Berriak

Atzealdea

Prestakuntza-ikastaroa berrikuntza aurreratuan eta bonoa, kontrataziorako diru-laguntza lortzeko aukerarekin.

Ikastaroan landuko dira edozein enpresa edo organizaziotan berrikuntza lantzeko beharrezko diren konpetentzia, ezagupen eta tresnak.

2017·09·25


Urola Kostako Udal Elkarteak prestakuntza programa bat jarri du martxan, langabeak kontratatzeko diru-laguntzarekin lotura duena. Prestakuntza-programa egiten duten pertsonek bono bat eskuratuko dute eta pertsona hori kontratatzen duen enpresak langabeak kontratatzeko 2017ko deialdiko diru-laguntza eskuratzeko aukera izango du.

Prestakuntza-programa

Ikastaroan landuko dira enpresa eta organizazioetan berrikuntza lantzeko beharrezko diren konpetentzia eta trebetasunak. Hona hemen prestakuntza programaren eduki eta ezaugarriak:

Gaia eta edukia: Berrikuntzan ikastaro aurreratua

Gaur egun enpresetako hautaketa prozesuetan gero eta gehiago baloratzen da berrikuntzarako ezinbestekoak diren konpetentzia, jarrera eta ezagutza zehatzak edukitzea, ohiko esperientzia eta prestakuntzaz gain, hala nola: diseinatzaileen ikuspegitik pentsatzen jakitea, enpatia, ikaskuntza kolaboratiboa, sare sozialak, sarean lan egiten jakitea, bilerak digitalki egitea... Konpetentzia, tresna eta ezagupen horiek bereizten dute talentua gaur egun. Ikastaro honetan konpetentzia eta ezagupen horiek landuko ditugu, edozein enpresa edo organizaziotan berrikuntza kudeatzeko beharrezkoak direnak. 4 modulu nagusi ditu ikastaroak:

  • Eraldaketa digitala-IKT 2.0
  • Zaintza teknologikoa
  • Kudeaketa sistemetatik kudeaketa aurreraturantz
  • Sormena eta ideiak kudeatzeko tresnak

Iraupena: 225 ordu

Egutegia: urriaren 2tik abenduaren 5era

Ordutegia: 9:30-14:30, astelehenetik ostiralera

Hizkuntza: Ikastaroaren hizkuntza izena ematen dutenen arabera erabakiko da. Nolanahi ere den, materiala bi hizkuntzetan eskainiko da (euskaraz eta gaztelaniaz).

Parte hartzeko baldintzak: Prestakuntza Bonoen programan parte hartzeko ezinbesteko baldintza da, batetik, eskualdean erroldatuta egotea (Aia, Getaria, Orio, Zarautz, Zumaia) eta, bestetik, ikastaroa egiteko unean nahiz kontratatzeko unean Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu eskatzaile gisa inskribatuta egotea.

Bonoa eta kontratazioa

Prestakuntza-programa egiten duen pertsonak “bonoa” eskuratuko du. Bonoa duen pertsona langabea kontratatzen duen enpresak diru-laguntza eskuratzeko aukera izango du.

Diru-laguntza hori enpresak eskatu behar du eta hari emango zaio. Diruz lagundutako kontratuak izan behar du gutxienez 6 hilabetekoa eta lanaldi osokoa. Diru-laguntza izango da 3.000,00 eurokoa eta, hasieratik lan kontratu mugagabea egiten bada 7.500,00 eurokoa.

Argibideak, eskaera egiteko orria... hemen