Berriak

Atzealdea

Bisitarientzat hiztegia, euskarara hurbiltzeko

Udal Elkarteak eta eskualdeko udalek argitaratu dute; eskuko hiztegia, zazpi hizkuntza

2016·03·17


Urola Kostako Udal Elkarteak (eskualdeko udaletako turismo bulegoek eta euskara zerbitzuek elkarlanean) eskuko hiztegi bat egin du, bisitariei banatzeko.

Bisitari asko etortzen da gure eskualdeko herrietara, bereziki udaberritik aurrera. Gure bazterrak (natura, itsasoa, kostaldea), gastronomia eta kultura ezagutzera etortzen dira. Hori kontuan hartuta, gure eskualdea euskararen herria dela erakusteko prestatu dugu hiztegia.

20.000 ale egin dira eta turismo bulegoetan banatuko zaizkie bisitariei, Aste Santuko opor boladan hasita.

Zazpi hizkuntza ditu hiztegiak: euskara, katalana, gaztelania, galiziera, ingelesa, frantsesa eta alemana.

Hiztegiko hitzak hainbat multzotan sailkatuta daude: agurrak, denbora, norabidea eta lekuak, garraioa, familia, ostatuan eta jatetxean erabiltzeko hitzak, janari eta edariak, egunak eta hilabeteak eta zenbakiak.

Honako sarrera hau du hiztegiak, zazpi hizkuntzetan:

Ongi etorri!

Euskal Herrira etorri zara, gure bazterrak ezagutzera.

Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian denetarik duzu, egun eder batzuk pasatzeko. Ikusteko, bailarak, mendi eta basoak, hondartzak, itsasoa… Dastatzeko, bertako produktuak, gastronomia… Gu ezagutzeko, ohiturak, kirolak, kultura…

Eta, hiztegi txiki honetan, gure altxorretako bat, euskara.

Historiaurretik mendez mende, belaunaldiz belaunaldi, XXI. menderainoko bidea egin duen hizkuntza da geurea. Gure herrietan bizi-bizi entzun eta ikusiko duzu.

Hartu gure altxorra esku artean eta erabili!

Hiztegia eskuratu

Bisitarientzako hiztegia [pdf]

Bisitarientzako hiztegia: euskara, katalana, galiziera, gaztelania, ingelesa, frantsesa eta alemana.