Diru-laguntzak

Atzealdea

Otsailaren 1ean jarriko da martxan hondakinak biltzeko zerbitzu berria

3
Hiru bilketa zerbitzu nagusi izango ditu: herritarrak, industriaguneak eta komertzioak eta ostalariak. Arreta eta informazio zerbitzua urtarrilaren 22tik martxoaren 2ra bost herrietan.

2018·01·15


Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian jarriko da sistema berria eta hiru urteko epean hondakinen %75 gaika jasotzea ahalbidetuko du.

Hondakinak sailkatzeko sistema berria ezarpen fasean barneratu da eta otsailarekin batera sartuko da indarrean. Urola Kostako Udal Elkartean egindako agerraldian fase berriaren inguruko zehaztasunak eman dituzte. Bertan izan dira Igor Iturain, Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria eta bost udaletako ordezkariak.

Herritarrentzat, udalerrientzat eta ingurumenarentzat ahalik eta sistema egokiena adostu eta martxan jartzeko pauso garrantzitsua emanaz, Urola Kostako Udal Elkartea osatzen duten alderdi politiko guztiek (EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Irabazi eta Orain), aho batez onartu zuten zabor bilketa mankomunatzeko akordioa. Urtebete geroago, otsailaren 1ean hain zuzen, hondakinak sailkatzeko sistema berriari martxan jartzeko unea iritsiko zaio. 

Hori horrela, Urola Kostako bost udalerritan sistema bateratua ezarriko da, baliabideak optimizatuz, eraginkortasuna areagotzeko. Lan sistema batuta modu efizienteagoan egingo da hondakinen kudeaketa. “Kale hezitzaileak bisitak egin dituzte baldintzetara ondoen egokitzen den sistema antolatzeko asmotan”, azaldu du Igor Iturainek, Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak.

Sistema berria

“Hondakinak biltzeko sistema berriak hiru bilketa zerbitzu nagusi izango ditu: herritarrak, industriaguneak eta komertzioak eta ostalariak”, zehaztu du.

Herritarrak bost edukiontzi bidezko bilketarekin jarraituko dute, errefusaren eta organikoaren edukiontziak txartel bidez irekiko direlarik. Txartelak norberari dagokion bizi eremuko edukiontziak irekiko ditu bakarrik eta, egunero, 24 orduz, erabili ahal izango da.

Bestetik, komertzioak eta ostalariak bi multzotan banatuko dira: sortzaile txikietan eta ertain-handietan. Sortzaile txikiek herritarren bilketa sistema bera izango dute, txartel bidez irekiko dituzte errefusaren eta organikoaren edukiontziak; beste hiru edukiontzien kasuan orain arte bezala funtzionatuko dute. Sortzaile ertain-handiei, aldiz, gaikako bilketa zerbitzua eskainiko zaie puntuz puntu honako frakzioak jasotzeko: organikoa, papera-kartoia eta errefusa.

Azkenik, industrialdeetan puntuz puntu bilduko dira astean behin ondorengo frakzioak: organikoa, errefusa, ontzi arinak, egurra, papera-kartoia, plastiko filma eta poliespana.

Ezarpen fasea

Sentsibilizazio fasea amaituta eta informazio fasea bukatuta, ezarpen fasean barneratuko da hondakinak biltzeko sistema berria.

Datozen egunetan errefusaren eta organikoaren edukiontziak ireki ahal izateko txartelak beren etxeetan jasoko dituzte gutun bidez herritarrek. “Txartel horiek soilik irekiko dituzte beren etxebizitzari dagokion bilketa puntuko organikoaren eta errefusaren edukiontziak. Txartelak galdu edo hondatuz gero, berri bat udaletxean edota Udal Elkartean eskuratu ahal izango da”, zehaztu du.

Ezarpen fase honetan, otsailaren 15era arte errefusaren eta hondakin organikoen edukiontziak zabalik egongo dira (txartelik gabe irekitzeko), baina otsailaren 15etik aurrera txartela beharko da.

Zalantzak argitzeko arreta eta informazio zerbitzuak bost udalerrietan izango dira astelehenetik larunbatera. “Uneoro izango dute herritarrek nora jo beren kezkak argitzeko”, gehitu du. Horrekin batera, datorren astean eskualdeko postontzi guztietan hondakinak bereizten laguntzeko esku-orria banatuko dugu.

Horrez gain, Udal Elkarteko webgunean hondakinak sailkatzeko hiztegia kontsultatu ahal izango da; “hondakin mota bakoitza non bota behar den zalantza sortzen denean, herritarrek bertan begiratuta jakingo dute non sailkatu. Aldi berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak pasa den  azaroan martxan jarritako “InguruApp” doako aplikazioa jaitsi daiteke Play Storetik. Gaikako bilketarako laguntza tresna izango da herritarrentzako, izan ere, erabiltzaileak bilatzailearen bidez jakin dezake zein edukiontzitan utzi behar duen hondakin bakoitza bere udalerriko bilketa sistemaren arabera. Are gehiago, edukiontzi bakoitzaren bidez ere egin ahal izango da kontsulta eta egiten diren akatsik ohikoenen berri izan”, esan du.

Kale hezitzaileak

Hondakinak biltzeko sistema berriaren inguruan informazioa jaso eta aztertu dute kale hezitzaileak.

Kale hezitzaileak herritar ororen bitartekari nagusiak dira, bidelagun onenak. Urtarrilaren 22tik martxoaren 2ra herrietan finkatuko diren arreta eta informazio zerbitzuetan izango dira argibideak emateko prest. Bertan, sortzen diren galderak erantzun eta zalantzak argituko dituzte.

Sistemaren ezarpenari zuzeneko jarraipena egingo diote. “Kalean edukiontzien inguruan ibiliko gara herritarrei laguntzen. Enpresei zein komertzio nahiz ostalariei sistemara egokitzen lagunduko diegu. Urola Kostako Udal Elkarteko hezitzaile, langile eta arduradunak laguntzeko egongo gara eta sor daitekeen edozein arazo konpontzen saiatuko gara uneoro”, adierazi du Igor Iturainek.

“Aldaketa ez da handia eta denon esfortzu txiki batekin gure helburua lortuko dugu, 2020an sailkatze tasa %75ean kokatzea”, gehitu dute. Xedeak beteta, eskualdean birziklatzea ohitura bilakatuko da eta hori da asmoa.

Helburuak eta abantailak

Finean, zerbitzu berriaren helburua da erraztasunak eman eta birziklatze tasa handitzea: gaur egungo %40ko tasatik %60ra igaroko gara 2018an, %70era 2019an eta %75era 2020an.

Horrek abantaila nabarriak ditu, izan ere, errefusa gutxitzearekin tratamendu kostuak murriztuko dira, herritarrek edukiontziak 24 orduz eskura izaten jarraituko dute, merkatariek, ostalariek eta enpresek zerbitzu hobea jasoko dute eta, landa eremuan, birziklatzeko aukerak biderkatuko dira.

1 2 3