Berriak
Atzealdea

Ekintzaileen hizkuntza-kudeaketa hobetzeko saioak izango dira apirilean

Eskualdeko ekintzaileentzako bi saio antolatu dira, espresuki; apirilaren 9an, euskaraz, eta apirilaren 16an gaztelaniaz.

2019·03·27


“Ekiten, Ekintzaile eta Enpresarien Ekosistema” eta ‘Enpresa Euskaraz Handitzen’ egitasmoak uztartuz, ekintzaileei bideratutako euskarazko saioak prestatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak. Modu honetan, eskualdeko ekintzaileek hizkuntza hobeto kudeatzeko saio teorikoak eta praktikoak izango dituzte apirilaren 9an euskaraz, eta apirilaren 16an gaztelaniaz. Saioak 13:30etik 15:00era bitartean izango dira; Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan.

Udal Elkarteak antolatu dituen saioei esker, enpresa aurreratua izateko aukerak identifikatu, eta hizkuntzen kudeaketa hobetzeko erremintak erabiltzeko gaitasuna lortu ahal izango dute parte-hartzaileek.

Besteak beste, xede da zerbitzu-hizkuntzaren eta lan-hizkuntzaren garrantzia azpimarratzeaz gain, ekintzaileak konturatzea hizkuntza kudeaketa eraginkor batek beren proiektuari zein ekarpen egin diezaioketen. Saioetan, alderdi teorikoa ezagutzeaz gain, adibideak eta irtenbide zehatzak ezagutzeko aukera izango dute partaideek.

Izen-ematea

Saioetan parte hartzeko interesa duten Urola Kosta bailarako enpresa txikiek eta ekintzaileek dagoeneko eman dezakete izena Udal Elkartearen webguneko formularioa beteta. 

Mezua ere bidali dezakete handitzen@urolakosta.eus helbide elektronikora edota 943 890 808 telefono zenbakira deitu.

Euskara erabiliz, zure enpresa handitzen joango da eta denok irabaziko dugu.

Zabaldu beraz, euskararen ateak!