Berriak

Atzealdea

Euskal Kosta Krosa aurkeztu dute Zumaia, Zarautz, Getaria, Orio eta Aiako udalek. Maratoi erdia.

Maratoi erdia lasterketa ibiltaria izango da, hau da, urtez urte, irteera eta helmuga aldatuz joango da. Irailaren 30ean lehen edizioa. Helburua bailara indartu eta ezagutzera ematea.

2017·09·05


Zumaia, Zarautz, Getaria, Orio eta Aiako udalek datorren irailaren 30ean lehen aldiz ospatuko den kirol froga berria. aurkeztu dute. Bertan izan dira, Maite Cruzado Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo zuzendaria, Igor Iturain Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria, Oier Korta Zumaiako Alkatea, Nika Lertxundi Getariako alkatea, Nekane Arrizabalaga Aiako Alkatea, Joxe Angel Zaldua Orioko Alkatea eta Jesus Arana Zarauzko alkate ordea.

Euskal Kosta Krosa izenarekin abian jarriko den lasterketa honek, gure kostaldea zeharkatuko du. Lasterketa, aurten, Zumaian hasi eta Zumaian bukatuko da, baina, ibiltaria izango da, abiapuntu eta helmuga desberdinak izango baititu edizio desberdinetan.

Antolakuntza lanetan dabiltza buru belarri, hain zuzen, Zumaia, Zarautz eta Getariako Udalak eta ibilbidearen eta lasterketaren ezaugarrien berri aste gutxi batzuk barru emango duten arren, erdi maratoi baten distantziako lasterketa izango dela aurreratu dute, 21.097 kilometrokoa, alegia.

Lasterketak helburu du, indarrak batuz, bailara ikuspuntua bultzatu eta gure kostaldea ezagutzera ematea. Lasterketari lotuta, gainera, bailarako turismoa bultzatu nahi da, horretarako Gipuzkoako Foru Aldundia lagun izango dute bailarako udalerriek. Lasterketari lotutako turismo hori bultzatzeko, pakete turistikoak jarri dira eskuragarri. Paketeak gau batekoak edo 2 gauetakoak izango dira eta guztietan esperientzi bat eta bisita bat eskainiko dira, udalerri bakoitzean esanguratsua den zerbaiten inguruan.

Lasterketan parte hartzeko nahiz pakete turistikoak eskuratzeko epea zabalik dago eta ondorengo webgunetan daude eskuragarri, bai paketeak eta bai dortsalak:

www.kirolprobak.com

http://www.basquedestination.com

Udal ordezkariek, krosak ibilbide izango duen bidearen edertasuna azpimarratu nahi izan dute. “Maiz inguru honetako herritarrok kostako errepidea erabiltzea nahiago izaten dugu autopista erabili ordez, bidearen edertasunagatik. Zumaiara presarik gabe gatozenean, autopista Zarautzen utzi eta kostako bideaz gozatzen dugu askok” azaldu du Oier Korta Zumaiako alkateak. Udal ordezkariek, bailaran kirol probak antolatzen duten esperientzia ere azpimarratu nahi izan dute eta ibilbide honek dagoeneko duen kirolerako erabilera “Bide hau lasterketa ibilbide bihurtzea erraza izan zaigu, herritar ugarik erabiltzen baitu dagoeneko kirola egiteko” aipatu du Jesus Arana Zarauzko alkate ordeak.

Mankomunitatearen izenean hitza hartu duen Igor Iturain lehendakariak azpimarratu nahi izan du probak duen bailara nortasuna. “Getaria, Zarautz eta Zumaia zeharkatuko dituen lasterketa bada ere, bailara guztia batu da ekimenera eta zentzu horretan Orio eta Aiako Udalerrien eskuzabaltasuna azpimarratu nahi nituzke. Lasterketatik haratago doan ekimen bat izango denez, bailarari eragingo dio bere osotasunean eta helburu du, bailarako ekonomian ere eragina izatea”.

Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo zuzendaria den Maite Cruzadok hartu du hitza eta aldundiaren prestutasuna azaldu du horrelako ekimenak babesteko eta bultzatzeko. “Dagoeneko egiten diren kirol probek turismoan nahiz bertako eta kanpoko pertsonen arteko harremanetan duten eragina argi dago eta lasterketa berri honek erabateko enkajea dauka aldunditik bultzatzen diren ekimenekin, beraz, dudarik gabe eskaini dio aldundiak probari bere atxikimendua”.

“Gaur egun gero eta pertsona gehiagok egiten du kirola, beraz, kirola ardatz hartuta, horrelako froga bat antolatzea aukera paregabea iruditu zaigu jendea gure bailarara erakartzeko, modu honetara, gure kostaldea ezagutzera emanez”, amaitu dute ordezkariek.