Berriak

Atzealdea

Zarauzko Udalaren diru-laguntzak, Zarauzko enpresa eta ekintzaileentzat, enplegua bultzatzeko eta inbertsioak egiteko. 150.000 euro.

Irailaren 30ean amaituko da eskaerak egiteko epea. Eskaerak Urola Kostako Udal Elkartean aurkeztu behar dira.

2016·09·13


Zarauzko Udalak ekintzailetasuna bultzatzeko, enplegua sortzeko eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko inbertsioak egiteko diru-laguntzak emateko oinarriak onartu zituen uztaileko, udal gobernua osatzen duten EAJ-PNV eta PSE-EE alderdien botoekin.

Eskaera egiteko epea eta oinarriak

Eskaerak eiteko epea irailaren 30ean amaituko da. Eskaerak Urola Kostako Udal Elkartean aurkeztu behar dira (Urdaneta bidea 6, Zarautz). Diru-laguntzak Udal Elkarteak kudeatuko ditu.

Oinarriak eta eskaera egiteko ereduak webgune honetako diru-laguntzen atalean dituzu. Sakatu hemen.

Laguntza hauek Zarauzko enpresa eta ekintzaileentzat dira eta hiru lerrotan banatzen dira:

Enpresa-proiektu berrien sustapena: enpresa ideia landu eta enpresa sortzeko laguntzak. 50.000 euro.

2016an alta ematen dutenek eta egoitza fiskala Zarautzen dutenek izango dute eskaera egiteko aukera. 1.000-1.300 euro arteko diru-laguntzak banatuko dira lerro honetan eta lehiaketa bidez emango dira.

Enpleguaren sustapena: lanpostuak sortzeko laguntzak. 50.000 euro.

Lanpostuak sortzeko laguntzei dagokionez, langilea kontratatu duen enpresak edo autonomotan alta egin duen ekintzaileak jasoko ditu. Kontratua edo alta 2016koa izan beharko du eta egoitza fiskala Zarautzen izan beharko dute. Diruz lagundutako kontratuaren iraupena gutxienez lau hilabetekoa izango da eta lanaldia, gutxienez %75ekoa. Autonomoen erregimenean alta ematen duten eskatzaileen kasuan, alta egoeran egon beharko dute, gutxienez, hamar hilabete. Laguntzak lehiaketa bidez emango dira eta autoenpleguaren kasuan, 800 eta 1.300 euroko bitartekoak izango dira eta enpresen kontratazioagatik 800-1.600 euro emango dira.

Inbertsioetarako laguntzak. 50.000 euro.

Inbertsioetarako diru-laguntzen kasuan, egoitza fiskala Zarautzen izan beharko dute interesatuek eta 2014ko uztailaren 1a baino lehen sortutako enpresa izan beharko da. Diruz lagundutako inbertsioa aurten eginikoa izan beharko du eta gutxienez, 2.000 eurokoa. Atal honetako diru-laguntzak lehiaketa bidez emango dira. Diru-laguntzaren kopurua izango da, gehienez ere, inbertsioaren %30 eta gehienez 2.500 eurokoa.

Argibideak

Zarauzko Udala, Herritarrentzako Arreta Zerbitzua (HAZ), tel. 943005100

Urola Kostako Udal Elkartea, tel. 943890808