Berriak

Atzealdea

Getaria, Orio, Zarautz, Aia eta Zumaiaren turismo eskaintza Bilboko Areatzako Kaian

3
Gaur eguerdian egin da inaugurazioa. Hiru egunez hainbat ekitaldi izango dira gure herrien turismo eskaintza ezagutzera emateko.

2015·10·15


Getaria, Orio, Zarautz, Aia eta Zumaia asteburuan Bilboko erdialdean izango dira, hain zuzen ere Areatzako Kaian (Musika kioskoaren parean, Arriagako zubiaren ondoan). Ostiral, larunbat eta igande honetan (urriaren 16, 17 eta 18an) Urola Kosta eskualdeko udalerri horiek beren turismo eskaintza bilbotarrei eta Bilbora hurbiltzen diren bisitariei aurkeztu eta erakutsiko diete. Aurreko bi urteetan Donostiako Boulevarden eta Gasteizko Posta kalean erakutsi eta aurkeztu zen, hurrenez hurren, Urola Kostako eskaintza.

Inaugurazio ofiziala ostiral honetan egin dugu (urriaren 16an), 12:00etan, arduradun publikoek banda moztu dutenean. Ekitaldian izan dira, Xabier Otxandiano, Bilboko Udaleko Ekonomi Garapen, Merkataritza eta Enplegu Sailaren zuzendaria; Mercedes Rodríguez (Bilbao Turismoko zuzendaria), Igor Iturain (Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria), Miren Vives (Cristóbal Balenciaga Museoko zuzendaria) Arantza Madariaga (Basquetourreko zuzendaria) eta Maite Cruzado (Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria).

Jarraian, batera, parrila prestatu eta hegaluzea dastatzeko aukera izan da (2 € pintxoa). Bertan, Kaia jatetxeko Peio, Iribar jatetxeko Manu, Katxiña erretegiko Jose Miguel eta Bodegón Joxe Mari jatetxeko Joxe Mari parrileroak aritu dira. Hegaluzea dastatzeko aukera izango da berriz ere larunbatean (12:00etan eta 19:00etan) eta igandean (12:00etan). Euskal kostaldearen bereizgarri den produktu horri laguntzen izango da Gipuzkoako beste produktu ospetsu bat, jatorri izendapeneko Getariako Txakolina (euro batean).

150 metro karratu dituen karparen barruan Getaria, Orio, Zarautz, Aia eta Zumaiako turismo eskaintzaren informazioa eskura daiteke. Horren ondoan dagoen eremuan, hainbat jarduera egingo dira, besteak beste, tailerrak, hurbiltzen diren guztientzat eta bereziki haurrentzat.

Tailer horietan egingo diren gauzek lotura dute bost herri horietako turismo baliabideekin eta enpresekin. Cristóbal Balenciaga Museoak, adibidez, tailer bat antolatuko du; Maisor enpresak Kantauriko antxoak garbitzen eta gatzetan jartzen erakutsiko du; Baratzak garrantzia handia da Urola Kostan eta, ondorioz, haurrek aukera izango dute letxu eta barazki txiki ekologikoak landatzeko; Haurrek "Itsasotik mahaira" tailerrean parte hartu ahal izango dute, arrain motak ezagutu eta nola prestatzen diren ikasteko; Beste tailer bat ere bada haurrentzat, "Geoparkeko altxor fosilak" izenekoa, fosilak nola egiten diren eta zein motakoak dauden ikasteko (gainera aukera izango dute erreplikak egin eta etxera eramateko).

Honakoa da karparen ordutegia:

  • urriak 16, ostirala, 12.00-15.00 eta 16.00-20.30
  • urriak 17, larunbata, 11.00-15.00 eta 16.00-20.30
  • urriak 18, igandea, 11.00-15.00.

 

1 2 3