Berriak

Atzealdea

HAZILAN: eskualdeko enpresa eta gazte langabeentzako proiektua

Udal Elkarteak HAZILAN proiektuaren aurkezpena egin du. Eskualdeko gazte kualifikatu langabeak eta eskualdeko enpresak uztartuko dituen ekimena da.

2016·02·01


Gaur, otsailak 2, Udal Elkartearen egoitzan HAZILAN proiektua aurkeztu dugu. Aurzkepenean izan dira Garapen Elkarteko presidentea Fernando Nebreda, Igor Iturain Udal Elkarteko lehendakaria, Olaia Sainz Udal Elkarteko teknikaria eta udal ordezkariak.
 

Programa operatiboa 2016-2020

Hazilan proiektuak 5 urteko iraupena izango du (2016an hasi eta 2020an amaituko da). Proiektu hori Garapen Elkarteak (Garapen Agentzien Euskal Elkarteak) koordinatuko du eta 20 garapen agentziak hartuko dute parte, tartean Urola Kostako Udal Elkarteak.

Proiektuaren %50 Europako Gizarte Funtsak (EGIF) finantzatuko du eta beste %50 garapen agentzia bakoitzak (gure kasuan Urola Kostako Udal Elkarteak). Proiektuaren 5 urteko aurrekontu osoa (20 garapen agentziena) 6.000.000,00 eurokoa da eta gure eskualdeko proiektuarena 318.000,00 eurokoa. Hazilan proiektuaren helburua da 20 eskualde horietan 5.000 lanpostu sortzea, horien %55 emakumeentzat.

20-35 urteko gazteen langabezia datuak

Lanbiden inskribatuta dauden lan eskatzaile langabetuen 2015eko abenduko datuek erakusten dutenez, eskualdean 2.301 pertsona daude langabezian. Horien %14, hau da, 326 pertsona, 20-35 urteko gazteak dira, lanbide heziketako goi zikloa edo unibertsitate ikasketak eginak dituztenak. Generoari erreparatzen badiogu, 326 pertsona horietatik 136 gizonezkoak dira eta 190 emakumezkoak.

20-35 urte bitarteko 326 pertsona horien laneratzeko aukerak hobetu nahi ditugu, arreta berezia eskainiz emakumeei. Hori da Hazilan proiektuaren erronka.

Gazte kualifikatuak laneratu eta enpresen beharrei erantzun

Lanbide Heziketako eta unibertsitateko ikasketak egin dituzten gazte askok zailtasunak dituzte beren esparruko ikasketekin lotutako lanpostuetan laneratzeko. Sarri oso epe laburreko lanpostuak eskuratzen dituzte, jarraipenik gabe, eta lan-merkatuan sartu eta irten dabiltza. Gazte horien prestakuntza teknikoa eta akademikoa goi mailakoa da, baina laneratzeko, lan ibilbidean arrakasta izateko eta lanean eraginkorrak izateko ezinbestekoa dute zeharkako konpetentziak lantzea: komunikazio gaitasuna, proiektuak kudeatzeko gaitasuna, lantaldeak kudeatzeko gaitasuna...

Era berean, enpresek zailtasunak dituzte eguneroko lan martxarekin proiektu berriak edo berrikuntzak egiteko. Mahai gainean dituzte hainbat ideia, asmo eta proiektu, baina ezin ekin. Enpresek prestakuntza tekniko eta akademiko egokia duten langileak behar dituzte, baina, baita ere, gero eta gehiago, gorago aipatutako zeharkako konpetentziak dituztenak.

Hazilan proiektuaren helburua

Gure helburua da:

  • Goi mailako ikasketak dituzten eta lanik gabe dauden gazteei zeharkako konpetentzietan prestakuntza ematea.
  • Proiektu bat bideratu nahi duten enpresatan gazte horiek txertatzea, hainbat eratara (praktikak, lanpostuan bertan prestakuntza, proiektu berriak...).

Horrekin lortu nahi dugu: gazteen laneratzeko aukerak hobetzea eta enpresek dituzten beharrei erantzutea.

Gazteei eta enpresei tutoretza bidezko jarraipen eta laguntza zerbitzu zehatza eskainiko zaie, proiektua bideratzeko.

Hartzaileak: gazte kualifikatuak eta enpresak

Proiektu honek bi hartzaile ditu:

  • Batetik, 20-35 urte dituzten gazteak, LHko goi zikloko edo unibertsitateko ikasketak amaituta dituzten eta langabezian daudenak.
  • Bestetik, proiekturen bat burutu edo landu nahi duten enpresak.

5 urteko proiektua: deialdiak urtero

2016-2020 epealdian hainbat deialdi egingo dira. Lehendabizikoa orain hasiko da, bigarrena datorren irailean...

Lehen deialdi hau, esan bezala, otsailean hasiko da (otsailaren 22an hasi eta ekainaren 23an amaitu).

Gazte kualifikatuek lehendabizi AKTIBATU urratsa egingo dute (zeharkako konpetentziak landuko dituzte, talde autogestionatu eta banakako jarraipenaren bidez). Horrekin batera, prestakuntza jasoko dute (on-line eta aurrez aurreko jarraipen saioekin) eta ondoren enpresetako proiektuak lantzen hasiko dira.

Izen-ematea eta informazio saioa

Informazio-saio bat egingo dugu interesa duten gazte kualifikatuentzat, proiektuaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko:

  • Eguna eta ordua: otsailak 12, 10:00etan
  • Non: Udal Elkartearen egoitzan (Urdaneta bidea 6, Zarautz)

Izena emateko epea hasiko da otsailaren 3an eta amaituko da otsailaren 15ean. Ondoren, izena ematen duten hautagaiekin, hautaketa prozesu bat egingo da (elkarrizketak egingo dira eta CVa baloratuko da).

Ondoren dituzu izena emateko orria eta proiektuaren informazio orriak.