Berriak

Atzealdea

Juan Sebastian Elkanok Fundazioa du bere sorterrian

3
Joan den uztailaren 6an aurkeztu zuten Mundubira 500: Elkano Fundazioa, Getariako itsasgizonaren jarduna goraipatzeko helburuarekin

2017·07·10


Joan den uztailaren 6an aurkeztu zuten Mundubira 500: Elkano Fundazioa Getarian. Elkarlana ardatz Getariako Udalak, Urola Kostako Udal Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak eratu dute, Juan Sebastian Elkanok, Getariako itsasgizonak, 1519-1522 bitartean emandako lehen mundu biraren bostehungarren urteurrena ospatu eta goraipatzeko asmoz eta urteurrenaren harira antolatu diren ekimenen berri emateko. Fundazioak gure lurraldearen garapen ekonomiko eta sozialerako itsasoak izan eta duen garrantzia balioan jarriko du.

Erakunde eta udal ordezkari ugari elkartu ziren Fundazioaren aurkezpenean: Nikanor Lertxundi, Getariako alkatea; Igor Iturain, Urola Kosta Udal Elkarteko lehendakaria; Gipuzkoako Foru Aldunditik, Markel Olano Diputatu Nagusia eta Denis Itxaso Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako diputatua; eta Eusko Jaurlaritzatik, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua.

Guztiek azpimarratu dute Juan Sebastian Elkanoren figura eta haren irudia, historia, ondarea eta garrantzia zabaltzeko Fundazioaren sorreraren beharra. “Elkanoren erreferentzialtasuna Getariaz, Urola Kostaz, Gipuzkoaz eta Euskal Herriaz haratago doa. Espedizio hark egindako aurkikuntzak oso baliagarriak izan dira mundu zabalean. Fundazioak Elkano bera, eta itsasoa jarriko ditu balioan, lurraldearen garapen ekonomiko eta sozialean izan duten garrantzia balioan jarriz”.

Aurkezpen ekitaldia Xabier Alberdi historialariak gidatu du, eta bertan Anne Marie Christophe De Lardizabali, Laurgaingo dorrearen jabeari, omenaldi berezia egin zaio, Elkanoren ondarea gorde izanagatik. Hain zuzen, pasa den urteko martxoan galdutzat ematen ziren zortzi dokumentu aurkitu ziren dorrean. Zortzi agiri horietatik bereziena munduari bira eman ostean Elkanok Gorteei emandako erantzuna jasotzen duena da.

Mundubira 500: Elkano Fundazioa

Fundazioaren helburu nagusia 1519-1522 urte bitartean Juan Sebastian Elkano Getariako itsasgizonak emandako mundu biraren V. mendeurrena ospatu eta goraipatzea da; baita itsasoak garapen ekonomikorako eta sozialerako izan eta duen garrantzia balioan jartzea. Izan ere, euskaldunok itsasoaren inguruan dugun izaera sortzailearen, antolatzailearen eta ekintzailearen erakusletzat jotzen baita gertaera historikoa.

Fundazioak itsasoaren potentzialitatea oinarri hartuta, kultura, turismoa, industria, merkataritza eta hezkuntza arloak sustatzea du xede eta ardatz. Horretarako, eta mundu biraren inguruan zeresana izan dezaketen gertaerak, ekintzak eta abar bultzatzeko azpiegitura sortu da. Etorkizunean kongresu, ikastaro, mintegi, konferentzia, erakusketa eta erakustaldi monografikoak, artikulu, liburu, aldizkari eta ikus-entzunezkoen bilgune izango da, guztiak Elkanok munduari emandako lehen bira ardatz.

Partaidetza eta elkarlan sareen bidez Getariako marinelak egindako balentria balioan jarriko da, Elkanoren figura eta horrekin lotuta dagoen tradizioa belaunaldi berriei helarazteko ahalegina eginez. Hori guztia Fundazioak gidatuko du bestelako erakunde publiko nahiz pribatuekin, maila lokalean zein nazioarte mailan, elkarlanean.

Fundazioa bera ere elkarlanean abiatu da. Getariako Udalak, Urola Kostak Udal Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak eratu dute Eusko Legebiltzarreko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako ahobetezko babesarekin.

Nikanor Lertxundi, Getariako alkatea, izango da Fundazioko presidentea; Fundazioko patronatua osatuko da, Fundazioko presidentearekin, Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiarekin eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren eta Garapena eta Lehiakortasunerako kontseilari batekin. Zuzendaritza Batzorde batek helburuak zehaztu eta ekimenak bideratuko ditu; eta azkenik, administrari batek harrera zerbitzuaren eta kontuen erantzukizuna izango du.

Elkanoren ondarea

2019. urtetik 2022. urtera doan periodoa berezia izango zela duela bost mende iragarri zuen Juan Sebastian Elkano Getariako itsasgizonak. 1519. urtean Fernando Magallanesen gidaritzapean bost itsasontzi eta 200 pertsona inguruz osatutako espedizio bat abiatu zen Atlantikoaren hego-mendebaldean barrena Asiarako bidea aurkitzeko asmotan. Orotara, hogeita hamar euskaldunak ziren, tartean Elkano.

Magallanesek Ozeano Barea lehen aldiz zeharkatzea lortu zuen; baina zoritxarrez, bere heriotzak aginterik gabe utzi zuen espedizioa. Ausart, Elkano bilakatu zen gidari eta bere buru zen “Nao Victoria” itsasontziak lehen aldiz munduari bira ematea lortu zuen, mendebaldetik joanaz eta ekialdetik itzulita. Hiru urteko bidaiaren ondoren, hemezortzi itsasgizon soilik itzuli ziren etxera.

Espedizio hark egindako aurkikuntzak ez ziren edonolakoak izan eta erabat baliagarriak bilakatu ziren mundu mailan; alderdi ekonomikoan egindako ekarpenez gain lurra biribila zela frogatu baitzuen bidaiak. Halaber, Atlantikoaren eta Barearen artean itsas lotura zegoela egiaztatu zen eta lurralde zein kultura berriei buruzko informazio baliotsua eskuratu zen.

Ez da nolanahikoa duela 500 urte Elkanok egindako balentria hori eta urteurren hori ospatzea ezinbesteko ekimena da. Gure gizarteak beti izan du itsasoarekin lotura eta itsasoak gure gizartean izan duen eragina ezagutaraztea ezinbestekoa da, gainerako sektoreetan ere zuzeneko eragina baitu. Horrez gain, ezin da ahaztu, mundu bira honetan erabilitako teknologiak euskal industriaren zigilua duela, gure industriaren indarra eta lan egiteko modua balioan jarriz.

Mundu mailako efemeride hori goratzeko asmotan lehorreratu eta jaio da Mundubira 500: Elkano Fundazioa. Hark lortutakoa eredutzat hartuta, Getaria, Urola Kosta eskualdea, Gipuzkoa eta Euskal Herria Europara eta mundu osora zabaltzeko bitartekoa abian da jada; itsaso eta lur ezberdinak zeharkatzeko prest da berriro ere Elkano.

1 2 3