Berriak
Atzealdea

Urola Kostako Udal Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak “Ongi Etorri Euskararen Herrira” ekimena aurkeztuko dute Fiturren

Ekimenaren jendaurreko aurkezpena Basque Country-Euskadi standean egingo da; urtarrilaren 24an, ostiralean

2020·01·22


“Ongi Etorri Euskararen Herrira” goiburu hartuta, Urola Kostako Udal Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak turismoan euskara balioan jartzeko ekimen berritzailea aurkeztuko dute Fitur nazioarteko turismo azokan.

Ekimenaren jendaurreko aurkezpena Basque Country-Euskadi standean egingo da; urtarrilaren 24an, ostiralean, goizeko 11:30ean. Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak eta Iker Goiria Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendariak  aurkeztuko  dituzte 2020ko turismo- kanpainaren nondik norako nagusiak.

“Ongi Etorri Euskararen Herrira”

Urola Kosta eskualdea bezalako gune turistiko euskaldunek euskararen biziraupenean duten garrantziaz jabetuta landu da kanpaina. Gure udalerrietako kultur-ondarearen eta nortasunaren ikur bereizgarri izanik, euskara (eta euskal nortasuna) izango du ardatz eskualdetik bideratutako aurtengo turismo-eskaintzak. Euskara partekatu nahi da bisitariekin, herri euskaldun batean egotearen esperientziaz goza dezaten. Hala, lanketa berezia egingo da, UEMArekin elkarlanean, turismo sektoreko eragile guztiekin, herriz herri.

Bisitariei euskara ezagutarazteaz gain, eskualdeko herritarrei begira ere egingo da lan. Izan ere, egitasmoarekin bat eginez, euskaldun gisara ahaldundu eta euskarazko harremanak areagotzeko abagune bikaina ere izango da proiektua bertakoentzat.  

Urola Kosta eskualdeko herriek presentzia nabarmena izango dute igandera arte Madrilen ospatuko den Fitur azokan. Eskualdeko turismo-eskaintza zabalaren berri emango da Euskadi-Basque Country standean, Euskal Kostaldeari eskainitako txokoan.