Berriak
Atzealdea

Euskaraldiaren ikerketa, Urola Kostako emaitzak

Aste honetan aurkeztuko dira, herriz-herri, Urola Kosta eskualdeko herrietako emaitzak

2019·11·25


2018ko udazkenean ospatu zen lehen aldiz “Euskaraldia: 11 egun euskaraz” ekimena. Herritarren hizkuntza-ohiturak euskararen alde aldatzea zuen helburu, baina lortu al zen euskararen erabilera sustatzea eta eskuratutako ohitura berriak epe luzean iraunaraztea?

Euskaraldiaren eraginkortasuna neurtzeko eta aztertzeko asmoz, I. Euskaraldia ikerketa burutu du Soziolinguistika Klusterrak. Hala, aste honetan aurkeztuko dira, herriz-herri, Urola Kosta eskualdeko herrietako emaitzak.

Hauexek dira saioen hitzorduak:

  • ZUMAIA: Azaroak 26, asteartea
    • Arratsaldeko 19:00etan, Alondegian
  • ZARAUTZ:  Azaroak 27, asteazkena
    • Arratsaldeko 18:30ean, Antoniano Aretoan
  • ORIO: Azaroak 28, osteguna
    • Arratsaldeko 18:30ean, Kultur Etxean

2. edizioari begira

Lehen edizioak emandako emaitzak eskuartean, martxan dira herrietako batzordeak. Hala, iazko esperientziak aztertzearekin batera 2020ko Euskaraldiaren berrikuntzak aurkeztuko baliatuko dira saioak.

Aurtengoan, bi proposamen dakartza Euskaraldiak: alde batetik, iaz bezala, ahobizi eta belarriprest rolak ardatz izanda, hiztunen arteko komunikazio guztietan ohiturak aldatzeko proposamena; eta beste alde batetik, norbanakotik kolektibora jauzi egin eta euskaraz aritzeko guneak sortu eta elikatzea. Horretarako, euskaldun eta euskaltzaleak aktibatzearekin batera, entitateekin ere modu sakonagoan lan egitea da aurtengo asmo nagusietako bat.

Iaz, Urola Kostako herrietan ia 9.000 lagunek parte hartu zuten Euskaraldian: Aian, 208; Orion, 1.487; Zarautzen, 4.553; Getarian, 455 eta Zumaian, 1.952; eta herri horietako bakoitzean, herri batzorde bana sortu zen.