Berriak
Atzealdea

Premiaz dei egiten zaie herritar guztiei, Hondakinen Bilketa Zerbitzuan hartutako neurriak bete ditzaten

Erantzukizunez jokatzeko garaia da: guztion osasuna babesteko modu bakarra da-eta; baita bilketa zerbitzuko langileena ere.

2020·03·26


Koronabirusak sortu duen krisi-egoerari erantzuteko, Urola Kostako Udal Elkarteak Hondakinen Bilketa Zerbitzuan hartutako neurriak gogorarazi nahi dizkie herritarrei. Premiaz dei egiten zaie herritar guztiei, hartutako neurriak errespetatu eta bete ditzaten.

Erantzukizunez jokatzeko garaia da: guztion osasuna babesteko modu bakarra da-eta;  baita bilketa zerbitzuko langileena ere.

Premiaz dei egiten zaie herritar guztiei, beraz, hurrengo neurriak bete ditzaten:

  1. Bertan behera utzi da etxeko hondakin handien bilketa zerbitzua.  Besterik esan arte, debekatuta dago hondakin handiak kalera ateratzea.
  2. Herritarren osasuna eta segurtasuna zaintzeko erabaki da errefusaren eta hondakin organikoen edukiontziak (gris eta marroi kolorekoak) irekita mantentzea. Zuzeneko kontaktua ekidin nahi da. Edukiontziak eskuz irekitzea ezinbestekoa den kasuetan, eskularruekin edo beharrezko babes-neurriak hartuta ireki behar dira.
  3. Hondakinak behar den bezala sailkatzen jarraitu behar dugu; frakzioak bereizita, dagokien edukiontzian. Erabat debekatuta dago POLTSAK edukiontzien kanpoaldeetan uztea.  Edukiontzi guneak maiz ari gara desinfektatzen. 
  4. Auzoan konposta egiteko guneak ez erabiltzeko gomendatzen diegu arrisku faktoreren bat duten herritarrei. Erabiltzekotan, babes-neurri egokiak hartuta egin behar da.

Udal Elkartea etengabe ari da bilketa zerbitzua egokitu eta indartzeko neurriak hartzen. Bilketa guneak indartu dira, behar den lekuetan edukiontzi gehiago jarri dira eta egokitu egin da bilketen maiztasuna. Segurtasun araudiari jarraituz, edukiontzi guneak maiz ari gara desinfektatzen.    

Eskualdeko 3 garbiguneak zabalik daude; bestelako abisurik eman jaso arte, zerbitzua langile profesional eta udal zerbitzuei bakarrik emango zaie. Debekatuta dago garbiguneen kanpoaldean hondakinak uztea.

Ohar garrantzitsua

Debekatuta dago COVID-19arekin gaixotutako herritarren hondakinak gaikako bilketarako edukiontzietan (organikoa, ontziak, papera, kartoia, beira, arropa eta ehunkiak….) uztea.

COVID-19arekin gaixotutako herritarrek eta haien zaintzaileek erabilitako eskularruak, musuzapiak, maskarak e.a, poltsa itxietan bilduta aterako dira. Poltsa horiek, errefusarentzako edukiontzietara botako dira: erabat debekatuta dago gaika bereizita biltzeko edukiontzietan edota inguruetan uztea.

Neurri hauek  betetzearen garrantzia gogorarazi nahi dugu. Har dezagun kontuan guztion segurtasuna eta,  batez ere, hondakinak biltzeko zerbitzuko langile guztiena.

Bitartean, Udal Elkarteak lanean jarraituko du, segurtasun neurriak bermatu eta guztion osasuna eta segurtasuna babesteko.