Berriak
Atzealdea

Prestakuntza eskualdeko kultura eta sormen alorreko profesionalentzat

Sektore tradizionaletako enpresa eta elkarteen erronkei erantzuteko, bi esku-hartze burutuko dira; aurrez, prestakuntza eskainiko zaie interesa duten eskualdeko artista eta sortzaileei

2020·06·26


Laugarren urtez jarraian, Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko Kultura eta Sormen Industrien (aurrerantzean KSI) sektorea suspertzeko lanean dihardu.

Aurtengoan, joan zen urteko esperientziaren arrakasta kontuan hartuta, bestelako sektore ekonomikoetan eragin nahi da. Hain zuzen ere, KSI alorra eta sektore ekonomiko tradizionalak uztartuko dituen bi esku-hartze garatuko dira.

Ekimenak xede du Kultura eta Sormen Industriez haratago, sektore ezberdinetan eragitea. Proiektuaren abiapuntua elikadura alorreko enpresek identifikatutako erronkak izango dira. Eta erronka horiei irtenbideak aurkituko zaizkie artista eta sortzaileen lanaz. Alegia, elikaduraren sektoreko enpresen erronkei erantzuna emateko, Kultura eta Sormen Industrietako eragileekin lankidetzan jorratuko dira proiektuak

Gaur egungo testuinguru ekonomikoan, enpresa eta erakundeek beharrezkoak dituzte epe laburrera izan ditzaketen erronkei erantzun egoki bat emateko begirada eta jardunbide berriak. Etengabeko eraldaketa prozesuetan murgilduta, parez -pare dituzten erronkak gainditu ahal izateko, erakundeek ezinbesteko dituzte erantzun berritzaile, praktiko, baliagarri eta eraginkorrak.

Aldi berean, artista eta sortzaile askok dute beren dohain eta konpetentziak bestelako jardun-sektoreen zerbitzura jartzeko interesa. Eta gaitasuna. Jardun artistikoaz haratago, geroz eta gehiago dira esparru berrietara irekitzeko prest dauden sortzaileak. Gainera, berrikuntzaren bidea jorratuz, erakunde nahiz enpresen erronkei erantzun bat emateko profil egokia dute. Izan ere, sortzaile senaz gain, gehienek badute beste esparruren batean prestakuntza. Nazioarteko hainbat esperientzietan ikusi denez, erakundeen arazo edota erronkei irtenbide praktiko- eraginkorrak emateko gaitasun handia izan ohi dute sortzaileek.

Prestakuntza

Jakina, esku-hartzeak behar bezala burutzeko, ezinbestekoa da prestakuntza. Horregatik, batetik halako dinamiketan eskarmentua duten artista eta sortzaileak hautatuko dira; eta bestetik, prestakuntza eskainiko zaie ekimenean parte hartzeko interesa duten eskualdeko artista eta sortzaileei, etorkizunean erakunde eta enpresetan esku-hartze ez artistikoak eraginkortasunez burutu ditzaten.

Prestakuntzaren helburua da sortzaileei entrenamendua eskaintzea, beren lan aukerak zabaldu ditzaten ohiko lan-esparruetatik kanpo.

Prestakuntza eskainiko zaie gero eta ohikoagoak diren gaiak izanik, orain artean sortzaileen parte-hartzea eman ez den gaietan. Hala nola:

  • Berrikuntzarako esku-hartze artistikoa
  • Artea- Zientzia- Teknologia uztartzea
  • Artea eta herritarren arteko prozesu berriak

Bi ataleko prestakuntza: teorikoa eta praktikoa  

Atal teorikoa uztailaren 8an (asteazkena) eskainiko da.

4 orduko saio dinamikoa izango da; goizez, 09:00etatik 13:00etara. Aurrez aurreko saioa Urola Kostako Udal Elkartean bertan egingo da. Edozein kasutan, osasun egoeraren arabera, baliteke online gauzatu behar izatea. (hala balitz, aurrez jakinaraziko da)

Prestakuntza teorikoaren ondoren, eskualdeko bi sortzaile hautatuko dira (egitasmo bakoitzeko bat); eta beren prestakuntzaren atal praktiko moduan egotzitako egitasmoaren esku-hartzean parte hartuko dute artista mentoreen eskutik. Guztira, 5 saio aurreikusten dira, emaitzen aurkezpena barne (uztailetik urrira bitartean).

Prestakuntza Conexiones Improbables enpresako pertsona batek eta aurrez halako  hibridazio egitasmoetan eskarmentua duen artista batek eskainiko dute. 

Epealdiaren amaieran, jasotako prestakuntzaren ziurtagiria emango dute Urola Kostako Udal Elkarteak eta Conexiones Improbables enpresak.

Argibideak eta izen-ematea

Izen ematea epea irekita dago eta uztailaren 6a arte luzatuko da.

Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, idatzi iezaguzu e-maila bat edo jarri harremanetan telefono bidez:

Enpresentzako Zerbitzuak (Idoia Etxarri, Eli Uzkudun)

  • enpresa@urolakosta.eus
  • Tel. 943890808

Egitasmo hau kofinantzatuko da Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia sustapeneko, Landa inguruneko eta lurralde orekarako Departamentuaren "Gipuzkoaren sustapen ekonomikoa bultzatzea eskualde ikuspuntuaren ekarpenaren bidez", 2019. urteko programaren bidez.