Diru-laguntzak

Atzealdea

Open Lab Urola Kosta ekimenaren aurkezpena

Otsailaren 5ean egingo da aurkezpena, 19:00etan, Udal Elkartearen egoitzan

2018·01·31


Open Lab Urola Kosta ekimena jarriko du martxan Urola Kostako Udal Elkarteak otsailaren 5ean. Aurkezpena arratsaldeko 19:00etan izango da, Udal Elkartearen egoitzan.

Open Lab Urola Kosta elkarlanerako lekua da, nahi duenarentzat ateak zabalik dituena; esperimentatu, ikertu eta sortzeko lekua, teknologia digitalak, makina eta erremintak eta prototipoak egiteko eta azkar fabrikatzeko makinak erabiliz.

Dibulgaziorako lekua ere izango da, tailerrak, ikastaroak eta workshopak antolatuko baitira.

Partekatzeko eta sortzeko lekua da, DIY filosofian oinarrituta (do it yourself, egin zerorrek).

Ekintzailetza sustatzeko lekua ere bada, ezagutzak, asmoak eta ideiak partekatu eta ideia berriak garatzeko.

Askoren artean landutako egitasmoa

Open Lab Urola Kosta bailarako hainbat eragile eta pertsonen eskariari erantzunez sortutako ekimena da, askoren arteko ahaleginaren emaitza (pertsonak, eragileak, udalak, Urola Kostako Udal Elkartea). Eskualdeko udalek eta Urola Kostako Udal Elkarteak finantzatutako proiektua da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzarekin.

Norentzat

Eskualdeko (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako) herritar eta enpresa ororentzat da. Ez dago adin mugarik: haurrak, gazteak, helduak, adinekoak… Bakarrik etor zaitezke, edo lagunekin. Ez duzu fabrikazio azkarraren mundu digitalaren arloa ezagutu beharrik, edonorentzat da, adituak direnentzat, zerbait dakitenentzat edo ezer ere ez dakitenentzat.

Non dago

Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan dago (Urdaneta bidea 6, Abendaño, Zarautz)

Egutegia eta ordutegia

Zabalik izango da otsailaren 5etik aurrera. Ordutegi honekin: astelehenetik ostiralera 17.00-21:00; larunbatetan 10:00-13:00.

Monitorea eta baliabideak

OpenLab Urola Kostan begirale bat izango duzu laguntzeko prest. Bertan dauden tresna, inprimagailu eta baliabideak erabiltzen erakutsiko dizu eta fabrikazio azkarraren mundu digitala ezagutzen lagunduko dizu. Hainbat baliabide daude eskura fabrikazio azkarraren mundu digitalean barneratu eta probatzeko, esperimentatzeko: laser inprimagailua, 3D inpresorak…

Ikus argibide gehiago hemen