriak irekitzea
  • Tokiko garapen iraunkorra bultzatzea
  • Informazio eta ezagutzen partekatzea
  • Informazioaren gardentasuna

Bideragarria, parekidea, jasangarria eta iraunkorra izango den banaketa sistema sortzea  du ipar UROLAPIKOk. Lehen sektorea eta ingurumena bateratuz, garapen sozioekonomikoa bilatu nahi da. Hala, lehen sektorea sustatuko da modu iraunkor batean, Urola Kostako enpresa, ikastetxe, elikagai-denda eta ekoizleekin/baserritarrekin elkarlanean.

Urratsez urrats, abian da UROLAPIKO

Proiektuaren diseinua 6 fase nagusitan egikaritu da. Behin Urola Kostako ekoizle, transformatzaile eta lehen erabiltzaileekin elkarrizketak eginda, beraien lan egiteko erak eta beharrak aztertu ziren. Ondoren heldu zitzaion proiektuaren diseinuari; talde eragileak nahiz tokiko ekoizleek eta transformatzaile txikiek, elkarlanean, produktuen banaketak egiteko eredu berri bat sortzeko. Hala, banaketa eredu berria martxan da. Izan ere, duela bi hilabete inguru jarri da abian lehen proba pilotua Zumaiako Zumaiena ikastetxean.

Proiektua abian, bat egiteko ateak zabalik

Banaketa-sistema eraginkor eta iraunkorra sustatu nahi bada, nahitaezkoa izango da sektoreko eragileak inplikatzea. Hala, agerraldian eskualde mailako agente guztiei (izan ekoizle, izan balizko erabiltzaile) gonbidapena luzatu zaie proiektuarekin bat egin dezaten. Proba gisara, proiektu pilotu gehiago martxan jartzeko interesa duten eragileek, edota ekimenarekin bat egin nahi duten ekoizleek,  proiektuko edozein kiderengana jo dezakete. UROLAPIKO ekimenaren helbide elektronikora mezu bat bidaltzeko aukera ere bada: urolapiko@gmail.com