Berriak

Atzealdea

Hazilan, 2. edizioa: eskualdeko gazte kualifikatuentzat

Eskualdeko enpresa eta gazte langabeentzako proiektua da. Apirilaren 26an informazio saioa egingo dugu, xehetasunak azaltzeko.

2016·04·14


Urola Kostako Udal Elkarteak HAZILAN PROIEKTUAren bigarren deialdia egin du. Lehendabizikoa joan den otsailean hasi zen eta orain bigarrena. Jardunaldi bat egingo dugu apirilaren 26an interesa dutenei xehetasun guztiak azaltzeko.

Zer da Hazilan?

Gazteei gaur egun beharrezkoak diren trebetasunak bereganatzen laguntzeko eta, era berean,  enpresek dituzten beharrei erantzuteko programa da.

Programaren balio erantsia da esperientzian oinarritutako ikaskuntza jasotzea, hain juxtu ere gaur egun enpresek eskatutako trebetasun eta konpetentziak lantzeko.

Nori zuzendua dago?

20-35 urte bitarteko gazteentzat eta goi mailako ikasketak dituztenentzat. Eskualdekoek lehentasuna izango dute.

Hazilan programan parte har dezakete langabezian dauden pertsonek edo lanean ari direnek, betiere asteko gehienez 20 orduko lan-kontratua baldin badute eta laneko ordutegia Hazilan programaren egutegi eta ordutegiarekin bateragarria baldin bada.

Zer lantzen da eta nola?

Gaur egun enpresak gero eta gehiago eskatzen ari diren konpetentzia pertsonalak eta profesionalak landuko ditugu: proaktibitatea, norbere buruarekiko konfiantza, taldean lan egiten jakitea…).

Programak bi fase edo atal ditu. Partehartzaileek lehendabizi AKTIBATU urratsa egingo dute: zeharkako konpetentziak landuko dituzte ikasitakoa egiteko eta praktikatzeko metodologia erabiliz. Ondoren, laneratzeko aukera eta bideak aztertuko ditugu partehartzaile bakoitzarekin, bere ezagutza, jarrera, nahi eta ezaugarrien arabera: proiektu zehatzen lanketa, praktikak, prestakuntza lanpostuan bertan…

Egutegia eta ordutegia

Aktibatu (lehen urratsa, konpetentzien lanketa):

  • Noiz: Maiatzak 23-Uztailak 14
  • Egunak: astelehenetik ostegunera 9:30etatik 13:30era.

Laneratze baliabideak (bigarren urratsa):

  • Noiz: Iraila-Abendua

Izen ematea

Apirilaren 25etik maiatzaren 6ra.

Izena emateko bi modu daude: bat, Urola Kostako Udal Elkarteko egoitzara bertaratuta. Bestea, izena emateko eskaera-orria posta elektronikoz bidalita (helbidea lanpoltsa@urolakosta.eus).

Argibideak eta eskaera egiteko orria eskura hemen.

Informazio-saioa

Informazio-saioa egingo dugu, interesa dutenei programaren xehetasunak azaltzeko:

  • Eguna: apirilak 26
  • Ordua: 10:00-11:00
  • Non: Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan (Urdaneta bidea, Zarautz)

Programa operatiboa 2016-2020

Hazilan proiektuak 5 urteko iraupena izango du (2016an hasi eta 2020an amaituko da). Proiektu hori Garapen Elkarteak (Garapen Agentzien Euskal Elkarteak) koordinatuko du eta 20 garapen agentziak hartuko dute parte, tartean Urola Kostako Udal Elkarteak.

Proiektuaren %50 Europako Gizarte Funtsak (EGIF) finantzatuko du eta beste %50 garapen agentzia bakoitzak (gure kasuan Urola Kostako Udal Elkarteak).