Berriak
Atzealdea

Etxerako-zerbitzua edota eramateko- zerbitzua eskaintzen duten Urola Kostako ostalaritza establezimenduen zerrenda eguneratu da

Gaur gaurkoz, guztira, eskualdeko 67 establezimenduk eskaintzen dute zerbitzu hori

2021·03·31


Azken hilabeteetako ziurgabetasun testuingurua dela-eta, Urola Kostako Udal Elkarteko Garapen Agentziak ostalaritza sektorea babesteko hainbat ekimen bideratu ditu. Besteak beste, laguntza ekonomikoen inguruko aholkularitza eskaini zaie sektoreko profesionalei eta prestakuntza-ikastaro zehatzak ere antolatu dira.

Lankidetza zubiak sendotu eta berriak ere eraiki dira; Udal Elkartearekin batera,  eskualdeko 5 udalen eta udalerrietako merkatari eta ostalarien elkarteen artean hainbat ekimen eta lan-mahai martxan jarriz.  

Elkarlan horren baitan, jakien eta edarien etxerako-zerbitzua, edota establezimenduan bertan jaso eta eramateko zerbitzua eskaintzen duten eskualdeko ostalaritza establezimenduen zerrenda osatu eta etengabe eguneratzeari ekin zaio. Helburua da herritarrei herriz herriko eskaintzaren berri ematea eta bertako kontsumoa bultzatzea.

Aste Santuetako jai-egunen atarian, eskualdeko zerrenda eguneratu da. Izan ere, geroz eta gehiago dira telefonoz edo internetez eskatu, eta eramateko zerbitzua eskaintzen duten eskualdeko ostalaritza establezimenduak. Gaur gaurkoz, guztira, eskualdeko 67 establezimenduk eskaintzen dute zerbitzu hori: 2 dira Aian, 9 Getarian, 3 Orion, 29 Zarautzen eta 24 Zumaian.

Urola Kostako Udal Elkartearen webgunean dago eskuragarri eguneratutako zerrenda.

Argibideak eta izen-ematea:

Izena eman edota informazio gehiago jasotzeko, idatzi iezaguzu e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez:

  • enpresa@urolakosta.eus
  • 943890808

Proiektu hau kokatzen da Gipuzkoako Foru Aldundiaren "Gipuzkoako ehun sozioekonomikoa eskualdeko ikuspegiaren ekarpenaren bidez suspertzeko programa»ren baitan (2020ko deialdia, GAO, 2020-06-29, 121 zk).