Berriak

Atzealdea

Mintzalagun programa: hasierako ekitaldia azaroaren 5ean

Ikasturte honetan 24 talde osatu dira eskualdean. Guztira 92 mintzalagun elkartuko dira asteroko hitzorduetan euskaraz aritzeko

2015·11·02


Ekin diogu ikasturte berriari eta abian da 2015-16 ikasturteko Mintzalagun Programa: astean behin hitzordua bidelari eta bidelagunek, euskaraz aritzeko.

Guztira 24 talde osatu dira, astero hitzordua egin eta euskaraz aritzeko: Getarian 2, Orion 3, Zarautzen 14 eta Zumaian 5. Mintzalagun talde horietan 92 pertsona ari dira denera, 24 bidelagun (edo euskaldunzahar) eta 68 bidelari (edo euskaldunberri).

Hortaz, izen-ematea ikusita, mintzalagun programaren antolatzaileon balorazioa positiboa da, izan ere, aurreko ikasturtean baino talde eta mintzalagun gehiago ari dira parte hartzen aurten.

Ikasturte hasierako emanaldia

Ikasturteari hasiera eman eta mintzalagunak elkartzeko emanaldi bat egingo dugu azaroaren 5ean (datorren ostegunean), 19:00etan, Zarauzko Etxe-Zabalan. Miriam Mendoza ipuin kontalariak "Bertako kontaera zaharrak" saioa eskainiko digu. Gonbidatuta daude mintzalagun guztiak.

Mintzalagun programa: zer da?

Mintzalagun Programak euskaraz dakiten pertsonak (bidelagunak, euskaldun zaharrak) euskara ikasten ari direnekin (bidelariekin) elkartzen ditu astean ordubetez euskaraz hitz egin dezaten. Zer lortzen dugu:

Bidelariak, euskaldun berriak: euskaraz hitz egiteko aukera du, bertako hizkera ezagutu eta ikasteko; jendea ezagutzeko eta euskaraz aritzeko harreman-sarea zabaltzeko aukera du.
Bidelagunak, euskaldun zaharrak: euskaldun berriei lagundu, bertako hizkera erakutsi, egiten ari diren ahalegina saritu eta aitortu...

Urola Kostan 8. urtea

2009an ekin genion Mintzalagun Programari. Ekimena Urola Kostako Udal Elkartearena eta eskualdeko udalena da. Programa antolatzen eta jarraipena egiten parte hartzen dute Urola Kostako AEKk, Zarauzko Udal Euskaltegiak eta udaletako eta Udal Elkarteko euskara zerbitzuek. Programa dinamizatzeko lanak Urola Kostako AEKk egiten ditu.

Programaren bilakaera ona izan da eta partehartzaile kopuruak gora egin du. 2009an 41 mintzakiderekin hasi ginen eta, adibidez, ikasturte honetan 24 talde eta 92 pertsonak hartu dute parte.

Asteroko hitzorduak, ekitaldiak, irteerak, zozketak

Mintzalagunak astero elkartzen dira, euskaraz aritzeko. Hori osatzeko, ikasturte hasieran eta amaieran ekitaldi bana egiten dugu (hitzaldi, diaporama, ipuin emanaldia...). Horrekin batera, irteerak, topaketak, eskualdeko kultur emanaldietara joateko sarrerak...

Argibideak jaso edo izena eman

Interesa duenak honako telefono eta helbide hauetara jo dezake argibideak jasotzeko eta izena emateko:

  • Urola Kostako AEK euskaltegia; Zarauzko Udal Euskaltegia
  • Telefonoz: 625 485 215
  • Emailez: urolakosta@aek.org
  • www.mintzalagun.blogspot.com
  • Facebook: mintzalagunak gara

Antolatzaileak

Eskualdeko Euskara Zerbitzuak, Urola Kostako AEk, Zarauzko Udal Euskaltegia eta Urola Kostako Udal Elkartea