Berriak

Atzealdea

Parte-hartze saioa Zarautzen, Foru Aldundiko 2017ko aurrekontuari ekarpenak egiteko

Irailaren 30ean izango da, 9:30ean, Udal Elkartearen egoitzan.

2016·09·22


Datorren urterako aurrekontuak prestatzeko prozesuan herritar, erakunde eta ekintzaileen iritziak jaso nahi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak datozen asteotan. Helburu horrekin, Aurrekontu Irekiak izeneko partaidetza prozesua abiarazi du Aldundiak eta Batzar Nagusietan proposamena onartu aurretik, herritarrek ekarpenak egin eta aurrekontua osatzen laguntzeko aukera izango dute. Kontraste ariketa hau, orain, foro ezberdinetan ari da egiten foru erakundea.

Aurkezpen eta partaidetzarako saioetako bat Zarautzen egingo da, irailaren 30ean, 9:30ean, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan (Urdaneta bidea 6).

Saioa irekia izan arren, Aldundiak ekintzaileen eta enpresa txiki eta ertainetako ordezkarien ekarpenak jaso nahi ditu batik bat, zuzenean jakiteko alor zehatz horretan zein ekarpen edo hobekuntza egin daitezkeen, aurrekontuetan horren isla jaso dadin. Ekarpen horiek gero, txosten batean jasoko dira eta baloratu eta gero, aurrekontuen memorian sartuko dira.

Saio horretan Imanol Lasa foru bozeramaile eta Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak hartuko du parte. Topaketa honetan 2017. urterako Aldundiaren asmoak ezagutu eta proposamenak zuzenean egiteko aukera izango dute parte hartzaileek.