Diru-laguntzak

Atzealdea

Txartela beharrezkoa da organikoaren eta errefusaren edukiontziak irekitzeko Aian, Orion, Getarian, Zarautzen eta Zumaian

5
Txartela beharko da egun hauetatik aurrera: Orio otsailak 15, Getaria otsailak 16, Zarautz otsailak 19-20 eta Zumaia otsailak 21.

2018·02·13


Hondakinak Biltzeko Sistema Berria ezarpen fasean barneratu da bete betean eta, jada, sartu da indarrean. 15etik aurrera, beharrezkoa izango da txartela organikoaren eta errefusaren edukiontziak irekitzeko Urola Kostako Udal Elkartea osatzen duten bost herrietan: Orion otsailaren 15ean, Getarian otsailaren 16an, Zarautzen otsailaren 19 eta 20an eta Zumaian otsailaren 21ean.

Azken egun hauetan errefusaren eta organikoaren edukiontziak txartel bidez ireki ahal izateko beharrezko lanak egiten ari dira Urola Kosta Udal Elkarteko ingurumen hezitzaileak. Aian jada egin zituzten eta otsailaren 1etik txartela erabiltzen ari dira.

Ontzi arinen, paperaren eta beiraren kasuan edukiontziak orain arte bezala jarraituko dute.

Ohar garrantzitsuak:

  • Ondo bereiztu hondakinak: etxean hondakinak ondo bereiztu eta bakoitza dagokion edukiontzian uztea ezinbestekoa da gero hondakin horiek birziklatu ahal izateko
  • Hondakin organikoak: poltsarik gabe edo poltsa konpostagarrietan (plastikozko poltsetan ez)
  • Hondakin organikoaren edukiontzira (estalki marroia) organikoa bakarrik bota, bestelakorik ez; bestela hondakin horiekin ezin da konposta egin
  • Enpresa eta establezimenduentzako puntuz puntuko bilketa: urtarrilaren 22an hasi zen. Hainbat gorabehera izan dira lehen egunetan bilketen ibilbide eta ordutegietan eta egokitzen eta hainbat aldaketa egiten ari gara. Establezimenduei eta enpresei, batetik, pazientzia pixa bat eskatzen dizuegu eta, bestetik eskatu Hondakinak Biltzeko Zerbitzuaren jarraibideak betetzeko.

Zalantzak argitzeko baliabideak

Hondakinak Biltzeko Sistema Berriak sor ditzakeen edozein zalantza argitzeko euskarri ezberdinak jarri ditu Urola Kostako Udal Elkarteak herritarren eskura. Alde batetik, argibideak emateko arreta eta informazio zerbitzuak jarri dira bost udalerrietan, astelehenetik larunbatera.

Bestetik, Udal Elkarteko webgunean  hondakinak sailkatzeko hiztegia kontsulta daiteke, baita eskualdeko postontzi guztietan banatu den hondakinak bereizten laguntzeko esku-orria. Webgunean, gainera, hondakinen bilatzaileari esker, bilaketa zehatzak egin daitezke hondakin jakin bat nora bota zalantzak sortzen denean.

Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak pasa den azaroan martxan jarritako “InguruApp” doako aplikazioa ere deskargatu daiteke Play Storetik. Hondakin mota bakoitza non bota behar den zalantza sortzen denean, herritarrek tresna ezberdin horietan egin dezakete kontsulta egoki sailkatzeko.

Azkenik, Hondakinen Sistema Berriaren funtzionamendua herritarrei argitzen dien bideoa ere eskura duzu hemen.

Kale hezitzaileak

Sistema berriaren inguruan informazio jaso eta aztertzen jarraitzen dihardute kale hezitzaileak. Herritar ororen bitartekari nagusiak dira, bidelagun onenak. Herrietan finkatutako arreta eta informazio zerbitzuetan sortzen diren galderak erantzun eta zalantzak argitzen dituzte.

Horrez gain, sistemaren ezarpenari zuzeneko jarraipena egiten ari dira eta kalean edukiontzien inguruan ibiliko dira herritarrei laguntzen. Enpresa zein komertzio nahiz ostalariei sistemara egokitzen laguntzen ari dira.

Urola Kostako Udal Elkarteko hezitzaile eta langileak laguntzeko egongo dira eta sor daitekeen edozein arazo konpontzen saiatuko dira une oro.

Kaleko edukiontziak

Urola Kostako Udal Elkarteak kudeatzen duen zabor bilketa sistema berriak aldaketak ekarri ditu kaleko edukiontzietan. Hori horrela, kolore hauetako edukiontziak topatuko dituzte herritarrek beren bilketa puntuetan:

  • Marroia, hondakin organikoak: Txartela beharrezkoa. Poltsarik gabe edo poltsa konpostagarrietan
  • Grisa, errefusa: Txartela beharrezkoa
  • Horia, ontzi arinak: Ez da txartelik behar, zabalik daude
  • Urdina, papera eta kartoia: Ez da txartelik behar, zabalik daude
  • Berdea, beira: Ez da txartelik behar, zabalik daude

Etxeko hondakin handiak

Hondakinak Biltzeko Zerbitzu berriarekin batera, astean behin jasoko dira etxeko hondakin handiak. Edukiontzien eremuetan utzi behar dira, 20.00etatik 22.00etara, eta herri bakoitzak bere eguna izango du: Aian, igandean, Getarian, astelehenean; Orion, asteartean; Zarautzen, asteazkenean; eta Zumaian, ostegunean.

Hondakin handi gisa hartzen dira tresna eta altzariak, bestela esanda, etxebizitza berri edo aldatzearen ondorioz herritarrek baztertzen dituzten etxeko altzariak eta ekipamenduak (altzariak, etxeko tresna elektrikoak, informatika eta telekomunikazio ekipoak edota erabili ezin diren etxeko bestelako tresnak).

1 2 3 4 5