Berriak

Atzealdea

Hernio mendikatearen mapa turista eta bisitarientzat

Tolosaldea, Urola Erdia eta Urola Kosta eskualdeek egin dute mapa lakidetzan, Hernio mendikatearen balioa bisitari eta turistei ezagutzera emateko

2018·05·18


Tolosaldea, Urola Erdia eta Urola Kosta eskualdeek, lankidetzan, Hernio mendikatearen mapa turistikoa argitaratu eta aurkeztu dute. Helburua da mendikatearen turismo eta aisialdirako balioa azpimarratzea eta erakustea, mapa baten bidez. Izan ere, Hernio ingurua leku enblematikoa da gipuzkoarrentzat eta hori baliatu nahi dute hiru eskualdeetan, turismora begira. Euskal tradizioak bizirik mantentzen diren tokia da –iraileko erromeriak, mendizaletasuna, artzaintza, erlijio usadioak...–, balore natural eta paisajistikoak ditu, kokapen estrategikoa du Gipuzkoaren erdian...

Era berean, bi oinarri hartu dituzte kontuan euskarria sortzeko. Alde batetik, San Sebastian Region estrategia turistikoan sartu dute ekimena, turistak lurraldean zehar barreiatzeko. Bestetik, berriz, aintzat hartu behar da bisitaria nondik nora ibiliko den bisitariak berak erabakizten duela, edozein muga edo banaketa administratiboren gainetik, eta lurraldearen orografiak eragin nabarmena duela bisitariaren erabaki horretan.

Hernioko mapa turistikoaren bi bertsio egin dituzte, bata euskaraz eta gaztelaniaz (7.000 ale) eta bestea ingelesez eta frantsesez (3.000 ale). Mapa lurraldea airetik ikusiko balitz bezala marraztu dute, barnealdetik kosta eta hiriburura begira jarrita. Erdian Hernio tontorra agertzen da eta bereziki nabarmenduta Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremuak barneratzen dituen herriak.

Era berean, Hernio zeharkatzen duten ibilbide luzeak eta Zelatunera gerturatzen diren ibilbide motz nagusiak ere markatu dituzte, bai eta inguruko museoen informazioa ere. Maparen atzealdean Hernio tontorrerako igoera nagusiak zehaztasunez deskribatuta daude, ibilbideen informazio teknikoarekin. Mendizaleak ez direnentzat errepide paisajistikoak ere nabarmendu dituzte, hau da, Tolosa-Loiola eta Asteasu-Aia. Hernio inguruan ospatzen diren kirol probak ere aipatu dituzte, eta atal berezia eskaini diote Alkizako Fagus-Hernio-Gazumeko interpretazio Zentroari.