Berriak
Atzealdea

Saregileak babesteko biserak egin dira Open Lab Urola Kosta laborategian

Udal Elkarteko inprimagailuak martxan daude langileak babesteko ekipamenduak sortzeko

2020·04·24


Udal Elkarteak bere baliabide guztiak bideratu ditu eskualdeko eragileei krisi-egoerak sortutako kalteen aurrean ahalik eta babes eta laguntza gehien bideratzeko. Besteak beste, Open Lab Urola Kosta komunitateak bat egin zuen Covid Euskadi sarearekin, 3D inprimagailuen bidez biserak egin eta osasun langileak babesteko.  

Oraingoan, ahalik eta langile gehienengana iristeko helburuarekin, eskualdeko saregileentzat bideratu dira babes-neurriak. Aste honetan hasi dute arrantzaleek antxoa kanpaina eta sareak prest izateko saregileek ez dute lan-etenik izan. Saregileen segurtasuna bermatzeko, Udal Elkarteak bisera gehiago egin ditu.

Ekoitzitako lehen biserak iritsi dira Orioko saregileengana, eta lanerako erosoak zaizkiela ikusita, Udal Elkarteak bisera gehiago egingo ditu Getariako eta baita Hondarribiako saregileentzat ere. Aurrera begira, asmoa da Saregin eta Kai Neskatilen Euskadiko Elkartearen bitartez, sarea zabaldu eta Bizkaiko saregileentzako ere bisera gehiago egitea.

Izatez, Open Lab gunea bera itxita dago herritarrentzat, baina Udal Elkarteko inprimagailuak martxan daude langileak babesteko ekipamenduak sortzeko.

Etxean 3D inprimagailua duen edozein herritarrek hartu dezake parte auzolan- ekimenean.  Interesa izanez gero, idatzi e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez:

Open Lab Urola Kosta

Iñaki Etxaide

  • openlab@urolakosta.eus
  • 943 89 08 08