Berriak
Atzealdea

Hazilan 8. edizioa: Irailaren 18ra arte dago zabalik izen-ematea

Eskualdeko goi mailako ikasketak dituztentzako, konpetentziak landu eta enpresetan praktikak egiteko. Informazio-saioa irailaren 12an izango da.

2019·09·03


Urola Kostako Udal Elkarteak HAZILAN PROIEKTUAren zortzigarren deialdia egin du. Proiektuaren azken helburua langabeei laneratzen laguntzea edota lanean ari direnen lan aukerak hobetzea izaki, egitasmoa eskualdeko enpresa eta langabe edota lana hobetu nahi dutenei bideratuta dago. Orain arte, ibilbide emankorra izan du ekimenak Urola Kostan. Aurreko 7 edizioetan zehar, guztira, 109 pertsonek hartu dute parte eta hainbat gaitasun sozioprofesional landu ondoren, laneratzeko prozesuak egin dituzte 46 enpresetan (praktikak, prestakuntza lanpostuan...).

8. edizioa: prestakuntza zehatza eta praktikak

Bi dira 8.edizio honetako alderdirik azpimarragarrienak. Alde batetik, aurreko edizioan prestakuntza eskaintza indartzeko apustuari heldu zaio. Bestetik, 7.edizioan nola, parte hartzaileek enpresetan praktikaldia egiteko aukera izango dute.

Programak bere-berea duen prestakuntzaz gain, praktikaldiari ekin aurretik, bogan den eta lan munduan murgiltzeko ezinbestekoa bihurtu den esparru bati buruzko 24 orduko prestakuntza osagarria jasoko dute 8. edizioan parte hartzen duten eskualdeko gazteek (aurreko edizioan egin bezalaxe). Hain zuzen ere, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz, sarean norberaren marketina behar bezala egiteko gakoak ezagutuko dituzte. Amaitzeko, eskualdeko enpresaren batean 200 orduko praktikaldia egiteko aukera izango dute. 

Informazio saioa

Informazio-saio bat egingo dugu interesa duten gazte kualifikatuentzat, proiektuaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko:

  • Eguna eta ordua: irailak 12, 10:00etan
  • Non: Udal Elkartearen egoitzan (Urdaneta bidea 6, Zarautz)

Argibideak eta izen ematea: irailaren 18ra arte

Izena emateko bi modu daude: bat, Urola Kostako Udal Elkarteko egoitzara bertaratuta; bestea, izena emateko eskaera-orria posta elektronikoz bidalita (hazilan@urolakosta.eus). Eskaera egiteko orria eskura dago Udal Elkartearen webgunean

 

Programa operatiboa 2016-2020 Hazilan proiektuak 5 urteko iraupena izango du (2016an hasi eta 2020an amaituko da). Proiektu hori Garapen Elkarteak (Garapen Agentzien Euskal Elkarteak) koordinatuko du eta 20 garapen agentziak hartuko dute parte, tartean Urola Kostako Udal Elkarteak. Proiektuaren %50 Europako Gizarte Funtsak (EGIF) finantzatuko du eta beste %50 garapen agentzia bakoitzak (gure kasuan Urola Kostako Udal Elkarteak).