Berriak

Atzealdea

Zarauzko Udalak eta Mankomunitateak enplegu-sorrera eta inbertsioak bultzatu dituzte Zarautzen

2016an diru-laguntzetan martxan jarritako hiru atalek euren fruituak eman dituzte, 542.511 euroko inbertsioak bultzatuz enpresetan, lanpostuak sortuz eta ekintzailetza bultzatuz

2017·05·15


Zarauzko Udalak eta Urola Kostako Udal Elkarteak ekintzailetasuna, enpleguaren sorrera eta enpresek lehiakortasuna hobetzeko inbertsioak egin izana bultzatu dute. Mankomunitateko presidente Igor Iturainek (EAJ-PNV) eta Ekonomia Garapeneko zinegotzi Jesus Aranak (EAJ-PNV) eskainitako prentsaurrekoan, 2016. urtean Zarautzen enplegua bultzatzeko 150.000 euroko diru partidaren bidez emandako diru-laguntzen balorazio “oso positiboa” egin zuten, ostegunean eskainitako prentsaurrekoan eta lankidetza hau datozen urteetan Mankomunitatea osatzen duten udalerrientzat “eredu izango dela” berretsi zuten. Hala, laguntza hauen emaitzak eta aurrerantzean Mankomunitatetik jarraituko dituzten pausuak zeintzuk izango diren azaldu zuten.

Diru-laguntza hauek ondoko hiru ataletan banatu ziren: enpresen sorrerarako, lanpostuen sorrerarako eta inbertsioak bultzatzeko.

Zentzu honetan, inbertsioen atalera 56.000 euro bideratu ziren eta Zarauzko enpresek 542.511 euroko inbertsioak egitea lortu da. “Aipagarria da laguntzek izan duten efektu biderkatzailea. Nabarmen ikusten da enpresek aurrera egin eta Zarautzen inbertsioa egiteko gogoa dutela”, azpimarratu zuen Aranak.

Bestalde, 45.100 euro zuzendu ziren enpresak sortzeko eta 42 eskaera jaso ziren. “Asko eta asko dira zerbitzuekin eta autoenpleguarekin lotutakoak. Honek errealitate bat erakusten digu: egungo egoera ekonomiko honetan, alde batetik, enpresa handiak sortzea ez dela horren erraza eta horrelako diru laguntzak autoenplegua sortzeko lagungarriak direla, eta bestetik, zerbitzu enpresek eta enpresa oso txikiek enplegua sortzeko diru-laguntza hauek lagungarriak direla”, adierazi du Aranak. Krisiak gehien zigortutako kolektiboak kontuan izanik, alde batetik, genero ikuspuntua baloratu zen, eta 42 eskatzaileetatik, 26 emakumezkoak izan ziren. Bestalde, adina ere kontuan izan zen eta 42 eskatzaileetatik, 15 ziren 45 urte baino gehiago zituztenak. “Aurrera begira badugu zer landu eta zer egin Zarautz zerbitzuen sektoreko herri bat bakarrik izan ez dadin. Industria bultzatu behar dugu barne produktu gordinari (BPI) egiten zaion ekarpena handitzeko eta industriaren ehunekoa berreskuratzeko. Horretarako, ezinbestekoa da ezagutzan eta azpiegituretan inbertitzea, Zarautz enpresentzat leku erakargarria izan dadin”, gaineratu zuen Aranak.

Enplegua sortzeko atalari dagokionez, 48.550 euroko diru partidaren bidez, Udala eta Mankomunitatea kontratazio eta autoenpleguaren desafioei aurre egiteko erabakia hartu dutenei ahalik eta gehien laguntzen saiatu dira. Hala, 51 lan postu sortu ziren. Hauetatik 20 autoenplegu altak izan ziren eta besteak, 31, kontratazioak izan ziren. “Kontratazioak egitea garrantzitsua da eta atal honetan ere genero ikuspuntua kontuan izan dugu. Modu honetan, enpresek kontratatutako 31 langileetatik, 12 emakumezkoak izan ziren. Autoenpleguari dagokionez, 20 eskatzaileetatik 13 emakumezkoak izan ziren. Adinari dagokionez, emaitzak ondokoak izan ziren: autoenpleguko 20 ekintzaileetako bostek 45 urte baino gehiago zituzten eta kontratatutako 51 pertsonetatik zortzi ziren 45 urte baino gehiago zituztenak.

Urola Kostako Udal Elkartea: milioi bat euro enplegua sustatzeko

“Diru-laguntza hauei buelta asko eman dizkiegu, herritarren diruarekin kalitatezko enplegua sortu nahi genuelako; epe motzeko kontratuak ez izatea nahi genuen. Ez zen lan erreza izan baina, Zarauzko enpresek kontratatutako 31 pertsonetatik, 29 izan ziren %100eko lanaldia lortu zutenak. Guretzat oso garrantzitsua izan da hau lortzea”, gaineratu zuen Aranak. Kontratuen iraupenari dagokionez, 31 kontratazioetatik, 14 kontratu 12 hilabetekoak edo gehiagokoak izan ziren. Aranak hau guztia lortzeko Mankomunitatearekin lankidetzan aritzea ezinbestekoa izan dela nabarmendu zuen. Mankomunitateko presidenteak Aranaren iritzi bera adierazi zuen eta, diru-laguntzen pleguak prestatzeko, eskualdeko administrazioko teknikariengan jarritako konfiantza eskertu zuen. “Urola Kostako langabezia tasa Gipuzkoako baxuenetakoa da (%9aren azpitik), eta hau enpresen eta egunero euren dendak zabaltzen dituztenen esku dagoen arren, administraziotik ezinbestekoa da sektore pribatu eta publikoaren arteko elkarlana bultzatzea”, azaldu zuen Iturainek.

Zentzu honetan, aurtengo aurrekontuetan, Mankomunitateak 282.000 euroko diru partida sartu zuen formazioa eta enplegua bultzatzeko. Egun, oinarriak sortzen ari dira eta datorren hilabeteko Zuzendaritza Batzordeak onartzea espero da. “Gure helburua 2017, 2018 eta 2019 urteetan formaziorako eta enplegurako milioi bat euro bideratzea da. Eskualdeko udalerri guztiak (Zarautz, Zumaia, Orio, Getaria eta Aia) norabide honetan ari dira lanean; kolaborazio publiko-pribatua bultzatzeko eta enplegu duina sortzeko, besteak beste. Gainera, Mankomunitatera enpresetako langileen parte-hartzea bultzatzeko eskaerak iristen zaizkigu”, jakinarazi zuen Iturainek. “Udal Elkartearen baliabideak erabiltzea beharrezko ikusten genuen, eskualdeko administrazioa baita diru-laguntza hauen bitartez bultzatutako kontratazioak berrikusten dituena sei hilabetera, kontratatutako langileak euren postuetan jarraitzen dutela egiaztatzeko eta halaber, enpresei euren plana burutzen laguntzen diena. Mankomunitatea informazio iturri paregabea da enpresa bat sortu eta enplegua bilatu nahi duen ororentzat. Horregatik, aurtengo aurrekontuetan 150.000 euro eman dizkiogu eskualdeko beste Udalekin elkarlanean aritzeko eta Mankomunitatetik enpleguaren sorrera bultzatzen jarraitzeko”, burutu zuen Aranak.