Berriak
Atzealdea

Gaikako bilketan lagundu eta hobetzeko hondakin bilketa zerbitzuaren berrantolaketa jarri du abian Urola Kostako Udal Elkarteak

Lourdes Salsamendi, lehendakaria: “herritarra inplikatu nahi dugu".

2020·10·20


  • 3 foku ditu: Kaleko edukiontzien bilketaren azterketa, komertzioetako zerbitzua eta enpresetako zerbitzua. Hiru publiko aurrean: herritarrak, merkatari eta ostalariak, eta enpresak.
  • Lourdes Salsamendi, lehendakaria: “herritarra inplikatu nahi dugu eta bat eginik Urola Kosta garbi, ekologiko, jasangarri eta politika publiko partekatuan oinarri eraikia garatu. Hondakin bilketa eta garbiketa herritarrei zuzendutako zerbitzuak dira, baina ezinbesteko zaigu parte aktibo izatea. Ondo ari gara, baina hobetzeko aukerak ditugu; elkarrekin egin behar dugu hori”.

Urola Kostako Udal Elkarteak birziklapen tasa hobetu eta edukiontzi guneak txukun mantentzeko herriz-herriko hondakin sistemaren berrantolaketa jarri du abian. “Herriz herri eskualdeko etxebizitza, komertzio, zerbitzu eta industrietan sortutako etxeko hondakinen bilketa zerbitzuaren egoeraren azterketa burutzea dugu helburu, optimizazio-pausuak ematen jarraitzeko” adierazi du Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak.

Hondakinen 2018/851 Europako Zuzentarauak eta hondakinen lege-aurreproiektuak, Diputatuen Kongresuan izapidetzen ari direnak, gaikako bilketaren % 60ko helburua ezartzen dute 2030erako. “2019ko datuen arabera, egun Urola Kostan %70,02-ean kokatuta gaude -azaldu du Salsamendik-. Urtez-urte ehuneko hori handitzen doa, baina salto kualitatibo bat eman nahi dugu, eta hori herritarren eskutik egin behar dugu. Udal Elkartetik baliabideak jartzen ditugu, baina herritarren konpromisoa behar dugu, herritarren lankidetza. Hondakin bilketa sistemaren berrantolaketarekin herritarrak hondakinen kudeaketaren inguruan kontzientziatzea dugu jomuga, pertsonek eta eragileek sortutako hondakinak hobeto kudeatzeko duten konpromisoa areagotzeko”.

Hondakin bilketa zerbitzuaren berrantolaketa Getarian abiatu zen atzo, urriak 19, eta herriz herri igaroko da, bakoitzean 3 asteko egonaldia eginez. Getarian hasita, zeharkatuko ditu Orio, Aia, Zumaia eta Zarautz, hurrenkera horretan.

3 foku ditu: Kaleko edukiontzien bilketaren azterketa, komertzioetako zerbitzua eta enpresetako zerbitzua. Hiru publiko aurrean: herritarrak, merkatari eta ostalariak, eta enpresak.

Kaleko edukiontzien bilketaren azterketa

Kaleko edukiontzien egoera eta erabileraren azterketa burutuko du Udal Elkarteak. Aztertuko dira edukiontzien egoera, pedalak, tapak, baita dituzten pegatina informatiboak ere. Bertatik eratorritako diagnosiarekin desegokiak diren alorrak hobetzeko plangintza jarriko da abian.

Edukiontzi guneetatik haratago joango da berrantolaketa: biohondakinaren edukiontzietan inpropioen presentziaren azterketa, eta errefusaren edukiontzietan komertzio eta jatetxeetako poltsa beltzen jarraipena burutuko da.

Horrez gain, ostalari eta komertzioen eskaerekin bat etorriz, ontzi arinen edukiontzien aho handiaren giltza emango zaie. “Errefusan ontzi arin ugari doaz egun, eta aztertu da horiek sortzaile handienak direla hein handi batean. Arrazoietako bat izan liteke ontzi arinen edukiontziak duen aho txikia. Horregatik, sortzaile handi guztiei ontzi arinen edukiontziko aho handiaren sarrailaren giltza emango zaie, errazagoa eginez hondakinak egoki botatzea” nabarmendu du lehendakariak.

Bolumen handiko zerbitzua ere aztergai izango da. Gaur egun astean behin dago aukera herri bakoitzean bolumen handiko hondakinak botatzeko. Informazioan enfasia jarriko da adieraziz zein den eguna herri bakoitzean eta hori ez betetzeak dakarren ohartarazpena edo isuna.

Gaur egun UKUEn 249 edukiontzi gune daude: 19na Aian eta Getarian, 40 Orion, 55 Zumaian eta 116 Zarautzen.

Edukiontzi gune estrategikoetan informazio euskarri (totem) bat jarriko da, hondakin bereizketa zer-nola burutu behar den azaltzen duena. Horrez gain, edukiontzi guneetan lekuz edo egunez kanpo edo gaizki bereizita dauden poltsa edo hondakinei kanpainaren pegatina bereizgarria ezarriko zaie eta bertan utzi denbora mugatu batez herritarrek bistara dezaten. Lan hauek aurrera eramateko kale ikuskatzaile eta kale hezitzaileak egongo dira.

Komertzio eta zerbitzuen bilketa berezia berrantolatu eta optimizatzeko pausuak emango dira

Gaur egun, 440 komertziotan egiten da bilketa berezia eskualdeko 5 herrietan. Kanpainak aztergai izango du gaur egungo bilketa zer-nola burutzen den, bere berrantolaketa, saltoki berrien atxikimendua eta baliabideen optimizazioa.

“Bilketa zerbitzu berezia hau ahalik eta saltoki gehienera zabaldu nahi dugu. Horretarako hezitzaile bat igaroko saltoki guztietatik zerbitzuaren funtzionamendua zein den azaltzeko eta iradokizunak jasotzeko. Atxikipen kopuruak gora egitea dugu helburu, eta horrekin eta merkatariek luzatutako iradokizunak aintzakotzat hartuta, zerbitzua optimizatu eta berrantolatzeko pausuak emango ditugu”.

Enpresen bilketa zerbitzu berezian ere aztergai

Urola Kostako Udal Elkarteak 2018 urtean jarri zuen abian eskualdeko enpresen hondakin bilketa zerbitzu berezia. 360 enpresek erabiltzen dute egun. Enpresa gehiago atxiki nahi ditu Udal Elkarteak zerbitzura. Horretarako herri guztietako enpresetara bisitak egingo dira hondakin bilketan jarriz fokoa. 

Organikoaren eta errefusaren edukiontziak berriz ere txartelarekin

2018an itxi ziren organikoaren eta errefusaren edukiontziak eta berriz zabaltzea erabaki zen martxoan Covid-19ak eragindako pandemiaren aurrean herritarren segurtasuna bermatzeko. Orain, organikoaren edukiontzian inpropio kopuruak gora egin du eta errefusaren edukiontzietan ostalaritzako poltsa beltz asko agertzen ari dira. Ondorioz, edukiontzi hauek berriz ere txartel bidez soilik zabaldu ahal izango dira. Getariakoak urriaren 26an itxiko dira eta, aurreikusten da Aia eta Oriokoak azaroan ixtea, Zumaiakoak abenduan eta Zarauzkoak urtarrilean. Txartelak Udaletxean edo Udal Elkartean eskatu ahal izango dira.

Lourdes Salsamendi lehendakaria: “beraz, herritarra inplikatu nahi dugu eta bat eginik Urola Kosta garbi, ekologiko, jasangarri eta politika publiko partekatuan oinarri eraikia garatu. Hondakin bilketa eta garbiketa, herritarrei zuzendutako zerbitzuak dira, baina ezinbesteko zaigu parte aktibo izatea, eta konprometituak gainera. Ondo ari gara, baina hobetzeko aukerak ditugu; elkarrekin egin behar dugu hori”.