Berriak
Atzealdea

Diru-laguntzak eskualdeko enpresentzat, langabeak kontratatzeko

Eskabideak aurkezteko epea amaituko da irailaren 20an. Orotara, 214.500,00 euro emango dira diru-laguntzatan.

2019·07·18


Urola Kostako Udal Elkarteak diru-laguntza deialdi bat egin du, eskualdeko enpresentzat, eskualdeko langabeak kontratatzeko. 214.500,00 euro emango dira diru-laguntzatan. Ekimen hau enplegua sustatzeko 2019ko planaren barruan kokatzen da eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatzen du.Eskabideak aurkezteko epea amaituko da 2019-09-20an.

Azken hiru-lau urteetan langabezia tasak behera egin du gure eskualdean, krisialdiaren aurreko urteetako tasetara hurbilduz. Hala ere, gizatalde batzuk beste batzuk baino zailtasun handiagoak dituzte lana lortzeko (emakumeek edo 45 urtetik gorakoek…). Horrekin batera, krisialdiak eragin nabarmena izan du enpresen lehiakortasunean eta urte zailak igaro dituzte enpresa asko eta askok eta, ondorioz, sarri uzkur agertzen dira langileak kontratatzeko.

Deialdi honen helburua, beraz, bikoitza da: alde batetik, enpresei laguntzea langileak kontratatzeko gastuei aurre egiten eta, ondorioz, lehiakortasuna hobetzen; eta, beste alde bestetik, enplegurako politika aktiboak indartu eta lan munduan sartzeko zailtasunak dituzten gizataldeetako pertsonak kontratatzea saritzea. Hori lortzeko, hain zuzen ere, bideratu da eskualdeko enpresentzako diru-laguntza deialdi hau, langabeak kontrata ditzaten.

Deialdi hau kokatzen da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2019ko Enplegua Sustatzeko Tokiko Ekintzen barruan (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren diru-laguntza deialdia, enplegua sustatzeko toki ekintzetarako: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2019ko otsailaren 28ko ebazpena, EHAA, 2019-03-25). Horrenbestez, diru-laguntzen deialdi honek bete behar ditu Lanbideren 2019ko deialdiak ezarritako baldintza guztiak.

Diru-laguntzak

Deialdi honen helburua da laguntza ekonomikoak ematea eskualdeko (Aia, Getaria, Orio, Zarautz edo Zumaiako) enpresa txiki eta ertainei, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu eskatzaile gisa izena emanda dauden pertsona langabeak kontratatzeko. Eskabideen balorazioan bereziki baloratuko dira emakumeak kontratatzen dituzten enpresen eskabideak, izan ere, 18 dirulaguntza gordeko dira emakumeak kontratatzen dituzten eskabideentzat eta gainerakoetan ere puntuazio handiagoa izango dute emakumeak kontratatzen dituzten eskabideek.

Deialdi honen bidez diruz lagunduko diren kontratazioak hasiko dira 2019-03-26tik 2019-12-31ra bitartean eta diruz lagundutako epea amaituko da, beranduenez 2020ko ekainaren 30ean. Adibide gisa, diruz lagundutako epealdia 6 hilabetekoa baldin bada, 6 hilabete horiek aipatutako epealdiaren barruan egon behar dute, hau da 2019ko martxoaren 26tik 2020ko ekainaren 30era doan epealdiaren barruan.

Kontratuen iraupena eta lanaldia

Diruz lagunduko diren kontratuak izango dira gutxienez 3 edo 6 hilabetekoak, lanaldi osokoak edo eta gutxienez %50eko lanaldia dutenak.

Diru-laguntzaren zenbatekoa

Diru-laguntzen zenbatekoa 1.500,00 eta 9.000,00 euro bitartekoa izango da, kontratatzen den pertsonaren ezaugarrien eta kontratuaren iraupen eta lanaldiaren arabera.

Kontratatutako pertsonak

Diru-laguntza eskuratzeko, kontratatutako pertsonak hainbat baldintza bete behar ditu (ikus oinarriak), besteak beste:

  • Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda egongo da enplegu eskatzaile gisa, langabezia egoeran.
  • Bere lana egingo du (edo atxikita egongo dira) eskualdean (Aia, Getaria, Orio, Zarautz edo Zumaian) kokatutako lantokietan.
  • Eskabideen balorazioan lehentasuna izango dute eskualdean (Aia, Getaria, Orio, Zarautz edo Zumaian) erroldatutako pertsonak kontratatzen dituzten eskabideek.

Eskabideak

Eskabideak aurkeztu behar dira Urola Kostako Udal Elkartean (Urdaneta bidea 6, Zarautz). Epea amaituko da 2019ko irailaren 20an.Eskabideak aurkeztu behar dira Urola Kostako Udal Elkartean (Urdaneta bidea 6, Zarautz). 

Bete behar diren baldintzak

Bete behar diren baldintzak, prozedura, eskabideak baloratzeko irizpideak eta gainerako xehetasunak oinarrietan daude zehaztuta.

Oinarriak

Oinarriak eta eskabideak egiteko ereduak eskura dituzu hemen: