Berriak

Atzealdea

Martxan da ENPRESA EUSKARAZ HANDITZEN ekimenaren 2. edizioa

Deialdia orokorra bada ere, bereziki enpresa jarduera hauei bideratuta diseinatu da ekimena: higiezinen zerbitzuak, finken administratzaileak eta aholkularitza etxeak.

2018·10·23


Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako enpresa txikiei euskaraz lan egiteko laguntza ematen jarraitzen dugu Urola Kostako Udal Elkartetik. Izan ere, iaz abian jarritako Enpresa euskaraz handitzen proiektuaren bigarren deialdia urrian jarri dugu martxan.

Urola Kostako Udal Elkarteak iaz ekin zion ekimenari. Lehendabiziko deialdian bailarako 12 enpresek hartu zuten parte; batez ere, osasun arloan diharduten hainbat enpresek. Euskarak enpresan duen presentzia indartu eta aldi berean, euskararekin enpresa handitzea helburu, ekimenak enpresa bakoitzaren errealitatera egokituko lana burutzea ahalbidetu du. Zenbait enpresentzat euskara-plan osoak diseinatu diren bitartean, beste kasu batzuetan itzulpenak egin, webguneak egokitu edota euskaratu, eta eguneroko lanerako ezinbestekoak diren dokumentu-ereduak landu dira. Egindako lana anitza bezain oparoa izan da.

Hala, bigarrenez, Udal Elkarteak martxan jarri du urrian ekimenaren bigarren edizioa. Bigarren deialdia, bereziki, ondorengo enpresa jarduera hauei bideratuta diseinatu da: higiezinen zerbitzuak, finken administratzaileak eta aholkularitza etxeak. Edonola ere, herritar eta bezeroei beren zerbitzu eta produktuak euskaraz eskaintzeko interesa duen eskualdeko enpresa orok parte hartu dezake proiektuan. Prestakuntza saioez gain, Enpresa Euskaraz Handitzen ekimenaren bigarren edizioan parte hartzen duten enpresek 3-4 hilabeteko banakako aholkularitza-zerbitzua jasoko dute; hain zuzen ere, 2018ko azarotik 2019ko otsailera bitartean.

Arlo horietako zein beste edozein enpresek izena eman dezakete dagoeneko; http://www.urolakosta.eus/eu/euskara-enpresan webguneko formularioa bete edota handitzen@urolakosta.eus helbide elektronikora idatzita.

Euskara erabiliz, zure enpresa handitzen joango da eta denok irabaziko dugu. Zabaldu beraz, euskararen ateak!