Berriak

Atzealdea

Orientazio zerbitzua eta enpresak sortzen laguntzeko zerbitzua Zumaian

Zumaiako Udalaren eta Udal Elkartearen ekimenez, orientazio zerbitzua eta enpresak sortzen laguntzeko zerbitzua Zumaian, hileko hirugarren ostegunean

2016·11·14


Urola Kostako Udal Elkartearen eta Zumaiako Udalaren ekimenez, azaroaren 17tik aurrera lan orientazioko zerbitzuak eta enpresak sortzen laguntzeko zerbitzuak Zumaian bertan eskainiko ditugu. Horretarako, hileko hirugarren ostegunean Udal Elkarteko teknikariak Zumaian izango dira, 9:00etatik 13:00etara, Zaharren Egoitzako bulegoan (Eusebio Gurrutxaga plaza). Ekimen hau azaroaren 11n aurkeztu zuten Zumaiako Udaleko eta Urola kostako Udal Elkarteko ordezkariek.

Zumaiako Udalaren ekimena

Honelako ekimenen bitartez Zumaiako udal gobernuaren helburua da herriko ekonomia indarberritu eta enplegua sustatzea, zumaiarren bizi kalitatea eta ongizatea hobetu eta bermatzeko.

Ekonomia eta enpleguak egungo gizartean eta bereziki Zumaia eta zumaiarren ongizatean zuzenean eragiten duela aintzat hartuta, udal gobernuak ezinbestekotzat jo du herriko garapen ekonomikoa indarberritu eta enplegu sustapena lehenestea.

Horretarako hainbat ekimen jarri ditu martxan Urola Kostako Udal Elkartearekin elkarlanean eta horien artean, Zumaian datorren ostegunean, hilak 17, zabalduko den Enplegu Zentroa eta enpresen sustapen zerbitzua aurkeztu ditu Mankomunitateko kideekin batera. 

Orientazio zerbitzua eta enpresak sortzen laguntzeko zerbitzua Zumaian

Aipaturiko zentro hau Eusebio Gurrutxaga plazako zaharren egoitzan kokatu da, zehazki lehen solairuan. Bertan bi bulego doitu dira, non, herritarrek lan orientaziorako laguntza eta enpresa berriak sortzeko eta hasi berri direnak hobetzeko aholkularitza zerbitzua jaso ahal izango dituzten, besteak beste.

Horretarako, hileko hirugarren ostegunean Urola Kostako Udal Elkarteko teknikariak herritarren zerbitzura egongo dira goizeko 09:00etatik 13:00etara bitartean. Bilera eraginkorragoa izateko eta teknikariek zumaiarren behar eta eskakizunetara egokitutako erantzuna eman ahal izateko komenigarria da aurretik hitzordua eskatzea, telefonoz eta posta elektronikoz:

Tel. 943 89 08 08, harrera@urolakosta.eus

Era berean, iragarki taula bat ere jarriko da zaharren egoitzan bertan, herritarrek Mankomunitatearen lan poltsen berri izan dezaten uneoro. Zerbitzu honek zumaiarren artean harrera ona izanez gero, Udalak hau areagotuko duela adierazi du.  

Horrelako ekimenen bitartez, udal gobernuak helburu du herriko enplegua sustatu eta langabeziari aurre egiteko urratsak ematen jarraitzea. “Egungo gizartean, herritar orori eragiten dion gaia da hau eta gure lan ardatza zumaiarrak izanik, ezinbestekotzat jo dugu enplegua indarberritzearen alde horrelako bulego bat abian jartzea” adierazi zuen Zumaiako alkateak, Oier Kortak, ekimenaren aurkezpenean.

Aurten, esaterako, Zumaian langabezi tasaren joera beheranzkoa izan da, urtarrilean %11.82koa zen eta irailean jada %10.10era jaitsi da. Hala eta guztiz ere, oraindik, zifra horrek eskualdekoa baina altuagoa izaten jarraitzen du, eskualdekoa %9.1koa baita. Eta edozein kasutan, langabezian dauden emakumeen kopurua altuagoa da gizonezkoena baino. 

Zumaiako Udala eta Urola Kostako Udal Elkartea elkarlanean

Udal gobernuak legealdi osoan zehar jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatu eta zumaiarrei lan aukera berriak eskaintzea lehentasun eta helburu hartuta, alboz albo ari da Urola Kostako Udal Elkartearekin lanean, erakunde honek eskaintzen dituen baliabideei etekina atera eta hauek herritarren eskura jartzeko. “Mankomunitateak zerbitzu eta programa ugari ditu herritarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetu eta bermatzeko eta Udal bezala ezinbestekoa iruditzen zaigu zerbitzu hauek guztiak zumaiarrei helarazi eta ezagutaraztea” adierazi zuen Kortak.