Berriak
Atzealdea

Topaguneak eta Urola Kostako Udal Elkarteak euskararen normalizazioa sustatzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute

Bi erakundeen arteko hitzarmenak ahalbidetu du eskualdeko hiru gazteen kontratazioa (15 hilabete).

2019·10·14


Agerraldia egin da gaur goizean (urriak 14), Zarauzko Etxezabala aretoan, Urola Kostako Udal Elkarteak eta Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak sinatu berri duten lankidetza-hitzarmenaren berri emateko.  Prentsaurrean azaldu dituzte hitzarmenaren nondik norakoak Udal Elkarteko lehendakari Lourdes Salsamendik eta Topaguneako lehendakari Kike Amonarrizek. Bi lehendakariekin batera izan dira agerraldian Euskaraldiaren datorren edizioan Urola Kosta eskualdeko dinamizazioan ariko diren hiru gazteak, alegia: Sara Saizar (Getaria-Zumaiako dinamizatzailea), Alazne Aizpurua (Zarauzko dinamizatzailea) eta Egoitz Dorronsoro (Aia-Orioko dinamizatzailea).

Hain zuzen ere, bi erakundeen arteko hitzarmenak ahalbidetu du eskualdeko hiru gazteen kontratazioa (15 hilabete).  2019an hasi eta 2020ko abenduan gorpuztuko den euskaraldiaren 2. edizioari begira lotu da bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena.

Hitzarmenaren muina da euskararen normalizazio bidean urrats bat gehiago ematea. Horretarako, lankidetza ezinbestekotzat jo dute bi lehendakariek. “Lankidetzaren bidez lortuko dugu egiazki jauzi kualitatiboak ematea euskararen normalizazioan”, azpimarratu du Amonarrizek. Lankidetzari buruz hitz egitean, maila ezberdinetako elkarlanari buruz ari direla argitu nahi izan dute. “Euskaraldiko helburuekin bat etorriz, erakundeak, herritarrak, enpresak eta elkarteak bildu eta, elkarlanean, helburu beraren alde lanean aritzea da azken helburua”, adierazi dute.

Zentzu horretan, herri bakoitzean sortzen ari diren edota sortuta dauden batzordeen garrantzia nabarmendu dute. “Sinisten dugu euskararen normalizaziorako prozesuak erakundeen babesa beharrezkoa duela, baina aurrera begira, benetako urratsak eman nahi baditugu, ezinbestekoa dena, benetan, herritarren aktibazioa da”, gaineratu du Amonarrizek. Modu berean, herrietan sortzen diren batzorde horiek egonkortzea desiragarritzat jo du (gogora ekarri dute Zumaian, Larraina Euskara Elkartearen sendotze eta trinkotze prozesua).

Lourdes Salsamendi Udal Elkarteko lehendakariak, berriz, azaldu du Udal Elkartearen zein Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio eta Aiako Udalen egiteko zuzena, hitzarmenerako baliabide ekonomikoak eskaintzeaz haratago, herriko eragile ezberdinekin batera sortutako herri batzordeetan parte aktiboa izatea izango dela.

Edozein kasutan, adierazi du batzordeek beraien jardunerako beharrezkoak dituzten baliabide eta tresna guztiak eskura jarriko dizkietela. “Euskaraldiak, oro har, euskararen erabilera sustatzea du helburu, eta pausoz-pausoz, euskara esparru gehiagotara zabaltzen joatea. Helburu horrekin bat egiten dugu guztiz, eta hori da, hain zuzen ere, Topagunearekin hitzarmen hau sinatzera eraman gaituena”, gaineratu du Salsamendik.

Norbanakotik kolektibora

Agerraldian, aurtengo Euskaraldiaren bigarren edizioaren ezaugarriei erreparatu nahi izan diote. Aurtengoan, bi proposamen dakartza Euskaraldiak: alde batetik, iaz bezala, ahobizi eta belarriprest rolak ardatz izanda, hiztunen arteko komunikazio guztietan ohiturak aldatzeko proposamena; eta beste alde batetik, norbanakotik kolektibora jauzi egin eta euskaraz aritzeko guneak sortu eta elikatzea. Horretarako, euskaldun eta euskaltzaleak aktibatzearekin batera, entitateekin ere modu sakonagoan lan egitea da aurtengo asmo nagusietako bat.

Iaz, Urola Kostako herrietan ia 9.000 lagunek parte hartu zuten Euskaraldian: Aian, 208; Orion, 1.487; Zarautzen, 4.553; Getarian, 455 eta Zumaian, 1.952; eta herri horietako bakoitzean, herri batzorde bana sortu zen. Kopuruez haratago, ariketan parte hartu ondorengo balorazio positiboak eta euskaldun eta euskaltzaleek  euskararekiko erakutsitako konpromisoa nabarmendu nahi izan ditu Salsamendik. “Orain, eta hitzarmen hau tarteko, lehendik ere baziren zubiak trinkotzen jarraitzea da asmoa, eta poliki-poliki, baita eskualdeko euskaldun eta euskaltzaleen sarea jostea ere”, gaineratu du.