Berriak
Atzealdea

Edukiontziak irekitzeko bigarren txartela banatuko da eskualdeko etxebizitza guztietara

Datozen egunetan jasoko dute txartela, gutun bidez, bost udalerrietako herritar guztiek.

2019·11·18


Errefusaren eta organikoaren edukiontziak ireki ahal izateko bigarren txartela banatuko da eskualdeko etxebizitza guztietara. Datozen egunetan jasoko dute txartela, gutun bidez, bost udalerrietako herritar guztiek.

Bigarren txartel hau ere, lehendabizikoa bezalaxe, etxebizitzari dagokio, eta soilik irekiko ditu norberaren etxebizitzari dagozkion bilketa puntuko organikoaren eta errefusaren edukiontziak. Txartela galdu edota hondatuz gero, berri bat eskuratu ahalko da udaletxean edo Udal Elkartean.

Etengabeko jarraipena: doiketak eta hobekuntzak

Iazko martxoan Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian hondakinak biltzeko zerbitzu berria ezarri zenetik, Udal Elkarteak etengabe dihardu  hondakinak biltzeko zerbitzua hobetzeko lanetan. Beti ere, gutxieneko helburuez haratago, sailkatuta ahalik eta hondakin gehien jasotzeko xedez. 2019. urtean zehar hainbat neurri hartu dira bilketa zerbitzua doitu eta hobetzeko; ahal den heinean, herritarrei ahalik eta erraztasun gehiago eskaintzeko borondatearekin. Testuinguru horretan erabaki da, herritarren iritzi eta iradokizunak kontuan hartuta,  eskualdeko etxebizitza guztietara bigarren txartela banatzea.

Zalantzarik gabe, sistema ezarriz geroztik bilakaera positiboa izan da eta hasiera-hasieratik erakutsi dute herritarrek jarrera ezin hobea. Udal Elkartetik dei egin nahi zaie herritar guztiei arduraz eta ingurumenekiko begirunez jarrai dezaten. Udal Elkarteak lanean jarraituko du, etengabeko hobekuntzaren bidetik, %75eko bilketa maila erreferentzia gisa hartuta.

Informazio eta arreta zerbitzua

Txartelaren inguruko gorabeheraren bat izanez gero, herritarren eskura dago Hondakinak Biltzeko Zerbitzuaren informazio eta arreta zerbitzua:

Urola Kostako Udal Elkartea, Hondakinak Biltzeko Zerbitzua

Urdaneta bidea 6, 20800 Zarautz

  • Tel. 943 890808
  • hondakinak@urolakosta.eus