Berriak
Atzealdea

Sistema berriarekin, urtebetera, 20 puntu baino gehiago igo da ondo sailkatuta bildutako hondakinen ehunekoa Urola Kostan

Zerbitzua ezarriz geroztik, sailkatze indizea %70aren inguruan egonkortu da

2019·02·27


2018ko urtarrilaren amaieran hasita, Urola Kosta Udal Elkarteak eta bost udalek hondakinak biltzeko zerbitzu berria jarri genuen martxan, nahiz eta ezarpen fasea martxora arte luzatu. Sistema ezarri eta urtebetera, positiboa da balantzea. Izan ere, bilketa zerbitzu guztien datuak kontuan hartu eta 2017ko datuekin alderatuz gero, ondo sailkatutako hondakinen ehunekoa 20 puntu  baino gehiago igo da eskualdean. 2017ko urte osoko sailkatze indizea %46,68 da eta 2018ko martxotik abendura bitartekoa %70,10 (urte osokoa indizea baxuagoa da - %67,64-, sistema berria ezarri aurreko urtarrileko eta otsaileko datuen eraginez). Zerbitzu berria ezarriz geroztik, sailkatze indizea %70aren inguruan egonkortu da.

Igoera orokorraz haratago, azpimarragarria da ere, arloz- arlo ondo sailkatuta bildutako hondakinen kopuruak izandako bilakaera positiboa. Izan ere, kaleko edukiontzietan, martxotik abendura bitartean, ondo sailkatuta bildu da hondakinen %67,76. Establezimenduei bideratutako puntuz puntuko bilketa zerbitzuak ere emaitza ona eman du; hain zuzen ere, %74,43-ko sailkatze indizea. Industrialdeetako enpresen bilketan ondo sailkatuta bildu da hondakinen %66,84 eta garbiguneetan, berriz, %78,60. Azpimarragarria da azken urteetan garbigune zerbitzuak izan duen bilakaera: 2016tik 2017ra %9,82 igo zen jasotako hondakinen kopurua; 2017tik 2018ra %11,55 igo da. Azkenik, Urtetako sailkapen plantan, ondo sailkatuta bildu da hondakinen %75,14.

Etengabeko jarraipena: doiketak eta hobekuntzak

Iazko martxoan Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian hondakinak biltzeko zerbitzu berria ezarri zenetik, Udal Elkartetik etengabe dihardugu zerbitzua hobetzeko lanetan. Beti ere, gutxieneko helburuez haratago, sailkatuta ahalik eta hondakin gehien jasotzeko xedez.

Azpimarratzeko modukoa da, hondakin organikoaren bilketak hobetzeko 2018 amaieran egindako ikuskatze-kanpaina. Bi hilabetez, azaroan eta abenduan, ikuskatze lanak egin dira 5 herrietako hondakin organikoen edukiontzietan. Kanpainak bere eragina izan du eta hondakin organikoaren kalitatea hobetu da. Dena dela, oraindik eta kalitate hobeagoa lortzen jarraitu behar dugu.

Aurrera begira

2018an zehar bilketa zerbitzuetan antzemandako hutsuneetan oinarrituta, hainbat neurri eta egitasmo jarriko dira martxan 2019ko lehen seihilekoan. Besteak beste, bilketa maiztasunak egokitzen jarraituko da eta bilketa zerbitzuetako ibilgailuetan moldaketak egingo dira. Bilketa guneen eta edukiontzien garbiketa lanak ere berrantolatu egingo dira. Eta hainbat guneetako zabor poltsan presentzia gutxitzeko helburuz, Udalekin elkarlanean, identifikazio lanekin jarraitu eta ohartarazpenak bideratuko dira.

Hori guztia, ikuskatze lanak indartzearekin batera. Izan ere, zerbitzua sendotuko da, asteburu eta jaiegunetan hondakinak biltzeko zerbitzuak ikuskatu eta sortzen diren gorabehera eta arazoak konpontzeko.

Zalantzarik gabe, sistema ezarriz geroztik bilakaera positiboa izan da eta hasiera-hasieratik erakutsi dute herritarrek jarrera ezin hobea. Edozein kasutan, Udal Elkartetik dei egin nahi zaie herritar guztiei arduraz eta ingurumenekiko begirunez jarrai dezaten. Udal Elkarteak lanean jarraituko du, etengabeko hobekuntzaren bidetik, %75eko bilketa maila erreferentzia gisa hartuta.

Sistema berriaren emaitza eta bilakaeraren inguruko datuak  ikusgai daude Udal Elkartearen Ingurumen Saileko webgunean