Berriak

Atzealdea

Txertatu merkatuan proiektua: Euskadin laneratzen eta gizarteratzen laguntzeko aukera eskainiko die 500 gazte baino gehiagori.

2
Gure eskualdean Urola Kostako Udal Elkarteak bideratu eta kudeatuko du programa eta udazkenean hasiko da.

2016·05·26


Maiatzaren 26an aurkeztu dute Txertatu Merkatuan proiektua Garapen Elkarteko presidente Fernando Nebreda eta Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2014-2020ko Gazte Enplegurako Programa Operatiboan kokatzen da proiektua, eta Europako Gizarte Funtsak finantzatzen du % 91.89an, Garapen elkartearen eta eskualde-garapeneko 19 agentziaren parte-hartzearekin eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetzarekin.

Txertatu Merkatuan proiektua prestakuntza-maila baxua duten, ikasketak utzi dituzten eta langabezian urtebetetik gora daramaten 16 urtetik gorako eta 30 urtetik beherako gazteei zuzendutako proiektu bat da. Halaber, unibertsitate-ikasketak utzita, lanik gabe dauden eta hezkuntza- edo prestakuntza-sistemetan integratuta ez dauden pertsonei ere zuzentzen zaie programa hau.

Txertatu Merkatuan programak 500 gazte baino gehiagori eskainiko die benetako lan-esperientzietan parte hartzeko aukera bideratutako gizarte- eta lan-aktibazioko ekintza eta programetan parte hartuz. Onuradunen erdia baino gehiago emakumeak izango dira (zehazki, % 52), kolektibo bereziki kaltebera delako.

Txertatu Merkatuan programa berritzailea da, eta parte-hartzaileen jakintzak, trebetasunak eta hobbiak hartzen ditu oinarritzat haien jakintzak egituratzeko eta lan-profil bat eraikitzeko. Helburua zera da, pertsona bakoitzaren motibazioa lortzea eta autoestimua areagotzea, esku hartzeko erabiltzen diren metodologiak gela tradizionalean erabiltzen direnen bestelakoak izanik.

Txertatu Merkatuan programak parte-hartzaileen profil eta premiei egokitutako ibilbidea proposatzen du eta honako bi fase hauetan garatzen da: Egokitu eta Trebatu.

EGOKITU; eguneroko jakintzetatik abiatuta, lan-profil bat eraikitzea

Egokitu izeneko fasea gizarteratzeko eta lan-aktibaziorako laguntza-prozesuaren hasiera da. Programak gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartze prozesu bat hasten du, pertsonak egunero egiten dituen jardueren identifikazioaren bidez (esaterako, skateak tuneatzea, lonjaren alokairuak ordaintzea, tresneria Internet bidez saltzea, estetika-lan partikularrak eta abar) lan-profil bat eraikitzea ahalbidetzeko.

Horretarako, metodologia berritzailea erabiliko da. Langabezian dauden eta esperientziarik ez duten pertsonen ezkutuko gaitasunak eta lan-trebetasunak identifikatu eta balioztatu nahi dira, enpresek erabiltzen duten lan-hizkuntzara egokitzeko.

TREBATU; lan-errealitatea ezagutzeko lehen pausoa

Parte-hartzaile bakoitzaren egoera partikularrera eta enplegagarritasun-mailara egokitzen diren hiru ekintza mota eskaintzen ditu Trebatu faseak. Egokitu fasean parte hartzen duten gazte guztiek honako ekintza hauetakoren batean esku hartuko dute:

  • Tailer erdi produktiboak: Oinarrizko gaitasun profesionalak (pertsonalak eta gizarte-, harreman- eta antolaketa-arlokoak) ez dituzten gazteei zuzenduak.
  • Gaitasun teknikoetan prestatzeko tailerrak: Gazteei zuzendutako tailerrak dira prestakuntza prozesuetan sartzeko zailtasunak dituztenak, baina ikasteko prest daudenak.
  • Gizarte-berrikuntzako jardunak garatzeko gaitasun-tailerrak: LH1 amaitu duten edo amaitu gabe utzi duten gazte langabetuei zuzendua. Aurrekoek baino prestakuntza-maila altuagoa dutenak, eta oinarrizko gaitasun profesionak dituztenak.

GARAPEN

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetan barrena banatutako 31 garapen-agentzia biltzen ditu Garapenek. Garapen osatzen duten agentziek guztira 176 udalerriri ematen diete zerbitzua, 1.839.396 herritar eraginpean hartuta, eta hori Euskadiko biztanleria osoaren % 84 da. Gaur egun, honako jardun-eremu hauetan lan egiten du: enplegua., ekintzailetza, enpresa, merkataritzaren sustapena, turismoaren sustapena eta garapen-bidean dauden edo estrategikoak diren sektoreen sustapena.

Honako hauek dira Garapenekin batera Txertatu Merkatuan programan parte hartzen duten agentziak: Amurrio Bidean, Andoaingo Udala; Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintza; Debagoieneko Mankomunitatea, Debegesa, Durangaldeko Behargintza, Erandioko Behargintza, Gernikako Lanbide Ekimenak Zentroa, Inguralde, Iraurgi Lantzen, Laudio Udala Garapen Agentzia, Lea-Artibaiko garapen-agentzia, Leioako Behargintza, Meatzaldeko Behargintza, Oarsoaldea, Tolosaldea Garatzen, Uggasa, Urduñederra, Urola Kostako Udal Elkartea.

Urola Kostan udazkenean: gure eskualdean (Aia, Getaria, Zarautz eta Zumaian) Txertatu Merkatuan proiektua Urola Kostako Udal Elkarteak bideratu eta kudeatuko du. Udazkenean hasiko martxan.

1 2