Berriak

Atzealdea

Hondakinak Biltzeko Sistema Berria indartzeko sentsibilizazio kanpaina apirilean zehar, herriz herri

Kalez kaleko sentsibilizazioa, hitzaldi irekiak eta kolektibo ezberdinei bideratutako tailerrak egingo dira datozen lau asteetan. Kanpainaren helburua herritarren kezkak eta zalantzak argitzea da.

2018·04·09


Hondakinak Biltzeko Sistema Berria ezarri zenetik bi hilabete pasa direnean, Urola Kosta Udal Elkarteak herriz herriko sentsibilizazio kanpaina bat egingo du apirilean zehar, “herritarren kezkak eta zalantzak argitzeko, eta ondorioz, sailkatze portzentajeak igotzeko”.

Sistema berriaren bilketa datuak eta emaitzak aurrerago jakinaraziko badira ere, hasiera “gorabeheratsu” baten ondoren, “zerbitzua egonkortzen” ari dela azpimarratu behar da, besteak beste, herritarrak egiten ari diren ahaleginaren ondorioz. Hori dela eta, Udal Elkarteak eta udalek herritarren jarrera eta ahalegina txalotu nahi dute.

Dena dela, ahaleginak ahalegin, sailkatze portzentajeak hobetzen jarraitu behar dugu eta, horretarako, sentsibilizazio kanpaina egingo da bost udalerrietan, apirilaren 11n hasita, lau astez. Hiru ekimen ditu kanpainak: kalez kaleko sentsibilizazioa, hitzaldi irekiak eta kolektibo edo hartzaile zehatzentzako tailerrak.

Kalez kaleko sentsibilizazioa

Ingurumen hezitzaileak herriz herri ibiliko dira, goizez (9:30-12:00) eta arratsaldez (16:00-19:00), edukiontziak dauden puntuetan. Bisita horien helburua da herritarren kezkak eta zalantzak argitzea, zaborrak sailkatzera doazen une berean. Bisiten egutegia honakoa da:

  • Aia, apirilak 9 eta 10
  • Getaria, apirilaren 11tik 14ra
  • Zumaia, apirilaren 16tik 21era
  • Zarautz, apirilaren 23tik 28ra
  • Orio, apirilak 30 eta maiatzak 2, 3, 4, 5 eta 7.

Hitzaldi irekiak

Herri bakoitzean hainbat hitzaldi egingo dira, herritarren kezkak eta zalantzak argitzeko. Hitzaldi horietan hondakinak nola sailkatu landuko da, oinarrizko ezagutza guztiok dugun arren gai konkretuekin zalantzak sortzea ohikoa delako. Era berean, ongi edo gaizki bereizteak dituen ondorioez hitz egingo da. Eta, nola ez, herritarrek izan ditzaketen kezka zehatzak lantzeko aukera ere izango da. Ordubeteko iraupena izango dute, eta arratsaldeko azken orduan egingo dira egunean zehar lanean dauden herritarrei parte hartzeko aukera emateko.

Kolektibo zehatzentzako tailerrak

Hondakinak Biltzeko Sistema Berrian badira kolektibo bereziak, euren ohiko jardunean etxeetan baino zabor gehiago sortzen dutenak, merkatariak, ostalariak edota industriak, esate baterako.

Horiekin batera, badira beste hartzaile batzuk, beren ezaugarriengatik, arreta berezia eskatzen dutenak: adineko jendea, elkarte gastronomikoak, kultur edo kirol ekitaldiak antolatzen dituzten elkarteak, hondakinak sailkatzeko kulturarik izan ez duten kolektiboak, jende multzo handiarekin lan egiten dutenak, eta abar.

Hartzaile zehatz horien beharrei eta kezkei erantzuteko, tailerrak egingo dira. Bi orduko iraupena izango dute eta kolektibo bakoitzaren behar eta ezaugarriei egokituta egingo dira.

Tailerren egutegia (egunak zehaztu ahal informazioa eguneratzen joango gara):

  • Getaria
    • Ostalari eta merkatariak, apirilak 11, 15:00etan, Ulpiano Etxean
  • Zumaia
    • Ostalariak, apirilak 18, 9:00etan, Oxford aretoan
    • Dendariak, apirilak 18, 15:00etan, Oxford aretoan
  • Zuarautz
    • Dendariak, apirilak 19, 15:00etan, Etxezabalan
  • Orio
    • Jubilatuak, apirilak 25, 18:00etan, Kultur Etxean